28 NOV. 2024 - 06:00h Eskerrik asko, Benito Benito Lertxundik asteazkenean eman zuen bere agurraren berri hedabideen aurrean, Gernikako frontoian. (Aritz LOIOLA | FOKU) Jon Maia Soria Altabizkarko kantuaren lehen doinuak entzuten dira. Oilo azala. Benitoren ahotsa. Oihu bat aditua izan da euskaldunen mendien artetik. Kantuz betetzen naiz, begiak gainezkatzeraino, eta, une batez itxi ditudanean, Euskal Herri hori ikusi dut, entzun dut. Kantuen Euskal Herria, Benitoren Euskal Herria. Gure bizirautearen epika guztia daukat orain nire barnean, kantuaren eragin indar mugagabeak belarrietatik sartua. Mendien kopetetarik guriek errespuesta eman diote. Autoan, baina beste mundu batean noa, kantuaren munduan. Heldu dira! heldu dira! zer lantzazko sasiak. Etor daitezela, hemen gaude. Orreagan. Baina gero Urrundik heldu naiz luze ibiliz… hasten da eta bere melodia ahaztezinaren zapore eternala urtzen zait aho sabaian, zilegi bekit adixkide, esatea, pentsatzea… eta nire gogoaren barne muinean, zer den ere ez dakidan leku intimo horretan, laztan bat sentitu dut. Oilo ipurdi azala berriz. Bizitzaren pasarteak errenkadan datozkit, haurtzaroko gurasoen kuadrillako afariak… norbait Anai etxen da ezküntü hasten da… herri bazkariak, joandako lagunak, joandako garaiak. Ozazera iritsi ginen, lehenengoz, umea nintzela eta kantuaren bi zitroin doratuak bilatu genituen. Atharratze, niretzat kantu bat izan zen herri izan aurretik. Berdin Baldorba, berdin Itzaltzu…. Erribera, guretzat urruna, zapaldu aurretik maitatu genuen, ikusi aurretik jada ehunka aldiz kantatu genuelako. Orbaizetara ‘Zuberoa’ diskoko azaleko arma olaren argazki bera egitera joan ginen lagunak, eta Iratiko basoan, basoilarra noiz entzungo isilik ibili genituen izei eta pago arteko bideak.. basoilarrak kantatzen dizu… Olatzen koroen alfonbra magikoetan datoz hitzak… Gaua eta ni… oi zu ez zara ez zara… Leonard Cohenen ebokazioak… Udazken koloretan, Ai oro irrino bat, suaren bila… Herriarenak diren kantuak… Oi Ama Euskal Herri, Matalaz, Bizkaia maite, Loretxoa, Jaun Baruak, Maria Solt, Oi Lur, Zenbat gera… ez dago patu ederragorik kantu batentzat, herrikoia bihurtzea baino. Nortzuk izan zineten kantu izan baino lehen Muñagorri, Lasturko Milia, Urtsua? Oinez noa eta aurikularretatik Zuk dakizun hura hasten da, otoitz bat bezala, bere barruan biltzen naiz, ume… Ni hiltzen naizenean haurra, izan nadila ni haurra, denetan ttikiena…. Haitzetan noa Ai oro irriño bat entzuten eta gero Kantaita bat ene ezpainetan eta flotean noala ohartzen naiz, airean, nire ekialdeko itsasertzetik.«Euskal lurrak kantuak sortuko balitu, belarra sortzen den bezala, zureak lirateke», esan nion behin, bere aurrean txiki, ume, nire miresmena eta esker ona adierazteko modu inposible baten bila. Noizbait nik idatzitako ezer kantatuko zuela imajinatu ere ezingo zukeen ume hura banintz bezala oraindik. Nolako opariak bizitzak. Nola neurtu Benitoren kantuek herri honi, guri emandakoa?, pertenentzia sentimendua, hizkuntzarekiko atxikimendua, identitate eraikuntza, lurraldetasun ikuspegia… arnasa? Herria da gorputza, hizkuntza bihotza, kantua arnasa. Kontzertua hastera doa. Lehen notak abiatzen dira airean izarren hauts gisara, entzule bakoitzarengana. Zerbait gertatzera doa. Berezia, handia. Eta ebokazio baten modura, fantasia bat bezala, mendeetako behe-laino batetik agertzen dira mikrofonora, bidelagun betiko goi mailako musikariak dituela, bera eta bere gitarra. Hunkidura. Txaloak, irrika. Benito Lertxundi da. Ez da berriz errepikatuko. 82 urtetaraino kantari iritsi zaren hori, ez zara berriz oholtzaratuko. Baina zuk 60 urteotan eta herri honen zazpi mendeko gauean kantatu gaituzun bezala, guk eta gure ondorengoek kantatuko zaitugu zu. Azken arnasa eman arte, itsasoari begira. Eskerrik asko, Benito, gure Benito. Benito Lertxundi. Orioko bardoa, Euskal Herriko erraldoia.