22 SEPT. 2024 KIROLA Olinpiar Jokoen eta Paralinpiar Jokoen gaineko bitxikeriak (Getty) UNAI JORGE FERNANDEZ -SALTO TRAINING 2024. urteko uztail eta abuztu bitartean Olinpiar Jokoak burutu dira, eta bukatu berri dira Paralinpiar Jokoak, abuztu eta irail bitartean jokatu direnak. Hori dela eta, hona hemen zenbait datu eta bitxikeria. Joko hauen jatorria Olinpian dago, Grezian, eta lehenengoz K.a. 776an ospatu ziren. Hauek lau urtetik behin ospatu ziren 12 mendetan zehar. Parte-hartzaileak hiritar greko libreak ziren, gizonezkoak. Garaileei olibondo koroa jartzen zitzaien eta euren jaioterriko heroi bilakatu. Olinpiar Jokoak prestatzeko, 12 urterekin, greziar haurrak palestran sartzen ziren muskuluak landu eta nerbioak kontrolatzen ikasteko. 16 urterekin, ariketa fisiko eta atletismoarekin hasten ziren. Horrela, 20 urterekin, prestakuntza fisikoa amaitu eta armak eskuratzen zituzten, olinpiar jokoetan parte hartzeko gai izanez. Baina, joko hauek etenaldi bat izan zuten, Teodosio I. a enperadore erromatarrak debekatu zituenean, jaialdi paganotzat hartuz. 1896. urtean Pierre Coubertingo baroiak Olinpiar Joko Modernoak sortu zituen, horrela, Nazioarteko Olinpiar Batzordea sortuz (NOB). Logo olinpikoa bost eraztunez osaturik dago, bost kontinenteak sinbolizatuz. Gainera, bertan sei kolore ageri dira, urdina, horia, beltza, berdea, gorria eta banderaren atzealde zuria; izan ere, kolore horietako baten bat munduko edozein lurralderen banderan ageri da. Joko modernoak hasi zirenetik hirutan soilik ez dira Jokoak antolatu, 1916, 1940 eta 1946an, I. eta II. mundu gerren eraginez. Lehenengo edizioa Atenasen ospatu zen eta 43 probaz osaturik egon zen, non hamalau lurraldetako gizonek parte hartu zuten. 1900. urtean lehenengoz emakumeek parte hartu zuten Olinpiadetan. Gaur egun, txapelketa bakoitzeko lehenengo hiru sailkatuen artean urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak banatzen dira. Horrez gain, zenbait arazo tarteko, 1924. urtean sortu ziren Neguko Olinpiar Jokoak. 1992. urtera arte Olinpiar Jokoen urte berean ospatzen ziren; harrezkero bi urteko tartea uzten da. 1948. urtean, II. Mundu Gerraren ondorioak pairatu zituzten pertsonen artean txapelketak antolatzen hasi ziren. Lehia horien bilakaera ikusita, 1960an Paralinpiar Jokoak sortu ziren, Olinpiar Jokoen jarraian ospatzen direnak eta herrialde berean.