GAIAK

Chill Mafiak, musika eszena irauli duen kolektibo nafarrak, agur erranen du

Azken orduko albistea izan da: Sara Goxua eta Flakofonki taldekideek eman dute Chill Mafiaren agurraren berria asteazken goiz honetan, zuzenean, Gazteako ‘Dida!’ saioan. Mixtape bat eta azken bira bat eskainiko dute ‘armak entregatu’ aitzinetik. MusikHaria saioan izan da Kiliki Frexko.

Chill Mafia, zuzeneko batean. (Eduardo SANZ | EUROPA PRESS)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Chill Mafiak batera plazaratu ditu ‘Agur eta ohore X Allá Va La Despedida’ izeneko bederatzi kantuko mixtapea eta oholtzak uzteko taldearen erabakia. Azken bira batean erranen diete zaleei «beti arte». Gasteiz, Logroño, Errenteria, Iruñea, Bilbo, Bartzelona eta Madril igaroko dituzte ‘Agur eta ohore’ deitu duten biran.

Sara Goxua eta Flakofonki taldekideek eman dute albistea asteazken goiz honetan Gaztea irratiko ‘Dida!’ saioan zuzenean ari zirela, esklusiban. Atzetik, Kiliki Frexko NAIZ Irratiko MusikHaria saioan izan da agurrari buruz hainbat kontu esaten.

Mixtapea Spotify plataforman dago entzungai.

Bilduma osatzen duten bederatzi abestien artean daude ‘Merezi ote’, Gontzal Mendibilen kantuaren bertsioa; ‘Ídolo caído’, Brigada Criminalen abestiaren bertsioa; Nerve Agent taldearen kolaborazioa eta lehenago kaleratutako ‘Puta Ripagaña’ eta ‘Mus Corrido’ singleak.

Agur biraren honako leku eta datak iragarri dituzte momentuz: Gasteiz  (Jimmy Jazz, urriak 31), Logroño (La Fundición, azaroak 1), Errenteria (Lekuona, azaroak 11), Iruñea (Zentral, abenduak 25), Bilbo (Kafe Antzokia, urtarrilak 3), Madril (La Riviera, otsailak 26) eta Bartzelona (data eta tokia zehaztu gabe).

Hiru urtean erabat astindu du Euskal Herriko musika eszena. Xabier Leteren ‘Gazte arruntaren koplak’-en bertsio iraultzailearekin egin ziren ezagun, eta ibilbide laburra baina oparoa egin dute.