11 AOûT 2024 LUMA BERRIEN AZTARNAK Hirugarrenean Kristina Fernandez Juan Luis Eizmendi Asteak...ez, ez, hilabeteak daramatzate kontu honekin bueltaka! Umea esnatzera joan denean ez itsutzeko zeharkako argia piztu dio, eta “egun on” goxo esanez esnatu du kumea. Baina, hura berriro hasi zaio jo eta jo: “telefonoa behar duela eta behar duela”, “denek daukatela, gabe ez dela ezertaz enteratzen”, “gainera, dagoeneko 12 urte dituela!”.. Guzti hori ohetik jaikitzerako. Gaiari buruzko irakurketak, hitzaldiak, eta guraso arteko elkarrizketak ekarri ditu gogora berriro. - Badakizu mugikorra ez dela oparitu daitekeen jostailu bat, ardura eskatzen duela. Erosketa eta hileroko kuota gurasook ordainduko ditugu. Baina, okerren bat eginez gero, gurasoak gara legearen aurrean arduradunak. Saiatzen da elkarrizketa-eztabaida bakoitzean argudio-sorta osoa azaltzen. Galdutako gudu bakoitza gerla galtzeko pausotxo bat da-eta. Bitartean, bezperako arropak lurretik bildu eta garbigailurako saskian sartu ditu. - Gainera, enpresa handi horiek ohar bat jarri eta klik bat egiteko eskatzearekin nahikoa da; edukiek bilatzen dute hartzailea. Gela haizeberritzeko leihoa pixka bat ireki du. - Eta zer eduki? Pornoa, biolentzia, homofobia, faxismoa, erosketak, jokoa. Joan aurretik, eguneko arropak aukeratu, eta aulkiaren gainean utzi dizkio. - Eta irudien erabilpena, xantaia, bazterkeria, adikzioak. Benga, mugitu, gosaria prest duzu. Orduan erregu eta batera errieta adierazten dituen ahotsarekin hasi da: “ea ez al daukan konfiantzarik berarekin”, “ea inoiz egin duen okerrik”, “ea ez al duen egunero demostratzen zentzua baduela.” Eguneko gudua irabazita, gaztearen haserrea goxatzen hasi da, ohe bazterrean eseri eta ahots goxoz. - Ez, ez, ez da konfiantza falta. Ez haserretu. Gazte zentzuduna eta jatorra zarela erakutsi diguzu beti. Baina… Eta ohetik altxa eta gelatik atera aurretik etorri da bere bukaera: - Arriskua ekiditea da kontua. Beti munstroaren ahoan ez ibiltzea. Telefonoa behar baduzu, jarriko dizut nire Nokia zaharra. Baina “smartfonerik” ez. Dutxatik atera orduko hasi da hurrengo erasoa, oraingoan bikotekidea teman: “umeak ez dituela jada bederatzi urte”, “lehen jaunartzean oparitzea astakeria zela, onartzen duela, baina orain?”, “orain askatasun handia emango liekeela”, “eta umearen lagunartea ere zaindu behar dutela”, “dagoeneko hamabi urte dituela”. Lehenxeagoko argudioak urak eraman balitu bezala, berriro hasi behar izan du. - Baina, Tik-tok, Instagram, ligatzeko aplikazio horiek, eta kaka guzti hori, zer? Estatistikek diotenez, telefonoa eman zaien hamar umetik bederatzik kontuak dituzte sare sozial horietan. Armairura joan eta tiraderatik azpiko arropak atera eta janzten dituen bitartean jarraitu du. - Eta gero hasten dira, lagun arteko elkarbizitza arazoak, bazterkeria, eta beste. Bitartean bikotekidea ohe bazterrean eseri eta ikuskizuna jarraitzen ari da. Berak oparitutako azpiko arropa zein ongi geratzen zaion neurtzen ari dela sentitu du. - Gainera, sare sozial horietan eduki homofoboak, faxistak, espainiar nazionalismoa goraipatzen dutenak eskuratzen dituzte. Gainetik jantziko duena aukeratu bitartean bere gorputzaren ikuskizunarekin gozatzen utzi dio. Nor izango litzateke gai argumentu horiek eztabaidatzeko? - Ezin diogu bonba bat oparitu, eta gero, egunero-egunero, bere burua erregulatzeko eskatu. Janzten bukatu eta eginbeharrekin hasi da, eguneroko borrokekin aspertzen hasita. Umea eskolara bidali, eta irin arrastorik gabeko okindegi-kafetegi berri horietako batean daude mahai bueltan anaia, ama eta hirurak. Gabonetako opariez ari dira, eta berriz ere mugikorra elkarrizketa gai. Amak: “tira, tira, gaztetxo zoragarria daukazue eta! Zer ari zara esaten okertu egin daitekeela eta arriskutsua dela? Zu egun osoan eskuetan duzula zaude-eta! Zer nahi duzu egitea zuri begira dagoen gazteak?” Eta anaia ezkongabeak: “bai, amak arrazoi du! Beti gailu horien kontra hizketan ari zara. Baina, komeni zaizunean, zu zara, lasai utzi zaitzan telefonoa ematen lehena!”. Beraz, anaia, ama eta hirurak telefonoa aukeratzera joan dira. Gero jarriko dio “kontrol parental” delakoa, behar ez duena ikus ez dezan. Idazleari buruz... Juan Luis Eizmendi Arsuaga, 1970ean jaioa. Azken urteetan Bergarako Idazle Eskolan ikasten aritu, eta ari naiz buruan dabilzkidanak paperean jarri nahian, ingurukoa nire ikuskerarekin kontatzen.