GAIAK

Gatibuk hirugarren kontzertu bat iragarri du BECen, abenduaren 6an

Agur esango du aurten Gatibu taldeak. Duela aste batzuk bi kontzertu iragarri zituzten Barakaldoko BECen, abenduaren 12an eta 13an. Sarrerak berehala agortu ziren eta beste emanandi bat eskainiko dute abenduaren 6an, toki berean. Sarrerak astelehenean jarriko dira salgai, 12.00etan.

Agur esateko hirugarren kontzertu bat iragarri du Gatibuk. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Hirugarren kontzertu bat iragarri du larunbat honetan Gatibu taldeak, 25 urteko ibilbidearen ondoren agur esateko emanaldien artean. BECen izango da, abenduaren 6an, dagoeneko sarrerak agortuta dituzten beste bi kontzertuak bezala, 12an eta 13an izango direnak.

Sare sozialen bidez jakinarazi dutenez, kontzertu berri honetarako sarrerak datorren astelehenean, urriaren 7an, jarriko dira salgai beraien webgunean (gatibu.eus) eguerdiko 12.00etan. Beste datetako sarrerak berehala agortu ziren.

Gogorarazi beharra dago, bi aldiz BECen ‘sold out’ egin ondoren polemika handia sortu zela Alex Sardui abeslariak eldiario.eus hedabideari eskainitako elkarrizketa batean esandakoak zirela eta. Orduan adierazi zuenez, «musikan ez da diskriminaziorik egon, edo nik ez dut hori ikusi. Egia da ez dagoela hainbeste emakume lanean, baina ez da inoiz diskriminaziorik egon».

Horren ostean, musikaren arloan ari diren Euskal Herriko 150 emakume feminista eta genero disidentek abeslariaren adierazpenak gogor kritikatuz oharra argitaratu zuten, esandakoa «oso larria» dela iritzita.

Erantzuteko, Gatibu taldeak Alex Sarduiren bideo bat argitaratu zuen, lehenik, eta oharra ondoren, taldeak: «Nik ez dut horrela pentsatzen –esan zuen– eta emakume guztiei, batez ere, euskal musikan dabiltzaten emakume guztiei barkamena eskatu nahi diet. 25 urte ibili gara emakumeak eta defendatzen eta, benetan, ez da sartzen nire logika barnean. Barkatu eta arrazoia duzue. Sentitzen dut».