20 SEPT. 2015 LUMA BERRIEN AZTARNAK Zoriontasun kimuak EHARI ULAZIA AGIRRE Ohetik jaiki eta leihoa zabaldu duenean euririk egin nahi ez zuela ikusi du, zerua estaltzen zuten laino beltzen mehatxuari muzin eginez. Bere aldarte makurra bezala, azken boladan triste dago eguraldia. Goizeko lanbroak hezetutako arropak balkoitik erretiratu eta komunera bideratu ditu oin puztuak. Txiza egiteko ere lan handiak hartu behar izaten ditu, gerri madarikatuak nekez uzten dio egoki makurtzen. Zimurrez betetako silueta antzeman du islatuta ispiluan, begi zurbil eta keinu endekatuz apaindua. «Hire bizitzak eman ditin eman beharrekoak», goizeroko kopla errepikatu dio bere buruari. Zahartzaroa eta bakardadea eskutik helduta bizi dira bere baitan, ahaztua dauka zer den zoriontsu izatea. Ordu asko dituzte orain bere egunek, eta poliki igarotzen da denbora. Osteratxo bat eman eta haize freskoa hartzera kalera ateratzeko gogorik ere ez zaio apenas gelditzen, ez du gustuko. Badira ia hirurogeita hamar urte herria eta familia atzean utzita arrotz zitzaion hirira etorri zela gizonarekin, eta oraino ez da bertakoa sentitzen. Maite dituenak bisitan noiz etorriko ematen du eguna, hori da bere ilusio bakarra. Aspaldi alargundu zen eta ohitu da egoera horrekin. Baina ilobak majo nagusitu zaizkio honezkero, ahizpak bera bezain lermatuta daude, alabak nahikoa badauka bere zereginekin… Dagoeneko ez ditu lehen bezainbeste ikusten, ez dira ohartzen atso zaharraren bizipoza eurak direla. Abandonatuta daukatela iruditzen zaio. Hain bizi dira presaka! Egungo gizarte modernoaren erritmo zoroa ez du inoiz ulertuko. Duela urte gutxi batzuk hildako semea sukaldeko leihotik ikusten du goizero eguna argitzearekin, mendi artean agertzen zaio haren aurpegia eta hark bizten ditu bere egunak. Lan horretan ziharduen tinbrearen hotsak ernarazi duenean. Harritu egin da atea zabaldu eta bilobarekin topo egitean, normalean ostiral goizetan etortzen baita berarekin paseo bat ematera. Musu eman eta ea nola dagoen galdegin dio gazteak, «tira behintzat tente gabiltza eta, gaizki ezin esan». Mahaian esertzearekin bat bota dio bilobak aspaldion itzalirik zeukan sua berpiztuko zuen suharra. Zer esan ez zekiela gelditu da, begiak malkoz bete zaizkio eta gogor besarkatu du neskatoa. Ez daki masailetatik kontrolik gabe erortzen zaizkion malkoak zorion minetik edo iraganeko tristuretatik datozkion, baina ez ditu xukatu nahi. Pozik sentitzen da hauen berotasun gozoa azalean behera irristaka duela, ume bat bezala jardun da denbora luzez negarrez. Denbora askoan bisitarik egin ez dion haurtzarora joan da bere gogoa, eta are gehiago hunkitu da; zein gozoak ziren baserri atarian eguzkipean anai-arrebekin jolasean igarotako arratsalde haiek, zein zoriontsu egiten zituen amak taloa jateko txorizoa ekartzen zuen egunetan, zein pozik hartzen zuten aita itsasoan hilabete luzez lanean aritu ostean etxeratzen zenean. Seme-alaben irudia etorri zaio orduan, bihotzez maite izan zuen gizonarekin zein familia zoragarria osatu zuten oroitu du. Nork esango zion elizarako aldapan atzetik harrapatu eta gonak altxatu zizkion lotsagabe harekin ezkonduko zela! Halere, ezbairik gabe, bere hiru bilobak dira inoiz izan duen harribitxirik preziatu eta maitatuena. Hauen musuek masailak berotzen dizkiotenean zeruan sentitzen dela pentsatu du. Andre-gizon galant bilakatu dira oraino, berak beti ume ikusiko baditu ere. Udako oporretan hondartzan kometak hegan ipintzen zituztenean begietan pizten zitzaien ilusioa edo aitonaren laguntzarekin eraikitako hareazko gazteluak txikiei eragiten zien zirrara gogoratu ditu. Bat-batean nostalgia eta alaitasun malkoen festa hartatik ernarazi du alabaren deiadarrak. Gomuta paregabe hartan murgilduta zegoela etxeratu da antza, sukaldean dago bilobaren ondoan eserita. Izeba eta iloba, biak berari so. Belaunaldi denak mahaiaren bueltan bilduta, irribarre zabala marraztu zaio aurpegian. Izugarriak direla deritzo urteen joan-etorrian eraikitzen diren harremanak. «Eta oraindik badago beste batentzat lekua», pentsatu du. Aspaldiko partez harro sentitu da bere zimurrez, ile zuriez eta gorputz abailduaz. Konplizitatez betetako begirada mutuak gurutzatu ditu bi gonbidatuekin, nahigabe eta arazoen gainetik, familia maitasun eta zoriontasun iturri amaigabea dela berretsiz. Gurasoengandik jaso zuena eman die bere seme-alabei, eta haiek ere horrela egin dute eurenekin. Hauek ere katea jarraituko dute; inoiz ez zuen pentsatuko beste titulu berri bat jasoko zuenik familian. Egur bereko ezpalak mendez mende ugaltzen. Esku dardaratia bilobaren sabelean pausatu eta zirrara berezi batek astindu dizkio barrenak. Lur azpiko sustrai bizigabea baino, kimu berrien jagole den lore sentitu da berriro. Ehari Ulazia Agirre 30 urteko eibartarra. Kazetaria eta irakaslea naiz. Irakurtzea eta idaztea ditut pasio; askatasun iturri dira niretzat. Idazle Eskolako ikasketak amaitu berri ditut.