03 JUIL. 2022 IRITZIA Maitatzearen artea amagoia mujika Maitasuna eta maitatzea bi gauza desberdin dira. Maitasuna, barruan pizten den zera hori da, urduritasuna, hitzak estropezuka, arnasa gorputzetik aparte, taupada zaratatsuak saltoka. Maitatzea, maitasun hori gorpuzteko modua dela esango nuke. Maitasuna agian ezingo da ikasi, baina nola maitatu bai, hori landu daiteke, horretan trebatu. Erich Fromm psikoanalista eta filosofoak idatzi zuenez, “Maitatzearen artea”. Maitatzen ikasi egin daiteke. Eta maitatzeko moduak ere aldatu egiten dira denboraren joanean. Pertsona berak ez du modu berean maitatzen bizitzan zehar. Kasu askotan, haurra zenean, «los que se pegan se aman» entzunez hazi zen; nerabetan jeloskortasunaren eskalan neurtzen zuen maitasuna –gero eta jeloskorrago, gero eta maiteminduago– eta helduarora iritsi behar izan du arduraz, errespetuz, askatasunez maitatzera iristeko. Bizitzan beste gauza asko bezala, ondo maitatzearen artea ikasten joaten garen zerbait izango da seguruen. Inor ez da jakinda jaiotzen. Baina ikasteari arreta jarri beharko genioke, umetatik. Seguru egon sano, ondo eta paretik parera maitatzen jakiteak une zoriontsu mordoa eman ditzakeela bizitzan. Eta bizitza hori da, une zoriontsu eta ez hain zoriontsuen segida. “Intimidad” telesailak zer pentsatu asko sortu dit. Aurretik ibilbide politiko oparoa duen emakume baten bideo sexual bat publiko egiten dute eta horren inguruan josten da istorioa, horrek emakumeari eta bere ingurukoei sortzen dien egonezinaz. Detaile esanguratsu asko topatu ditut, baina gustatu zait bere senarra nola marraztu duten. Maitatzeko eredu nagusiari jarraituta, gizon hori minduta, umiliatuta, erotuta espero behar genuen, gizonkeriatan itota. Berak ere zalantza dauka nola erreakzionatu beharko lukeen, baina une batean esaten duenez, denek espero zuten amorruz lagunekin mozkortzea, beste emakumeren batekin sexu harremanak izatea, bere hira erakustea. Hori guztia egin zuen eta ez zen hobeto sentitu, berak nahi zuen bakarra etxean eta etxekoak zaintzen egotea zelako. Elkar zaintzeko unea zela sentitzen zuen, baina jendartean nagusi den maitatzeko ereduak ez zion horretarako baimenik ematen. Fikzioan bakarrik gertatzen den zerbait zela pentsatu nuen, baina egunotan antzeko kasua gertatu da aktore espainol batekin, eta bere emaztearen erreakzioa txalotzekoa izan da: «Inork ez du pena sentitu behar nigatik. Bera delitu baten biktima izan da. Ni ez naiz senarraren jabetza eta bera ez da nirea. Kaka gizarte katoliko eta patriarkal honentzat». Ba bai, kakaputza. Mukiak ondo zintzatzen bezala ikasi beharko genuke umetatik ondo maitatzen, ohitura osasuntsuak izateko bizitzan zehar. Bizitzan beste gauza asko bezala, ondo maitatzearen artea ikasten joaten garen zerbait izango da seguruen. Inor ez da jakinda jaiotzen. Baina ikasteari arreta jarri beharko genioke, umetatik. Seguru egon sano, ondo eta paretik parera maitatzen jakiteak une zoriontsu mordoa eman ditzakeela