GAIAK
Ehunka bisitari, pasiatzen lakuaren gaineko pasabideetan.
Yang SUPING (AFP)

Caka Salt Lake, ‘Zeruko ispilua’


Antzinako Zetaren Ibilbidearen garaian ezaguna zen gatz iturri garrantzitsua zelako. Gaur, berriz, erreklamo turistiko bihurtu da bisitariei paisaia zoragarri eta ikusgarriak eskaitzen dizkielako. “Zeruko ispilua” da, Caka Salt Lake.

“Zeruko ispilua” deitzen diote eta milaka bisitari erakartzen ditu urte osoan zehar. Caka Salt Lake da, Chaka hirian (Txinako ipar-ekialdeko Wulan konderrian, Qinghai probintzian) dagoen aintzira paregabea. Ikusgarria. Liluragarria. 105 kilometro karratuko hedadurarekin eta 3.000 metrotik gorako altuerarekin, Caka bidegurutze garrantzitsua izan zen antzinako Zetaren Ibilbidean. Qaidam arroaren ekialdeko atea zen.

Aintziran ibiltzen direnak txundituta geratzen dira, zeruko ispilu gainean daudela irudikatzen dutelako. Gainera, paisaia aldatuz doa urtaroek aurrera egin ahala. Udaberrian hodeiak islatzen dira; uda garaian, berriz, esmeralda kolorez tindatzen da lakua; udazkenean zuri bihurtzen da eta neguak, aldiz, erabat iluntzen du. Irudiak, beraz, aldatu egiten dira baina, zalantzarik gabe, urte osoan zehar dira erakargarri.

Halita aberatsari esker, Cakako aintzira beti izan da ezaguna Txinako gatz berde jangarriaren ekoizpen-iturririk handiena izateagatik. Alabaina, azken urteotan Qinghaiko erakarpen turistiko handienetako bat bihurtu da, bai paisaiagatik baita bisitariei eskaintzen dien esperientzia bitxiagatik ere.

Zenbait tren daude lakuan mugitu ahal izateko. (Duan CHANGZHEN | AFP)

Sightseeing Tower eta Salt Lake Yacht

Lakuan 28 metroko altuera eta 125 metro koadroko azalera duen altzairuzko dorre bat dago. Dorrearen gailurretik, panoramika ikusgarriaz goza dezake bisitariak (90 lagunentzako tokia du). Eskailerak igo nahi ez dituenak igogailua erabili dezake.

Lakuaren zerbitzu turistikoak eskaintzen dituen aukeren artean gurpil gaineko tren bat dago, Salt Lake Avenue, Salt Lake Wetland, Old Auditorium eta Salt Sculptures Group bisitatzen dituena. Eta itsasontzi bat ere eskaintzen dute, ibilbide «industrialagoa» egiten duena Kakako aintzira gaziaren historian barrena.

Plataformak eta eskulturak

Baina, zalantzarik gabe, jende gehien biltzen duen lekuetako bat burdinbidearen ekialdean dagoen egurrezko plataforma da, 180 metroko luzer duena. Itxura berezia du. Airetik, ‘CAKA’ irakur daiteke. Trenbidearen mendebaldean, berriz, egurrezko beste plataforma bat dago, ‘Love Platform’, 1.700 metro karratuko azalera duena.

Tiemuzhen, ‘Genghis Khan’ ere paisaiaren parte bihurtu da. 5.000 tona gatzekin egindako eskultura da. Neurriak ere deigarriak dira: 50 metro luze, 31 zabalera eta 10 altuera.

Jingpo etniak ere presentzia du lakuan. Antza denez, Kakako aintziran gatza atera zuen lehen herria izan zelako.