27 MAR. 2016 LIBURUEN TXOKOA Bartleby eskribatzailea Herman Melville. Itz: Juan Garzia • Erein, 2016 • 96 orrialde MIREN ARTETXE “Moby-Dick” bada Herman Melvilleren obra ezagunena, “Bartleby eskribatzailea” kontakizun liluragarria testu adierazgarria bihurtu da letren eta irakurleen munduan. Bartleby abokatu-bulego batean hartu dute Bartleby lege-kopiagile lanetarako. Fin-fin dihardu berean; halako batean, ordea, hara non hasten den uko otzan lakonikoz erantzuten nagusiaren agindu premiatsuei. «Nahiago nuke ez egin», esaten zuen soilik. Erresistentzia pasibo azalpenik gabe horretan, muzin egingo dio eskatutako lanak egiteari, okupatua duen bulegoa uzteari eta, buruen buru, berarengandik espero zitekeen edozeri. «Idazmolde itxuraz jostagarrian idatzitako kontakizun honek Franz Kafka iragartzen du. (…) Zera adierazi nahi ote digu Melvillek: nahikoa dela gizon bat irrazionala izatea, gainerakoak ere kutsa daitezen, unibertsoa bera ere irrazional bilaka dadin oso-osorik», idatzi zuen Borgesek. Begira zenbat argi, maitea • Annie Ernaux. Itzulp: Xabier Aranburu • Igela, 2015 • 68 orrialde. 12 euro • Urtebetez elikatu du Annie Ernauxek Trois-Fontaineseko zentro komertzialeko Auchan hipermerkatura egindako bisiten egunkaria. «Beste era batera ikusten dira gauzak, idazteko behatzen badira», idatzi du idazle frantziarrak (1940). Saltoki handien mundua azalduko digu, bada, egileak. Erosketak egitearen alde «nekagarria» alde batera utzita, beste alderdi bati erreparatu dio Ernauxek: gizakien arteko hitzordu erraldoia omen dira, erabateko ikuskizuna. Sentipen pertsonalik eta oharrik gabeko zerrenda moduko horren bidez, subjektu literarioaren duintasuna iritsi du hipermerkatuak, denok, edo gehienok, joan ohi garen familia-giroko eremu horrek. Hau ez da poesia • Unai Maleski • Elkar, 2016 • 80 orrialde. 12,60 euro • Izenburuan bertan ageri den paradoxak iradokitzen digu barrukoaren nondik norakoa: ideiekin jolas egiten du egile iruindarrak (benetako izenez, Unai Abarzuza), kontraesanak bilatzen ditu, ironia erabiltzen du... Lau ataletan zehar, hainbat gai azalduz doaz: batetik, poesia zer den eta hura atzematearen zailtasuna bera; bestetik, maitasuna, modu lotsati baina enpatikoan landua. Horrez gain, gai sozialei heltzen die beldurrik gabe, hala nola gaur egun euskaldun izateak dakartzan arazoak, edo Nafarroan abertzale sentitzeak sorrarazten dituenak. Kamaradak • Joxe Iriarte “Bikila” • Txalaparta, 2016 • 255 orrialde. 18,50 euro • 1980ko ekainean, Nervaceroko langileek parlamentariak atxikitzen dituzte Bizkaiko diputazioan. 1984ko azaroan, Euskaldunako ontziolan, poliziaren oldar artean Pablo Gonzalez langilea hiltzen da. 1992ko urtarrilean, bi ertzainek Mikel Uribe junkiea hilik aurkitzen dute Joseph Conraden “Ilunpeen bihotzean” liburua altzoan. 1986ko martxoan, Guardia Zibilak Joseba Fernandez bi bala gorputzean dituela atxilotzen du. 1971ko udaberria da eta Mikelek, Arantxak eta Josebak Periko Solabarria entzuten dute... Euskal langile herriaren borroka handi eta txikien epopeia labur bat da “Bikila”-k idatzitako liburu hau. Erdi Aroko egunak • Laida Martinez • Gaumin, 2015 • 96 orrialde. 11,80 euro • Fernando Morillok zuzentzen duen Gaumin argitaletxeak bere Irakurketa Erraza atalean argitaratu du Bilbo Hiribildu bihurtu zeneko garaia kontatzen duen eleberri historiko hau. Erdi Aroko egunetan, itsasadarra duen herri txikia da Bilbo. Joanes soldadu joan da Gaztelako gudara, On Diego Lopez Harokoarekin. Atzean utzi du gustatzen ez zaion bizimodua eta Argia, Katixa eta Uria jauna bere lagunak: Argia berarekin erdi-maiteminduta dago; Katixak ondo ezagutzen ditu mutilaren akatsak; eta Uria jaunak Bilbo handitu nahi du merkataritza erabiliz... Zenbat maitasun, guda, istorio... Bilboko Erdi Aroko egunetan girotuta.