GAIAK

Ezpalak taldeak ‘Nola ahaztu’, disko berriko aurrerapen kantua aurkeztu du

Bizitzako aldaketak hartu dituzte hizpide Ezpalak-eko kideek ‘Nola ahaztu’, euren estudioko laugarren diskoaren lehen aurrerapen kantuan. Juanjo Berasain, taldeko abeslaria, serieko hiltzaile rolean jarri dute bideokliperako.


Ezpalak taldeak aurtengo azarorako du aurreikusia ‘Gatza’, bere estudioko laugarren diskoaren kaleratzea, eta, bien bitartean, lanaren lehen aurrerapena aurkeztu du. ‘Nola ahaztu’ izeneko kantuan, ohiko rock doinuekin datozkigu Ezpalakeko kideak, eta, azaldu dutenez, kantua gitarra riff indartsu batean oinarritua dago. Horrez gainera, 80ko hamarkadako punk ondorengo ukitu ilunak dituzten zati melodiko ugari ditu, baina zarata handiarekin, 90eko hamarraldiko grunge taldeen erara.

Taldekideen hitzean, bizitzako aldaketak izan dituzte buruan kantua osatzearekoan: «Aldaketari buruz hitz egiten du, atzean uzten ditugun gauzez, geure buruari oztopoak jartzeaz eta hori guztia aldatzeko moduaz», zehaztu dute.

Kantua taldeko gitarra-jole Eñaut Gaztañagak ekoiztu du Zestoan duen Gaztain Estudioan, eta nahasketa eta masterizazioa ere bere eskutik egin dira.

Abestiarekin batera bideoklipa ere aurkeztu dute. Bertan, taldeko abeslaria, Juango Berasain, serieko hiltzaile rolean ikusiko dugu, eta erabaki bakoitzak bere ondorioak dakartzala berrestera dator ikus-entzunezkoa. Bideoklipa Holy Fire Design Studioko Alain Martinezek zuzendu eta editatu du, eta, taldekideen hitzetan, «ez du inor epel utziko».

Ezpalak 2019an sortu zuten eta Gaztañaga (gitarra), Berasain (ahotsa), Unai Eizagirre (baxua) eta Janardana Iglesiasek (bateriak) osatzen dute. Rock alternatiboa jorratzen dute, psikodelia eta noise ikutuekin, baina baita riff indartsu eta punkerako joerarekin ere.

Hiru disko argitaratu dituzte. ‘Ezpalak’ (2019), ‘Kolpatu topatu’ (2021) eta ‘Hortz aina hots’ (2022). Azaroan ikusiko du argia laugarrenak, ‘Gatza’ izenpean.