17 DéC. 2024 - 20:15h .EUS domeinuaren 10. urteurreneko festan agurra iragarri du Iñaki Gorizelaia lehendakariak Hamar urte beteta ilusioz begiratzen diote .EUS Fundazioko kideek etorkizunari. Gure Zirkuarekin batera ospatu dute urteurrena, eta Iñaki Goirizelaia Fundazioko lehendakariari omenaldia egin diote lehendakaritza kargua utzi duelako. Iñaki Goirizelaiari omenaldia egin diote .EUSen 10.urteurrenean. (Gotzon Aranburu | FOKU) NAIZ Hamar urte bete ditu .EUS domeinuak, eta urteurrena ospatu dute astearte arratsalde honetan Gure Zirkuarekin batera, Tolosan. «Euskal komunitatearen amets kolektiboa eta ingurune digitaleko arrakasta» ospatu nahi izan dituzte batetik, eta bestetik, zortzi urtean Fundazioko lehendakari izan den Iñaki Goirizelaiari omenaldia egin diote, kargua utziko duelako. Gure Zirkuaren ikuskizun berezia egin dute, «euskal kulturaren eta ingurune digitalaren arteko elkarlana sinbolizatuz». 350 lagunek izan dute ospakizunaz gozatzeko aukera; erakundeetako ordezkariak, industria digitaleko profesionalak, euskalgintzako eragileak eta domeinuaren erabiltzaileak izan dira gonbidatuak, besteak beste. Ekitaldian zortzi urteko agintaldiaren amaiera iragarri du Goirizelaiak azken 10 urteko ibilbidea errepasatzearekin batera, eta .EUS domeinuak ingurune digitalean izan duen arrakasta azpimarratu du, etorkizunari «ilusioz» begiratzen diotela baieztatuz: «Proiektua egonkortu dela esan dezakegu. 2007an eduki genuen ametsa egia bihurtu da. Gaur egun, .EUS fidagarria da, segurua, egonkorra eta erabiltzaileen hurbil dago beti. Euskal herritarron konfiantza lortu dugu».«Gure ametsa egia bihurtzeak erakunde, enpresa eta pertsona askoren ametsei bide berria eman die Interneten», aipatu du Goirizelaiak eta 15.700 «amets kudeatzen» ari direla gaineratu. «Domeinu bakoitzaren atzean amets bat dagoelako, amets pertsonala, enpresariala, kulturala… Hau da, Interneteko plazan herri baten ametsa ahalbidetzen ari gara». Lehendakaritza utzi aurretik, omenaldia egin nahi izan diote Goirizelaiari; Sua Enparantza dantzariak txapela jantzi dio, euskal kulturaren ikur gisa, eta Iratxe Esnaolak lore sorta eman dio, bere lana eta ekarpena aitortzeko. Hamar urteDomeinuaren ibilbidea gogoratzeko ere baliatu dute ekitaldia. Hala, 2014an sortu zela ekarri dute gogora eta «euskal komunitatearen identitatea eta hizkuntza Interneten adierazten duen domeinua» dela. Une honetan, 15.700 erregistratutako domeinu baino gehiago kudeatzen dituztela azaldu dute, eta horietako bakoitzaren atzean «euskal komunitatearen nortasuna, ametsak eta proiektuak» islatzen direla. Erabiltzaileei ingurune digital fidagarri, segurua eta hurbila eskaintzea du xede .EUSek. «Herri baten amets kolektiboa egia bihurtzen jarraitzen duen proiektua da», sortzaileen esanetan.