04 SEPT. 2016 LUMA BERRIEN AZTARNAK Nor dabil hor? Igandekaria, Zazpika Ur garden-gardena. Bere oinak ikusgai belaunetaraino iristen zaion urmaelean. Uda-hondarretako bero-sapak bultzatzen du laku freskoan murgiltzera. Zerua karga-karga, eztanda egiteko moduan; halere, aintzira arrauzkarari distira berezia antzeman diezaioke, are erakargarriago eginez bainua. Ur-gaineko islan, erori gabeko bi hosto. Udazkena iristeke duen haragia. Mendialdeko zuhaiztia du laguntasun bakarra, txoritxoen txorrotxio lasaigarria airean. Inguruan, mendi ertainak, lakua besarkatzen eta babesten. Esku-ahurra ur-azalera eraman du, deformatuz gorputz biluziaren irudia. Koilaratxoa bailitzan, ura sorbaldara eraman, eta isuri. Hotzikarak aldez alde hartu, eta tenkatu zaizkio giharrak, oilo-ipurdiarekin batera horiek erlaxatuz. Gorputz-adarrak freskatzen jarraitu du, zeremoniatsu, bakardadean, ezaxola; ondoren, bularraldea busti, eta hasi da apurka-apurka urmaelean sartzen. Pausoka, ur-maila gora doa, gorputzean hedatzen, giroko hezetasun itogarria aienatzen. Burua utzi du murgiltzeke, tarteka, hozkirriak astintzen duela, tenperatura-aldea medio. Atze-atzean, mendi-gailurrak ikaratu nahian-edo, lehen tximistargiak, argazki-makinen flash-ak bailiran. Hamarren bat segundora, aditu du krakatekoa: egur lehorraren soinua. Izoztu zaio odola ilunabar sargorian. Ez dator zerutik, basotik baizik. Urertzeko hariztirantz begiratu du, zalapartaria ikusiko duelakoan. Ez dago inor. Lasai-sakon hartu du arnasa, eta begiak itxi, lehengo baretasuna berreskuratzearren. Halakoan, txistu-soinu luzea entzun du, indargea, geldoa. So egin dio basoko eremu berari. Enbor-arteko iluntasunari adi. Txistu-soinua bigarrenez, malenkoniatsuagoa, ahulagoa. Pausatu ditu begiak hotsaren iturrira, bihotzak adrenalina barreiatzen duela gorputz-atal guztietara. Buru-gaineko ekaitzak tximistaz argitu du, arbola-artetik sotana eta kapela beltzdun gizakia erdizka argituz. «Nor dabil hor!?», oihukatu du. Hortzak erakutsiz erantzun dio itzalak, irribarrez. Argiarekin batera desagertu da, ondorengo trumoi-soinuak zeremoniatsuago eginez begi-aurrekoa. Urduritasunak eta izu-laborriak jota, hasi da ur-bazterrera, arineketan, begitandutako figuratik ihesi. Ahal bezain arin alde egin nahi luke; edonola ere, lepora arteko urak ez dio uzten. Gailentzear da gaua. Gero eta maizago dira trumoiak eta tximistak; lakua dantzalekua bailitzan, betetzen guztia argi-ilunez eta burrunbaz. Tarteka atzera begiratzen du, basoko itzalaren beldur. Beste behin, txistu-soinua. Gibelera begiratu du: ilunegi ezer ikusteko. Tximistargiak argitu du mendialdea. Itzalik ez zuhaiztian. Burua zuzendu, eta aurrera. Garrasi zolia atera zaio. Lehorrean utzitako arropen ondoan itzala, goitik behera sotana ilunez estalia, berari so, bizpahiru metrora esperoan. Istant batez, oinaztargiak ikusarazi dio izakiaren irribarre gaiztoa. Beso estaliak altxatu, eta berari zuzendu dizkio. Flotatzen ariko balitz bezala, hurbiltzen doa irriño beldurgarria. Aurrez aurre pausatu da. Tximistak argitu dio kapelaz estaliriko aurpegia. Arnasestuka iratzarri da. Ohe-gainak lakua dirudi. Leiho irekira jo, eta goraino igo pertsiana. Urrun-urrunetik badator ekaitza, tarteka, gaua argitzen. Ufada umel-beroak kolpatu dio kopeta izerbera: ezin burutik kendu irribarrea. Tirriki-tarraka bainugelara. Irratia piztu, dutxako leihatilak ireki, eta ur hotzari eragin. Ur-hotzak freskatu dio gorputza, ordu txikietako musika lasaiak baretu belarriak. Begiak itxi ditu, eta lakuko sosegua berreskuratu. Bizkarrean behera metatuz doaz eta irristatzen tanta hotz-epelak, errekastoak sorrarazitako hotzikara gozoak eta oilo-ipurdia. Eten da musika klasikoa: «Goizeko hirurak dira, Euskadi Irratiko informazio zerbitzuak: albisteak. Egun on, entzuleok. Ondorengo orduetan alerta laranjan gaude euri-jasa eta haize-ufada gogorrengatik. Kostaldeko portu guztiek galarazi dute itsas trafikoa, eta Jaurlaritzak errepideetan kontu handiz gidatzeko oharra luzatu. Bigarren eguna da Legazpiko jaiak bertan behera utzi dituztenetik, eta, gaur ere, elkarretaratzea deitu dute herriko plazan, herenegun, hilik, indarkeria-zantzuz, basoan aurkitutako gaztearen hilketa gaitzetsiz. Ertzaintzak bilaketa-lanetan dihardu eta lankidetzarako deia luzatu du; beraz, inork gertatutakoaren inguruan berririk balu, hots egin dezala 112 zenbakira. Gogoan izan deiak ez duela fakturan arrastorik uzten eta…» Joan da argia. Bizpahiru segundora, eraikina dantzan utzi duen burrunba; ostean: geldi, ilun. Itsu-itsuan ireki du dutxako itxitura, toalla hartu eta soinean ipini. Ez daki bihotza azkartu ala betiko gelditu zaion: korridore amaieran txistu-hots luze-ahula. Bere burua suspertzen saiatu da: ametsa zen, ametsa! Nolanahi ere, badaki, eta elikatuz doa izua. Aurrera doa, poliki, pausoka, egurrezko zoruan oinatz bustiak utziz. Aldizkako flash-ek argiztatzen dute korridorea. Berriz ere, txistua airean, gorputzeko ile guztiak tenkaraziz. Iritsi da hotsaren sorlekura: erabat itxi gabe dagoen logelako atea. Zirrikitutik, iparreko haize hozkirria. Parez pare zabaldu, txistua amaitu eta leihoratu da: gogotik ari du. «Ametsa zen, ametsa!», errepikatu dio bere buruari ozen. Bustita nabaritu du zangoa. Putzua sortu da. Leihoa itxi, eta egurraren kirrika entzun du korridorean hurbiltzen. «Nor dabil hor?», ozen. Tartea egon da esperoan: isiltasuna. Leihora begiratu du, urruneko mendi distiratsuetan pausaturik begirada. Tximistak jo du gertu, argi-ilunak sortuz nonahi. Leihoko islan itzal sotanaduna dakusa. Trumoiaren burrunbak dardaraka utzi ditu leihoa eta gaztea. Irribarrez erantzun dio. Ur freskoa nabari dezake zintzurrean. Mikel Gartziarena Donostiako ospitalean jaioa, 1992an. Bizitzako lehen urratsak Lasarten emanak eta Donostian koskortua. Ikasketei dagokienez, EHUko Irakasle Eskolan graduduna, atzerriko hizkuntzan berezitasuna; gerora, Eleaniztasuna eta Hezkuntza masterra eginikoa; orain, Idazle Eskolako bigarren urtea amaituta. Aurten, Mundaiz ikastetxean irakasle-lanetan hasiberria. Irakurtzea eta idaztea zaletasun, jakin-min handikoa, bizia eta kirolaria.