20 JUIN 2024 - 08:25h Fermin Muguruzak ia 20.000 sarrera saldu ditu hamar ordu baino gutxiagotan Fermin Muguruzak Donostiako Anoeta estadioan eskainiko duen kontzerturako sarreren salmenta oso indartsu hasi da, antolatzaileen arabera. Pistarako 15.000 sarreretatik 2.500 baino gutxiago daude eskuragarri, eta salmenta orokorrari dagokionez 20.000 tiket inguru saldu dira igandean. Fermin Muguruza, Anoetan. (Iratxe ETXEANDIA) NAIZ Fermin Muguruzak Donostiako Anoeta estadioan 2025eko ekainak 14an eskainiko duen kontzertuko ia 20.000 tiket saldu ditu 10 ordu baino gutxiagotan, antolakuntzaren arabera. Dagoeneko, pistarako 15.000 sarreretatik 2.500 baino gutxiago daude eskuragarri. Igandean, goizeko 9.00etan, jarri dira salgai eta, ohar baten bitartez, Muguruzak eskerrak eman nahi izan dizkie entzuleei jasotako harrera beroaren aurrean.Beraz, Anoetako sarrerak salgai jarraitzen dute www.muguruzafm.eus webgunean, eta gainerakoenak datorren asteartean, ekainak 25, jarriko dira salgai, 9.00etatik aurrera, www.muguruzafm.eus helbidean.11 urtez nazioarteko birarik egin gabe egon ondoren, bira honek 40 urte baino gehiagoko ibilbide musikal osoa errepasatuko du, eta Europa, Amerika eta Asiako hainbat hiritara iritsiko da, Kortatu eta Negu Gorriaken hastapenetatik hasi eta bakarkako lan berrienetaraino.Artista irundarrak gogorarazi duenez, «oso eskertuta egoteaz gain, kontzertu hauek guztiontzat bereziak izatea espero dut, musikaren, dantzaren eta errebindikazioaren bidez, oroimen kolektiboko ariketa baten bidez, bizitzaren ospakizun baten bidez eta faxismoari uko eginez». Miribillan hasiko den bidaia Miribillako sarrerak agortuta, 2025erako sorpresak izango zirela iragarri zuen Fermin Muguruzak. Kortatuk lehen maketa atera zuenetik 40 urte bete zirenean, mundu mailako bira iragarri zuen. Donostian ekainaren 14an joko du; NAIZeko harpidedunek dagoeneko 2.000 sarrera izan dituzte eskuragarri. Ikuslego orokorrarentzat, ordea, igande honetatik jarri dira salgai sarrerak. Gainontzeko sarrerak ekainak 25, asteartea, jarriko dira salgai goizeko 9.00etan ere, helbide berdinean. X sarean paraturiko mezu baten bidez, Fermin Muguruzak 2025 urtean mundu mailako bira bati ekingo diola jakinarazi zuen. Abenduan Bilboko Miribillan egingo dituen bi kontzertuetarako sarrerak berehala agortu ziren eta, ondorioz, sorpresa bat egongo zela iragarri zuen Muguruzak. Biraren datak Hauek dira bira honetako lehen datak: urtarrilaren 18an Tenerifeko La Lagunako EC Agueren; urtarrilaren 24an, Bartzelonako Palau Sant Jordin; otsailaren 15ean, Madrilgo Wizink Center aretoan; martxoaron 15ean, Compostelako Fontes do Sar aretoan; martxoaren 21ean, Pariseko La Cigale aretoan; martxoaren 22an, Bordeleko Salle du Grand Parc delakoan; martxoaren 28an, Okzitaniako Tolosako Le Bikini aretoan; eta martxoaren 29an, Marseillako Espace Julien aretoan. Apirilean Suitzara joko du Muguruzak, hilaren 12an Zuricheko Rote Fabriken egongo delarik. Handik Berlinera abiatuko da S036 aretoan jotzeako. Ameriketara ere iritsiko da bira hau. Maiatzaren 20an Txileko Santiagoko Cariola antzokian izango da, maiatzaren 24an Buenos Aireseko Obras estadioan, 28an Bogotako Calle 13 aretoan eta 31n Mexiko Skatex (Texcoco) aretoan. Europara ekainaren 7an itzuliko da Erromako TBC aretoan kontzertua eskaintzeko. Ondoren, ekainaren 14an, Donostiako kontzertua izango da. Ondoren, Asiara joko dute, uztailaren 23an Tokioko Radical Music Network aretoan emanaldia eskaintzeko. Biraren kartelean azaltzen denez, urriaren 4an amaiatuko da azken kontzertuarekin.