10 NOV. 2024 KIROLA Kaloria kontsumoa eta entrenamendu intentsitatea (Getty) Jurgi Fernandez - Salto Training Entrenatzaile orori galdetu digute noizbait ea zein den argaltzeko «ariketa onena» edo zein den «kaloria gehien erretzen duen entrenamendua». Galdera oker baten aurrean egon arren, espero diren erantzunak ere ez dira egokiak, hala nola jarduera konkretu bat edo ariketa mota bat izendatzea. Elkarrizketa horietan ager daitezkeen adibide ezberdinak, spining, korrika egitea, HIIT entrenamenduak edota crossfit/entrenamendu funtzionalak izan daitezke, baina hauek ez dira guztiz zuzenak. Erantzun egokia izango litzateke: egunean hartzen dituzun kalorien kantitatearen gainetik erretzeko gaitasuna ematen dizun jarduera egokitua. Hau da, jarduera zehatz bat ezin daiteke edonorentzat berbera izan; sexua, adina, patologiak/lesioak, aurretiko esperientzia, denbora librea, gustuak… kontuan izan behar dira jardueraren preskripzio egokia egiteko garaian. Hau kontuan hartzen ez bada, aurretik ezarritako helburuak lortzea zaila izango da, lesionatzeko arriskua handitzen delako edo motibazio zein jarraitutasun falta gerta daitekeelako. Pertsonaren ezaugarrietara egokitutako jarduera topatzen denean, bigarren puntua intentsitate/bolumen harremana zehaztea da. Aspektu honek garrantzi berezia du, kaloriak erretzearen kantitatea eta abiadura adierazten baititu. Jarduera berberaren aurrean, kalorien gastua guztiz aldatzen da intentsitatearen arabera, eta hau bihotz maiztasunak zehaztuko du. Korrika egiten duen pertsona batek, 140-145 pultsazioetan korrika egiten ari denean bere bihotzaren gastu kalorikoa baxuagoa da, 180-185 pultsazioetara korrika doanean baino. Baina bi zona horietan mantentzeko gaitasuna ere oso ezberdina da. Demagun 30 urteko mutil korrikalari gazte batek bi entrenamendu egiten dituela: intentsitate baxuan (140p/min) ordubeteko korrikaldi bat eta intentsitate altuan (180p/min) ordu erdikoa; lehenengoan 750-800 kcal erretzen dituen bitartean, bigarrenean 560-600 kcal erreko ditu. Honenbestez, nahiz eta bigarrenean guztira kcal gutxiago erre, denbora unitateko KCAL/H gehiago erre dituela ondorioztatuko genuke. Beraz, honek adierazten du nola intentsitateak mugatzen duen kcal gastua, baina aldi berean nola intentsitate ezberdinak mantentzeko gaitasuna ez den berbera.