23 JUIL. 2024 - 06:00h Bianditz: Ura, lurra, sua eta haizea Udako egun erdiko txango eroso baterako proposamena: Bianditz gailur belartsua. Artikutza eta Añarbeko zaindari, Aiako Harria eta Kantauri Itsasoa guri begira izango ditugu beti. Baita uda hasieran gozo, pozik dabilen azienda aberatsa ere. Naturako lau elementu garrantzitsuenekin gozatuko dugu. Aiako Harria, Bianditz tontorrera bidean Andoni Urbistondo Bianditz Goizueta eta Lesaka arteko mugan dago berez, Nafarroan, baina ez esan halakorik Oiartzunen, Gipuzkoan, hitz itsusiren bat entzuteko arriskua baitago. Aiako Harria bezala, Bianditz ere mendi sakratua baita oiartzuarrentzat. Egia biribila da sarbide edo irits leku onena Oiartzundik gora dela, Bianditz izen bereko mendi lepotik. Gipuzkoako errepide asfaltatu garaienetakoa da Bianditz, 710 metrorekin, eta urteko egun ia guztietan oso trafiko gutxi izaten du. Errepidea Artikutzan bukatzen da, baina Artikutzara ezin da autoarekin joan, egun batean izan ezik: abuztuak 28, San Agustin egunean. Egun horretan zirkulazioa librea da, beste egun guztietan baimena behar da Artikutzaraino joateko. Bianditz leporaino, baina, ez. Dozenaka zikloturista ikusiko ditugu mendateko 12 kilometro luzeetan erraiak botatzen, baina lepoan sari handia jasotzen dute: Aiako Harria, Jaizkibel eta Gipuzkoa eta Lapurdiko kostalde dotorea. Txangoaren abiapuntua lepoa pasa eta 200 metrora dago. Auto pare bat uzteko tokia bada, errepide ertzean, eta ekialderantz abiatuko gara. Txangoa oso erraza da, erosoa. Belar gainean egiten dena, ia erabat. Eta giro ederrarekin, ekainean udako bero saparik ez baita iritsi mendietara. Belazeak berde-berde daude, udaberria hezea eta freskoa izan den seinale, eta aziendak nahi beste bazka bilatzen du larreetan. Ordu pare bateko osteratxoan naturako lau elementu garrantzitsuenak dastatzeko aukera izango dugu Bianditz kaskora bidean. Bianditz, edo Harrizko Etxola Gaña, azken hau baita ofizialki tontorraren izena. Mundu guztiak Bianditz esaten dio, dena den. Lurra, belarra zanpatuz eta sentituz ekingo diogu bideari. Lurra sustraiak botatzen ditugun elementua da, eta Bianditz alfonbra gozoa da une oro. Belar goxoa, suabea, hankapean, ibilera airean, erraz egiteko. Desnibela, gainera, samurra da, edonork gainditzeko modukoa, Bianditzek 844 metro dituelako. 150 metroko malda bakarrik gainditu beharko dugu, eguneko gailur garaienera iristeko. Iparra izan da agintari ekainean, uda meteorologikoko lehen hilabetean, baina negu eta udaberriko haizeteen arrastoak agerikoak dira begi bistan. Haizea, gure bizimoduari eragiten dion indarra, eta zuhaitz erraldoiak errotik ateratzen dituena bere sustraietatik. Masuketa, errepidetik ekialdera igoko dugun lehen gailurra pasata ikusiko dugu zuhaitz erraldoia (795 metro). Ehiza postu batzuk ikusiko ditugu ondoren, eta aurrez aurre Bianditz mendiko aurreko gaina azalduko zaigu: Harritxulagaña (831 metro). ARITXULEGI, AGINA ETA AIAKO HARRIA Gailur horretan dago Gipuzkoa eta Nafarroa arteko muga, eta hainbat txango egiteko bidegurutze egokia ere bada. Iparrera, Aiako Harria agertuko zaigu harro-harro, hegoen dagoen Erroilbide gailurreko molea, hain zuzen ere (837 metro). Eta haren magalean, Aritxulegi gaina. Gauden lepotik bertarako joan-etorria egin liteke egun berean, edo abiapuntu gisa mendate hori aukeratu. Bi auto izanez gero ere, aukera txarra ez auto bana uztea Bianditz eta Aritxulagi gainetan, biak lotzeko. Lerro zuzenean kilometro gutxi batzuk baino ez daude Bianditz inguratzen duten bi ur putzu handien artean. Bata ikaragarria: Kantauri Itsasoa, Txingudiko Badia eta Lapurdiko kostaldea, hain zuzen ere. Bestea ere handia da, baina artifiziala: Añarbeko Urtegia. Berez Nafarroako lurretan dagoena, baina Donostiako Udalak erositako lurretan kokatua. Añarbek Donostia eta Donostialdeko eskualde osoa hornitzen ditu urarekin, gure bizitzaren sorburu den naturako osagaia. Lau elementu garrantzitsuenetatik bakarra falta zaigu: sua. Gure kasuan, eguzkia. Ekainean gure bazterrak majo berotu izan ditu gure inguruko izar handienak, bero iturri garrantzitsuenak, baina aurten alfer samar aritu da, Kantauri isurialdean batez ere, laino jendea uxatu ezinik. Etorriko dira bero garaiak, pausoa zaildu eta izerditzen duten horietakoak, eta 17-20 graduko tenperatura gozoarekin ere gustura egiten dira txangoak. Bianditz gailurreko gurutzean ugari dira oroimen plakak. Egiari zor, leku ederra da joan direnak gogoratzeko: bakeosoa, lasaia, ardiak eta zaldiak han eta hemen, eta paisaia ikusgarria benetan. Aiako Harria eta Jaizkibel iparrera, Donostiatik Lapurdiko kostalderaino doan itsas hegiarekin. Ekialdera, Larhun, Atxuria eta Lesakako mendiak, Urtsuiaraino. Hegora, Auza eta Mendaur, bere ermita ezagunarekin, eta mendebaldera, Zaria, Urdaburu, Adarramendi eta Ernio tontorrak. Ardi bat ere hurbildu zaigu, beldurrik gabe, paraje haietan lasai bizi direnaren seinale. Gure arbasoak ere inguruetan lurperatuta daude, Bianditzetik gertu, Galtzarrieta lepoan eta Harritxulan Gaña gailurrean hainbat mairu-baratze baitaude. Eguzkia mendebaldetik etzaten ari den bitartean, izan zirenekin, edo orain gutxira arte gurekin egon direnekin, gogoratzea baino gauza hoberik ez, itzulerako bideari hausnartzen ekin aurretik.