7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Batasunak


Ehun eta berrogeita hamar bat urte izango dira munduko langileriari batasunerako deia egin zietela bizardun haiek. Gauzak argiago zeuden, agian, sasoi haietan, eta, teorietan espezializatuek azaldu beharrik gabe ere, igual ulertzen zen langileria, herri langilea edo lana egiten zuena zein zen, eta norberak egin beharrean bestek egindakotik bizi zena zein zen. Egia da teorian gauzak beti izaten direla konplikatuagoak praktikan baino, eta gaur egun ere jakin edonork daki zein den langilea, lana egiten duena, eta zein den bestek egindakotik bizi dena.

Esan nahi dudana da ehun eta berrogeita hamar urte badirela munduko langileei batasunera dei egin zietela baina langileriaren batasun hori ez dela gauzatu, praktikan langile direnek bakarka jarraitzen dutela gehienek, bakoitzak bere zeratxoa zaindu ezinean. Eta langile izatea bada batu behar lituzkeen arrazoia, esan liteke langileek badituztela arrazoi bakar horren aldean beste hamaika interes bananduta jarraitzeko, auskalo noiz arte, agian betiko, baldin eta batu ezin hori balitz gizakiak sortzetik beregan dakarren madarikazioa.

Baina ez da hain etsigarria gure patua; hori baino duinago eta itxaropengarriago da, dirudienez, gizakiaren sena, eta behin eta berriz frogatu du gai dela batzeko, gotorki batzeko ere bai, eta auzi larri baten aurrean elkartuta tinko eusteko, haizeteen kontra, ekaitzen kontra, gizartearen kontra, edozeren kontra. «Munduko langileria» kontzeptuan sartzen genituen horien gaitasunik ezak ez baitu zertan zapuztu batasunerako deiak gizakiarengan duen arrakasta.

Munduko poliziak, esate baterako, elkartzen dira; poliziek elkar hartzen dute edozein erregimenetan. Eta epaileek ere elkar hartzen dute, eta bankariek, eta... ematen du edozein auziren aurrean berezkoa dutela batasunerako joera, elkar babesteko. Badute elkarren arrimurako zera hori.

Ia bost urte dira dira Iñigo Cabacas hil zuela ertzainen batek, eta denbora horretan guztian elkar hartu dute euretako hori babesteko, euretako hori ez salatzeko, nahiz eta hiltzaile izan. Ez da denbora asko Bizkaiko Entzutegiak Iñigoren hilketaren auzian hitz hartu duela, mutilaren sendiaren eskaerak auzia absurdora eramango lukeela esanda atzera botaz eta heriotza eragin zuten ertzainen aingeru guardako bihurtuz.

Ez dakit, Gurutz, ulertzen ote didazun zer demontre esan nahi dudan.