7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Eko-barrutia

Benetan zero kontsumoko klima-aterpeak sustatzea erronka garrantzitsua da bai oraingo, bai etorkizunerako. Nanteseko proiektu batek hiriaren garapen jasangarriaren garrantzia erakusten du, berdegune handiak bermatuz hiriko bero-uharte efektuari aurre egiteko.

Berdegune zabalek flora nahiz faunarentzat babeslekuak eta komunitatearentzat kultura eta jolas zerbitzuak eskaintzen dituzte. (Bruel-Delmar)

Aurtengo uda apur bat ezohikoa izaten ari da, eta aitortu beharra daukat gustatzen ari zaidala. Ez ditut gogoko egun bero eta eguzkitsuak, batik bat hiriak ez daudelako guztiz tenperatura altuak jasateko prestatuta. Zenbait kale eta etorbidek basamortuak dirudite, bai tenperatura altuengatik, bai eta jende faltagatik ere. Joan den egunean egunkari batean irakurri nuenarekin harri eta zur geratu nintzen; izan ere, aire girotua zeukaten merkataritza-guneak eta kiroldegiak gomendatzen zituen babesleku klimatiko gisa. Egia da egun latzetan etxetik irteteko irtenbide errazak direla, baina ez dut uste horrelako iragarkiak egin behar direnik. Nik ez ditut horiek babesleku klimatiko gisa ulertzen; klima aldaketa handitzen duten esparru girotu artifizialak kontsideratzen ditut, horien barnean tenperatura freskoa izateko beharrezkoa den errekurtso kantitatea pentsaezina baita. Gutxi du horrek jasangarritik, eta pairatzen dugun arazoa elikatzen jarraitzea da. Nekez diseina daiteke zuhaitz sendoek eskaintzen duten itzala bezalakorik, baina espazio publikoa, bai, diseinatu daiteke zuhaitzekin. Zergatik ez bultzatu benetan zero kontsumokoak diren babesleku klimatikoak?

Etorkizuneko hiriek tenperatura altuei aurre egin beharko diete, eta eremu berdeak nahitaezkoak izango dira babesgune jasangarrietan elkartzeko. Hori dela eta, aste honetako proiektuak hiriaren eta naturaren arteko muga desegiten erakutsiko digu beste behin. Hiriko aldirietan kokaturiko pabiloi batean isolatzea baino erakargarriagoa da Nanteseko zenbait auzokidek etxetik bertara goza dezaketen eremu berdeetan freskatzea. Bruel-Delmar bulegoaren Bottiere Chenaie eko-barruti proiektuaren paisaia berriari esker bermatua dago hiriaren garapen jasangarria, espazio berde zabalak gailentzen baitira hirietako bero-uharte efektuari aurre egiteko.

Auzotegiaren planteamendu proiektuak 30 hektarea ditu eta 3.000 etxebizitza proposatzen dira Cousteau plaza erdian harturik antolatuta; natura nagusi da une oro nekazaritza lursail zaharrak mantendu egin baitira begetazioak bere lekua izan zezan. Dulon eta Bottiere auzo zaharren arteko lotura osatzen duen parke berriaren proiektuak ez du nahi lekuaren antzinako nekazaritza izatasuna gal dadin, eta horregatik hain berezko diren ezaugarriak mantentzea izan da funtsa. Parkea eta esparru kolektiboak nekazaritza-lursailak zirenetan kokatzen dira. Besteak beste, Gohards erreka berreskuratu da lekuaren memoria azaleratzeko, parkeko elementu erakargarriena bihurtuz. Urak bestelako presentzia irabazi du auzoan, eta esku-hartze txikien bidez errekara gerturatzeko aukera eskaini da, auzokideak eremuarekin harremanduz. Beste zenbait kasutan bezala, zolatu gabeko eremu berde zabalek euri-urak xurgatu zein horien abiadura arindu dezakete hiri-uholdeen arriskua gutxitzen lagunduz.

Proiektuaren egileek garrantzi handia eman diote espazio kolektiboari, eta partekatzea sustatzen duten diseinuaren alde egin dute eko-barrutiko kale, etorbide nahiz plazetarako. Haurren, adinduen zein naturaren arteko hartu-emana bilatu nahi da denon artean hiri-atmosfera freskatzen laguntzeko eta bioaniztasuna bermatzeko. Auzotegi honetan ere autoentzako aparkaleku ilarak ezabatzearen alde apustu egin dute beste erabilera batzuekin ordezkatuz, eta horrela zoladurarik gabeko metro karratuak gehituz.

Eskala anitzeko berdeguneak oso baliagarriak dira hiri-komunitateen bizi-kalitaterako eta osasun publikorako, jarduera soziala eta fisikoa erakartzen baitute. Bestelako espezieentzat, berriz, bizileku dira landaredia daukaten azalera berdeak, eta inoiz baino beharrezkoagoak dira, eraldaketa sakonak jasan dituzten eremuetan biologikoki aktibo jarraitu ahal izateko. Oro har, mota guztietako bizilagunentzat beroa murrizten dute hiriko berdeguneek, itzala eta lurrunketa bidezko hozketa eskaintzen baitute; zenbait daturen arabera, parkeetako tenperatura eraikinen artean dauden kaleetakoa baino 3°C baxuagoa izatera hel daiteke. Hori dela eta, ezin dugu ahaztu hiri-diseinuan hartzen diren erabakiak funtsezkoak direla klima aldaketara egokitzeko.

Nantesen hiri-mota berria garatuz doa apurka-apurka, eredu berdeago baterantz, honakoa bezalako auzotegien birmoldaketarekin.