15 DéC. 2024 XERPA HISTORIKOAREN BISITAK UTZITAKO AZTARNA Pasang Temba, euskal mendizaleen aitona Pasang Temba xerpa nepaldarrak bi hilabete egin ditu Euskal Herrian, 1980ko euskal espedizioaren Everesteko igoera azaltzeko. Diru apur bat biltzeko asmoz etorri da, entzumen arazo larriak dituelako. Mito bilakatu zen bere garaian, ikurrina munduko gailur garaienean jarri zuelako, eta mito handi baten moduan hartu dute gure herriko hainbat txokotan. Euskal Herriko mendizaletasuneko legenda da Temba, euskal mendizaleen aitona kutuna, eta maletetan kabitzen ez zaion maitasun putzua jasota itzuli da Himalaia mendien magalera. (Aritz Loiola | FOKU) Andoni Urbistondo Egun 74 urte ditu Tembak (Ghat, Nepal), baina euskal mendizaletasuneko ikur bilakatu zenean, 30. Solukhumbu eskualdeko xerpa Euskal Herriko kiroleko, mendi munduko, arima, mito, bilakatu zen 1980. urteko maiatzaren 14an, eta gure erretinan, oroimenean, geratu betirako. Euskal Herrira egin duen hirugarren bisitan ikusi da argi hori, gurean eman dituen dozena pasa ekitaldietan maitasun olde ikaragarria jaso baitu Tembak. Minutu pare bateko txalo zaparrada luzeak, batzuetan, eta ekitaldietara bertaratu direnen besarkada eta eskertza keinu zintzoak besteetan. Everest gailurraz gain, Tembak euskal jende askoren bihotza konkistatu baitzuen urte hartako udaberrian. 55-60 urtetik gorako euskal herritarrek gozatu dute, batez ere. Jende multzo horrek 15-20 urte zituen 1980ko hamarkada hasieran, eta euskal espedizio batek Everest konkistatu izanak munduko mapan kokatu zuen Euskal Herria. Europan alpinismo tradizio askoz sakonagoa zuten herrialde askok baino lehenago eskuratu zuen lorpen hura, eta horrek sona handia eman zion Euskal Herriari, euskal mendizaletasunari. Espainian bestelakoak izan ziren erreakzioak, batez ere bertako banderarik ez zelako jarri 8.848 metroko gailurrean. Han ikurrina eta Nepalgo bandera jarri ziren, eta euskal mendizale bat ez, Pasang Temba izan zen argazkian agertzen dena, Martin Zabaleta hernaniarrak egindako argazkian. Argazki ikonikoa, euskaldun orok ezagutzen duena, eta Tembari berari halako pena sortzen diona: «Ez nintzen Martini gailurreko argazkia ateratzeko gai izan, eta damu naiz horregatik», aitortu du Euskal Herrian egindako ekitaldietan. Argazki horrek, eta Martin Zabaletak gailurrean esandakoak, zeresan handia eman zuten Espainian. «Lortu dugu, lortu dugu, gailurra, gora Euskadi askatuta!», esan zuen walkie-talkiearen bitartez Zabaletak, eta hitz horiek askoren erraiak mugitu zituzten Ebro ibaitik hegoaldera. Euskal Herrian, ordea, mendia gorroto duenak ere arazorik gabe gogoratzen dituen hitz magikoak dira, herri bateko historiaren urrezko orrietako esaldi ezaguna. Euskal Herriaren eta Espainiaren arteko dema ezkutua izan zen hura, eta Euskal Herria nagusitu zen. KOMERIAK IGOERAN, ETA JAITSIERAN Martin Zabaletak gutxitan hitz egin du komunikabideetan azken urteetan, baina argazki-kamerarekin arazoak izan zituela azaldu zuen, bere gailurreko argazkirik nolatan ez zuen egin galdetu ziotenean. Bestela ere nahiko lan bazuten bizirik irauteko, igoera, eta batez ere jaitsiera, oso gogorrak izan zirelako. Latzak pasa zituzten biek, eta Tembak, Cheppal xerparen laguntzarekin, 44 urte atzera egin du Euskal Herrian izan den honetan, ekitaldietan igoerako xehetasunak emateko: «Elur biguna zegoen, eta oso mantso egiten genuen aurrera, ia beti gerriraino hondoratuta. Oxigeno botilekin ere komeriak izan genituen, hustu egin zirelako. Jateko eta edateko ere ez genuen ia ezer, eta Martini buelta hartu behar genuela esan nion sarri, berandu gindoazelako». (Andoni Canellada | FOKU) Zabaletak, baina, sumatu zuen akaso ez zela munduko gailur garaiena igotzeko beste aukerarik izango, akaso aurreko bi ahaleginak ere ustelak izan zirelako, eta aurrera egin zuten. Arratseko hirurak eta erdietan iritsi ziren gailurrera. Berandu, oso berandu, ia 9.000 metrora egoteko, eta Nepalen gaua goiz iristen delako maiatzean: bostak pasatuta. Ordu erdi eskas egin zuten gailurrean, eta jaitsierari ekin zioten: «Infernua izan zen. Ni jota nindoan, eta bitan jausi nintzen. Ez dakit nola libratu nintzen heriotzatik. Martin oso indartsua zen eta ertzeraino eraman ninduen bueltan sokatik tiraka. Ez genuen oxigenorik, gau iluna gainean, lainoak zeruan eta ilargirik ez. Zabuka edota ipurdi gainean egin behar izan genuen aurrera, oso pixkanaka, baina une batean geratzea erabaki genuen, heriotza saihesteko». Egun, ia mende erdi geroago, orduan egin zutena ez da hain dramatikoa, edo hain deigarria, goi mendiko igoeretan dena aldatu delako: materiala, jantziak, gaitasun fisikoa… 1980an, baina, gaua 8.760 metrora, Everesteko Hego Gailurretik gertu zegoen artesi edo zulo batean pasatzea, bizirik irautea, lorpen itzela izan zen, ez sinesteko modukoa oraindik ere. 10-12 ordu egin zituzten han, zeroz azpiko 35 graduko tenperaturarekin. Nola, bada? Temba: «Ahal zen moduan. Kuluxka txikiak eginez, hanka eta besoetan etengabe elkarri masajeak ematen ez izozteko, elkarri ea ondo geunden galdetuz… Herio bat izan zen!». Goizaldeko lauretan, lehen argi-printzekin mugitzen hasi ziren. «Walkie-talkieko bateriak besapean eduki genituen gau osoan, izorratu ez zitezen, eta gure ezusterako, funtzionatzen zuten irratia piztu genuenean. Hego Lepoan zeuden kideekin hitz egin genuen, eta xerpak bidaltzeko eskatu, janari, edari eta oxigenoarekin. 8.500 bat metrora egin genuen bat. Te pixka bat eman ziguten, eta oxigenoa erabiltzen hasi. Jateko gogorik ez genuen, eta beherantz joan ginen ahalik eta azkarren». Bederatzi ordu luze eman zituzten 8.000 metroko lasaitasunera iristeko, tarte hori denbora erdian egiten delarik, normalean. Martin eta Pasang porru eginda, muga-mugan zeudela erakusten du ordu kopuruak. Egun hartako anekdota da Tembak, Hego Lepoko kanpamentua ikusi eta berehala sokatik askatu eta korrika joan zela pozez zoratzen, kideak besarkatzera. Martin Zabaleta 10 minutu geroago iritsi zen, nekeak jota. Hego Lepoan ospatu zuten gailurra aurrena, eta indarrak berreskuratuta beheko kanpamentura abiatu ziren. Hiru egunean egin zuten bidea, lasai eta tentuz, zigor fisiko handia jasota baitzeuden mendizale eta xerpa guztiak. Onik iritsi ziren denak Everest magalera, eta garrantzi handia eman dio horri Tembak bere ekitaldietan. «Gailurra lortu genuen, denak onik bueltan, istripu eta izozterik gabe. Horrek arrakastari distira handiagoa ematen dio, eta poz-pozik ospatu genuen lorpena». (Andoni Canellada | FOKU) «ERDI EUSKALDUN, ERDI NEPALDAR NAIZ» Pasang Tembak hirugarren bisita du Euskal Herrira. 1981ean izan zen lehena, 2005ean bigarrena eta aurten azkena. Aurreko bietan ere harrera beroa jaso zuen. Batez ere espedizioak osatu zituzten mendizaleen aldetik, eta Euskal Mendi Federazioaren eskutik, eta Euskadiko agintari gorenen aldetik. Bi egonaldi horietan Joxe Urbieta Takolo zenaren etxean egin zuen egonaldia, Aizarnan. Ezaguna da egonaldi horietako pasadizoa, non Pasang ama euskaraz eta nepaleraz modu berean esaten direla jabetu zen, Takoloren amari ‘ama’ hitzarekin zuzentzen zitzaizkiola konturatuta. Hirugarren etorrera Alex Txikonen bitartez gauzatu da, eta haren etxe batean egon dira Temba bera, Cheppal xerpa laguntzailea eta Tentsing biloba, Azpeitian. Himalaiako espedizioetan ezagutu zuten elkar Tembak eta Txikonek, eta lemoarra Himalaiara joaten zen aldiro topatzen ziren ia-ia. Tembak semea galdu du ez aspaldi, Hego Korean, eta entzumen arazo larriak ditu. Belarri batetik gor geratu zen, eta beste belarritik ere gutxi entzuten zuen, Txikonek arazo horiek konpontzeko gailu berezi bat ordaindu zion arte. Keinu horren ostean zabaldu zen Temba eta bere bi kideak Euskal Herrira etortzeko atea, sos batzuk biltzeko asmoz. Hamabost hitzaldi eman ditu; gehienak Euskal Herrian (azken-aurrekoa Castello hirian). Andoaingo Bastero kulturgunean eman zuen azkena, azaroaren 20an, eta aurreko gehienak bezala, aretoa leporaino bete zuen. Tembaren ekitaldiren batean egon denak gertutik ikusi du euskal herritarrek dioten maitasuna. Elkar besarkatu, ingeles apur bat jakinda ere hitz gutxi batzuk trukatu, eta, nola ez, argazki piloa eskatu dizkiote, ikurrina edo Everesteko gailurreko argazki eguna lagun, oroitzapen eder bat etxera eramateko. Tembak euskaraz dakizkien hitz apurrak ere bota izan ditu, maitasun eta begirune keinuak eskertze aldera: «eskerrik asko», «oso ondo», «agur» eta antzekoak esaten badaki 74 urteko xerpak. (Andoni Canellada | FOKU) Hainbat ekitalditan izandakoek euren jakin-mina asetzeko aukera izan dute, eta Tembak Euskal Herriari dion maitasuna aitortzeko baliatu ditu erantzun asko. «Erdi nepaldar, erdi euskaldun sentitzen naiz. Euskal Herrira etorri izan naizenetan sekulako berotasuna, goxotasuna, eman didazue, eta penarekin bueltatuko naiz Nepalera». Ezin, bestela izan, bi hamarkada igaro ostean Euskal Herrira bueltatu eta jendeak halako harrera egitea ez baita sarri ikusten. Argazki historiko baten lanak. Argazkia, eta irudiak, Tembaren ekitaldietan “Agur Everest” filmeko irudiak ikusi ahal izan baitira, Euskal Herriko jende askok ikusi gabeko irudi benetan ikusgarriak. 1974ko Tximist eta 1980ko Euskal Espedizioko irudiak batzen ditu Fernando Larruquert eta Juan Ignacio Lorentek gidatutako filmak. Zabaletak eta Tembak gailurra igo zuteneko unea grabatu omen zuten, baina errebelatzeko garaian galdu egin ziren irudi haiek, Londresko ekoizpen etxe batean. Temba Euskal Mendi Federazioak Gasteizen egin zuen ekitaldi berezian izan zen urriaren 18an, federazioaren mendeurren batzarrean, eta han batu zen Martin Zabaleta lagun minarekin. Besarkada estua eman zion Tembak aspaldi AEBetan, Montanan, bizi den euskaldunari. 44 urte atzera gertatu zen balentria hura, eta dagoeneko ez dira asko bizirik geratzen diren espedizio hartako protagonistak. (Andoni Canellada | FOKU) HIMALAIAN JAIO, BIZI ETA LAN EGIN 1980ko maiatzaren 14ko igoera hartatik harago ere hainbat gairen inguruan mintzatu dira Pasang Temba, eta Cheppal xerpa, ondoan zuen laguna. Batez ere, Nepalgo egoeraz eta han daramaten bizimoduaz. Duela lau hamarkada xerpek ez zuten egun egiten duten lana egiten. Orduan atzerritarrak ziren espedizioko ardura zeramatenak, sokak jarri eta mendia prestatzeko lanetan. Egungo espedizio komertzialetan mendizaleak dolar zakua ordaindu eta sokan gora mendian igotzera mugatzen dira, xerpek bide guztia ekipatu ondoren. Bilakaera horrek xerpak ahaldundu dituela dio Cheppalek: «Iraganean laguntzaile soilak ginen, baina egun geuk agintzen dugu mendian, gure eremua delako eta bisitan etortzen direnek baino hobeto ezagutzen ditugulako mendi haiek. Ezagutza horrek balioan jarri du gure lana eta gure gaitasuna Himalaian». Turismoa indartu egin da Nepalen, nabarmen, eta euskaldunak bertako trekkingetan gehiengo garela pentsatzen badugu, oker gaude. Hara hurbildu eta aho bete hortz geratuko ginateke Asiako hainbat herritatik trumilka hurbiltzen diren herritar talde handiak ikusita. Hego Korea, Japonia eta Txinako turista mordoa erakarri du Himalaiak azken hamarkadan, eta Himalaiako bailaretan jaio eta ezinbestean nekazari ziren nepaldar askok bizibide hobea lortu dute mendiko turismoari esker. Cheppal: «Nepal nekazaritza herrialdea da, eta duela urte batzuk Himalaia inguruan bizi zen jende askok lurrak erein eta lurrak ematen zuenetik bizi beste erremediorik ez zeukan. Mendiko turismoak lana, dirua eta aurrerapenak ekarri ditu gure herrietara, eta gure aberastasun iturri garrantzitsuena bilakatu da». Mendi gidari batek diru dezente irabazten du goi mendietako espedizio bateko kide bada, 2.000 eta 5.000 dolar artean. Goi mendietara igotzen ez den trekking batean gidariak 30-40 dolar jaso ditzake eguneko, eta porter edo zama eramaileek 15-20 bat dolar eguneko, eskupekoak aparte. Herri hartako batez besteko soldata nabarmen handitzen duten kopuruak dira. (Andoni Canellada | FOKU) Tembak berak aspaldi utzi zion goi mendietako gidari lanari, «emazteak hala eskatuta». 2009an izan zen azkenekoz goi mendietako xerpa, eta orduz geroztik Katmandun bizi da. Ostatu bat eraiki zuen, baina Nepalen nahiko ohikoak diren lurrikara eta bat-bateko ibai hazkundeek ostatu hori eraman zuten bailaran behera. Euskal Herrian 45 bat egun egin ondoren, poltsikoa diruz bete samar dutela bueltatu dira Nepalera Pasang, Cheppal eta Tentsing biloba, baina dirua baino aberatsagoa, eskuratzen zailagoa, den zerbait lortuta bueltatu dira etxera: jendearen maitasun eta berotasun mugagabea. Namaste, nepalerako eskertza hitz ezaguna ehunka aldiz esan behar izan du hirukoteak Euskal Herrian izan den artean, eta erreportaje hau hitz berarekin agurtzea onena: Namaste Pasang Temba xerpa. «Elur biguna zegoen, eta oso mantso egiten genuen aurrera, ia beti gerriraino hondoratuta. Oxigeno botilekin ere komeriak izan genituen, hustu egin zirelako. Jateko eta edateko ere ez genuen ia ezer, eta Martini buelta hartu behar genuela esan nion sarri, berandu gindoazelako» «Erdi nepaldar, erdi euskaldun sentitzen naiz. Euskal Herrira etorri izan naizenetan sekulako berotasuna, goxotasuna, eman didazue, eta penarekin bueltatuko naiz Nepalera»