GAIAK

Leire Martinez ez da gehiago La Oreja de Van Gogh taldeko abeslaria izango

La Oreja de Van Gogh talde donostiarraren abeslaria izateari utziko dio Leire Martinezek. Taldeak sare sozialetan adierazi duenez, ez da erraza izan erabakia, baina ez dute «taldea bizitzeko moduak hurbiltzea» lortu.

La Oreja de Van Gogh taldea, Leire Martinez abeslaria erdian duelarik. (MOURO PRODUCCIONES )

La Oreja de Van Gogh taldearen eta Leire Martinez abeslariaren ibilbide profesionalek modu bereizian jarraituko dute hemendik aurrera. Hala iragarri dute astelehen honetan sare sozialen bidez. 17 urte «zoragarrien» ondoren, «taldea bizitzeko modu ezberdinak» bat egin ezinda, batera ez jarraitzea erabaki dutela kontatu dute.

«Inoiz ahaztuko ez ditugun musikaz eta emozioz beteriko 17 urte zoragarriren ondoren, Leireren eta La Oreja de Van Goghen ibilbide profesionalek bide bereiziak jarraituko dituztela iragarri nahi dugu», adierazi du musika taldeak Instagrameko profilean zein X sare sozialean.



Taldeak aitortu du erabaki «gogorra eta zaila» izan dela, denbora luzez hausnartu eta elkarrizketa «sakonak» izan ondoren heldu dena. «Ez dugu lortu gure bizitzeko moduak hurbiltzea», azaldu dute.

Hala ere, bihotzean eramango duten etapa «liluragarri» bat amaitzen dela diote. «Munduko lanbiderik onenaz amestutako moduan gozatzeko aukera eman digu», adierazi du taldeak.

2007an ere ahotsik gabe

Ez da taldea bokalistarik gabe geratzen den lehen aldia; 2007an, taldea sortu zenetik, 1996tik, ordura arte ahots nagusia izan zen Amaia Monterok agur esan baitzion taldeari bakarkako ibilbideari ekiteko.

Azken hilabeteetan gero eta indar gehiago hartu dute Montero taldeara itzuli zitekeenaren inguruko zurrumurruek, batez ere, Montero Karol Gren kontzertuan agertu zenetik. Nolanahi ere, ez taldeak ez abeslariak ez dute baieztatu horrelakorik.