7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Existitzen ez diren espazioak lantzea

Zer egin, garai batean gure herri eta hirietan egungoarekin bat ez datorren jarduera izan zuten eremu haiekin? Aparkaleku erabileratik harago, bestelako funtzioak eman dakizkieke. Adibide bat Santurtziko portua eta Soil estudio hirigintza berritzeko eta hobetzeko proiektua dira.

Aurten, Santurtzin aisiarako espazio honetan fase berri bat egikaritu du Getxoko Soil estudiok. (Naia Azkuenaga Duran)

Aspalditik bada ere, azken urteetan bizitako gertakizunek zuzen eragin dute herrietako kanpo-espazioetan. Gure inguruan badaude erabilera argirik ez duten eremu asko edota autoek beren gain hartu dituzten espazioak ere. Horiek askotan herrietako zona “beltzen” mapan sartuta egoten dira eta hirigintza mailan egindako azterketa baten ondorio gisa landu beharreko eremu gisa aurkezten dira. Azterketa horiek erabiltzaileak eta ingurua kontuan hartzen dituzte; horrela, pertsonek duten espazioaren pertzepzioaren analisiaren emaitza izaten dira, besteak beste.

Espazio horiek orokorrean, azterketa horien aurretik ere, erabiltzaileek ez dituzte espazio segurutzat hartzen. Azterketa gauzatzeko orduan, kontuan izaten diren aldaera ezberdinak daude: Espazioaren dimentsioak, honek duen sekzio eta zabalerarekin lotuak; ikuspuntuak, hauetan barrena gabiltzala norbait ikusi edo gu ikusteko aukera izateak garrantzi handia izaten du erabiltzaileak izan dezakeen segurtasunaren pertzepzioan; guneen irisgarritasuna, edozein kasutan bada ere ihes egiteko aukera egoteari eragiten dion bereizgarria…

Horrelako guneen aurrean, udalerri askotan maila ezberdinetako esku-hartzeak gauzatzen ari dira. Santurtziko portuaren adibidea dugu. Kostaldeko herri askotan, portuetako jarduera gutxiagotzeak edo desagertzeak erabilera honetara bideratutako guneen azalera txikitzea ere ekarri du. Horrelako herrietan dagoen aparkaleku faltak bultzatuta, erabilerarik gabe geratutako kanpo espazio hauek parking bihurrarazi dituzte gure herri askotan. Tamalez, horrek pertsonak kalitate handikoak izaten diren espazioetatik kanporatzen ditu. Gune horiek, izan ere, bistak izateaz gain, orokorrean irisgarriak izaten diren gune zabalak izan ohi dira.

Gaurko adibidera bueltatuz, Santurtziko kasuan, portuak antzina zuen erabilera industriala ehuneko handi bat murriztu zen duela zenbait urte. Jarduera industrial horren galerak espazio horen domestikazioa ekarri du aspaldi. Fase ezberdinetan gauzatu den birmoldatze horretan lehena Santurtzi eta Portugalete lotzen duen pasealekuaren zatiak hartzen duena izan zen, horrekin batera kirol erabilerarako portua sortu zelarik.

Gerora, portuko lonjen artean lehen birgaitze fase bat egin zen, non erabilerarik gabe zeuden lonja batzuei aisialdiari bideratutako erabilerak esleitu zitzaizkien. Argi dago hasieratik gune honen birgaitzeak argi izan zuela portua herritarrei eta hauen aisiari bideratu beharreko proiektua zela eta horrela egin dute fasez fase egindako aldaketetan.

Aurten Santurtzin aisiarako espazio honetan fase berri bat egikaritu du Getxoko SOiL estudiok. Fase berri honetan portuko atzealdeko lonjek osatzen zuten kalea eta atzeko parkinga hartzen zuen zona izan dute interbentzio eremu. Hau ez da proiektuaren eremu bakarra, eskala handiagoan inguru honi eragiten dion esku-hartzearen parte da eta.

1,3 hektareako esku-hartze gunean Santurtziko Udala eta portuaren eremuak hartzen ditu. Helburu gisa, portuko gune honetarako sarbidea hobetzeaz gain, bertako pabiloi batzuen eraisteak sortzen duen espazioa atontzea du. Horrela, herri barruan erabilera argirik gabe zeuden guneak biziberritzea lortu da.

Gune horren urbanizazioaren diseinuan kontuan hartu dute sortutako espazio berriaren moldatzeko gaitasuna. Azalerari dagokionez, espazio honen eskalak udalari eman diezazkiokeen aukerak zabaltzen dituen gune berri bat sortu dute. Era berean, oraindik ere bertan egiten den arrantzarekin lotutako jardueren baldintzekin bateragarriak diren espazioak sortu dituzte.

Emaitza gisa, bertan ematen diren aldaera ezberdinetara egokitu daitekeen espazio erakargarria sortu dute. Oinezkoen eta ibilgailuen arteko espazioen arteko muga argi uzteak, gunea zeharo eraldatzeaz gain, bertan txertatutako erabilera eta guneek espazioa berritzea lortu dute guztiz; hala, herritarrei mundu berri bat zabaltzen zaie eta orain arte ahaztuta zegoen espazioa biziberritzen da.