18 SEPT. 2016 LUMA BERRIEN AZTARNAK Nire egunerokoa Xebastian Meiriño 2009ko azaroaren 21a Hauxe da nire egunerokoaren lehen esaldia. Oskarren aholkuari jarraituz, hasi egin dut ditxosozko diario hau. Espero dut esfortzua balekoa izatea zeren, egia esan, ez dit batere graziarik egiten gauero hau egin beharrak. Ez dut garbi ikusten honek eragin terapeutikorik izan dezakeenik, baina tira, profesional bat da Oskar. Has gaitezen bada: lanean ez da egun txarra izan. Ez dut Iratxe topo egin bulegoan eta kafe orduan inork ez du gaia atera. Nagusia, dirudienez, lanpetuegi ibili da eta ez da nitaz akordatu [...] 2010eko urtarrilaren 9a Berriz ere euria. Mundu guztia kexaka dabil baina ni, egia esan, ezin hobeto. Urte osoa horrelakoa nahi nuke nik: lasaigarria da euria, bere erritmo irregularra [...] Arratsaldez autoa tailerretik hartu dut eta ez zait gustatzen orain daukan usaina. Ematen du norbaitek erre egin duela barruan [...] 2010eko martxoaren 27a [...] Oskarren aholkuari jarraituz, ez diot hartu Aitari deitu duenean. Uste dut orain errudun sentitzen naizela, kezkatuta, urduri. Baina egia da idazteak lasaitu egiten nauela. Oskarrek agindu bezala, idazteak nire sentimenduak ezagutzea ahalbidetzen du. Hori baino gehiago: hemen orrian idatzita ikusten ditudanean, ematen du indarra galtzen dutela. Desaktibatu egiten direla. [...] Tristura, etsipena, amorrua. Atzaparrik gabeko piztiak dirudite behin izkiriaturik. Eta iruditzen zait edozer idatz nezakeela eta horrek ez lidakeela minik egingo. Idatz dezaket «Iratxek ez nau maite». Idatz dezaket «Iratxek ez nau inoiz maite». Idatz dezaket «Iratxek [...] 2010eko apirilaren 10a [...] eta Kepak hori esan duenean, pentsatu dut egunerokoan idatzi behar nuela. Uste dut Kepak grazioso izan nahi zuela, baina Mirenek ez du horrela ulertu eta haserretu egin da apur bat [...] 2010eko maiatzaren 23a [...] ideia ona izan da egunerokoa lanera ekartzea, horrela ez zait ezer eskapatuko. Egunean zehar hartutako ohar kopurua handiegia zen jada, eta kudeaketa zailekoa biltzeko prozesua.. Gainera, ez da gauza bera. Sentsazio batzuk aldatu egiten direlakoan nago. Momentuan jite desberdina dute, eta zazpi edo zortzi orduren buruan ez ditut behar bezala adierazten [...] 2010eko abuztuaren 15a Ikaragarri ederra dago hiria orain. Edozein lekutan aparkatu ahal duzu. Kalean ibiltzean pertsona bat edo beste baino ez duzu ikusten. Herri bat balitz bezala, 300.000 bat etxebizitza dauzkan herri erraldoi bat [...] 2010eko irailaren 1a [...] Dagoeneko abisatu diot nagusiari. Urriaren lehenengo hamabost egunetan hartuko ditut oporrak. Hori bai, erabaki dut ez diodala Oskarri kasurik egingo. Bidaia agentziara deitu eta kontratatutako bidaia deuseztatuko dut. Zergatik joan behar naiz kanpora? Bidaiatzeak ez dit inoiz on berezirik egin. Ez, hemen geratuko naiz, eta horrela denbora gehiago izango dut idazteko. [...] 2010eko irailaren 23a [...] Egia esan, uste dut Oskarrek jada ezin nauela lagundu. Uste dut sendatuta nagoela, ez daukat psikologoen beharrik [...] 2010eko irailaren 27a [...] Ez nuen hori espero Oskarrengandik. Baina zer egingo diogu, agian ez dauka bezero askorik eta ez ditu dauzkanak galdu nahi. Edozelan ere, esker onez egongo naiz beti berarekin. Jarraituko dut berari buruz idazten nire egunerokoan. [...] 2010eko irailaren 30a [...] Bihar azken eguna. Ilusio handia egiten dit oporrak hartzeak aurten, aspaldiko partez. Asteburuak kenduta, ez dut inoiz izan egun oso bat lasai idazteko. Egunero nahi beste idatzi ahal izango dudala pentsatzeak biziki pozten nau. Aukera izango dut urrunago joateko, sakonago, zorrotzago. [...] 2010eko urriaren 7a [...] Ikasi dut ibiltzen ari naizela idazten! Idatzitakoak ez dauka txukuntasun handirik, baina praktikarekin hobetuko dudalakoan nago. [...] 2010eko urriaren 11 [...] Zerbitzariak aurpegi arraroa jartzen dit eskaria egin bitartean idazten dudalako: «paella, solomoa eta ardo beltza edateko, mesedez» esaten diot idatzi ahala, eta dibertigarria da oso! [...] 2010eko urriaren 14a [...] Konturatzen naiz zeinen alferrikakoa izan den nire bizitza orain arte. Zenbat urte, zenbat ordu galduta, existitzen ez zen bizitza bati heldu nahian. [...] Paperetik kanpo gertatutakoak kontu hutsalak dira, idazten diren arte ez baitira benetakoak. Paperak eta tintak ematen diote edukia existentziari. [...] 2010eko urriaren 17a [...] Telefonoa deskonektatu egin dut. Zarata jasangaitza egiten zuen. [...] 2010eko urriaren 23a [...] Zertarako atera? Zertarako ibili ausazko bideetatik? Zertarako makurtu zoriak paratzen duen drama inperfektu eta deserosoaren aurrean? Hemendik, nire egunerokoaren aitzinean, neuk aukera ditzaket nire bizitzaren baldintza guztiak. Oraina eta etorkizuna marrazteko boterea ematen dit lumak, eta zergatik ez, baita iragana ere. Benetako mundua, benetako izatea, orri hauetan zehar dago. Hemen eraikitzen da nire bizitza, nahi dudan erara, eta hitzek bakarrik eman diezaioketen edertasunaz. [...] 2010eko azaroaren 7a [...] Arnasa egiten dut. Arnasa egiten dut [...] Xebastian Meiriño Xebastian Meiriñori literaturaren ziztada irakurtzen ikasi baino askoz lehenago heldu zitzaion. Ipuinez ipuin, gaueko iluntasunean amaren hitzek sortzen zuten alegiazko munduak sorgindu zuen umea eta, 30 urte geroago, hitz bat bestearen atzetik kateatzeko beharrari emana da, alegiazko munduak sortzeko gutiziaz askatu ezinik.