GAIAK

Bilboko Udal Musika Bandarekin ondu du Korrontzik disko berria

Trikitixa eta bandako musika kateatzea ez da lan erraza, partituratik bertatik hasita. Erronkari heldu zion baina Korrontzi taldeak eta, Bilboko Udal Musika Bandako 60 lagunak Adunako Elkar estudioetan ongi estu sartuta, bi generoak batzen dituen disko bikoitza grabatu dute.

Agus Barandiaran, diskoaren aurkezpenean. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Korrontziren errepertorioari beste modu batera begiratzeko gonbidapena da ‘Korrontzi Band’. Disko bikoitz batean, Agus Barandiaranek gidatutako taldeak aspaldian eskuartean zuen erronka bati heltzen dio: musika banda batekin batera disko bat grabatzea.

20. urteurreneko ospakizunean bete-betean sartuta dabiltzan honetan etorri zaie abangunea eta, Bilboko Udal Musikari Banda bidelagun dutela, trikitixa eta banda musika kate berean lotzen dituen proiektua gauzatu dute.

«Guretzat erronka handia izan da –ziurtatu du Barandiaranek aurkezpenean–. Azkenean, trikitixan bi pentagrama idatzi behar ditudalako eta hori bandak behar dituen 60 pentagrametara eramatea zaila da». Zeregin horretarako Xabier Zabalaren jakintza baliatu dute, bera izan da moldaketa guztiak egin dituela eta horregatik oso eskertua agertu da Barandiaran, «paper gainean ideia polita zelako, baina gero ezinbestekoa zen musikari guztiei zer jo behar zuten esatea. Kristoren lana egin du».

Jose R. Pascual-Vilaplana Bilboko Udal Musikari Bandaren zuzendariari ere egin dio eskertza, batez ere grabaketan erakutsitako jarreragatik. Izan ere, Elkarrek Adunan duen estudioan egin zuten grabaketa: 60 musikari sartu zituzten bertan. «Estudioa primeran dago baina 60 musikari bertan sartzea, tronboi eta guzti... batek beroa zuela, besteak hotza... Vilaplanak pazientzia handia izan zuen eta trikitilari bat eta banda uztartzeko modua bilatu zuen. Bera Valentziakoa da, Valentziako gaitarekin izan du gaztetatik harremana eta musika tradizionala bizi izan du, eta ulertu du trikitixaren lengoaia hori», jarri du balioan.

Kolaborazio gehiago ere baditu diskoak, eta horien artean nabarmentzekoa Xabier Amurizarena. Ez da bertsolari bizkaitarrak Korrontzirekin lan egiten duen lehen aldia, aurretik ere ‘Koplariak’ diskoa argitaratu zuten elkarrekin. «Orain zortzi urte hasi ginen berarekin lan egiten, guretzat hainbat kopla prestatu ditu eta kontzertuetara ere etorri izan da horiek zuzenean errezitatu edo kantatzera», aipatu du Barandiaranek, eta beraientzat Amuriza disko honetan ere egotea garrantzitsua zela esan du. Bertan, ‘Urtaroak’ kantuan entzun dezakegu, Barandiaranekin batera abesten.

Diskoa zuzenean entzuteko aukeraz, «nik uste kontzertu gehiago emango ditugula bandarekin. Hor gabiltza», aurreratu du.

Pasioa bidaide

Korrontzik 20 urte daramatza oholtza gainean, eta bi hamarkada horien pisuaz ere mintzatu da Barandiaran. «Gogorra da talde bat mantentzea, batez ere inguruan dagoen azpiegitura guztia», esan du, bidaien antolakuntzak eskatzen dien denborari erreferentzia eginda, eta aurrera egin badute «pasioak» gidatuta dela ziurtatu du.

Une horretan, bere hastapenetan jasotako irakaspenak izan ditu gogoan. «Rufino Arriola izan zen nire lehen irakaslea. Berak gobernatzen zuen taberna batean hasi nintzen trikitixa ikasten eta jotzen, 13 urterekin. Ez zekien solfeorik, aurrez aurre irakasten zuen, eta bere lehen lezioa izan zen: jendea ez bada dantzan ari gaizki ari zara. Bilboko plaza berea zela esaten zuen, urtero jotzen zuelako bertan. Trikitixa ulertzeko modu berezia zuen eta beragatik jarraitzen dut hemen. Pasioa behar da. Goizeko esnatzen naizenetik gauzak prestatzen, emailak erantzuten... nabil, egun guztia ematen dut trikitixa buruan. Nire pasioa da», ziurtatu du.