7K - zazpika astekaria
Entrevue
bernardo atxaga

«Gogoan dugu gertatu zena, eta gogoa gure burua 2037ko Gernikan irudikatzeko»


Apirilaren 27an elkartu ginen Bernardo Atxaga, Aitor Etxebarria, Conny Beyreuther eta laurok EHUk Gasteizen duen Euskal Filologiako fakultatearen atarian, bertako kafetegian “Markak” liburuari, dokumentalari eta diskoari buruz berba egiteko. Zarratuta zegoen fakultatea eta kafetegi txiki batean aterpetu ginen kaleko hotzetik. Bezperan Gernikan izanak ginen, Europako faxistek elkarlanean Gernika bonbardaturik ehunka herritar erail zituzten egunetik 80. urtean. Astran izan ginen, bonbardaketatik osorik geratu zen arma fabrika izandako kulturgune eredugarrian, urteetan galdutzat emandako Sabadellen egindako sirenari so, Euskal Herriko zein Kolonbiako kazetarien galderei erantzuten. Zergatik “Markak”? Zer da Gernika zuretzat? Zein arrasto utzi du zugan?

Bernardo Atxagak 2007an argitaratu zuen Pamiela etxearen eskutik “Markak. Gernika 1937” deritzon saiakera. Gernikako bonbardaketari eta altxamendu faxistaren ostean Francoren aurka borrokatu ziren askok pairatu zuten errepresioari buruz idatzitakoak bildu zituen, batzuk, ordura arte inon argitaragabeak, isildutakoak, galarazotakoak, esan ezinak. Bestalde, diktadura sostengatu zuten idazle, historialari, pentsalari eta bestelako enparauek idatziko gezurrek, alegia, utzitako markek, zelango eragina, zenbat iraun duten, euskaldunon imajinarioan ez eze, espainolenean ere, nolako imajinarioa elikatu duten gogoetatzen du.

Liburu hark eragin zion Hannot Mintegiari izen bereko dokumentala ontzeko txinparta. Dokumentalean musikak narratzaile izan behar zuela ebatzi zuen Hannotek eta Aitor Etxebarria lagun eta herrikide gernikarrari proposatu zion narratzaile musikal hari ahotsa emateko. Aitorrek baietz erantzun zion. Bost urte lehenagotik aritua zen Astran Lobak egitasmoan lanean: «Gernikako bonbardaketa sufritu zutenen ilobak gara. 75. urteurrena dela eta kultur ekimen txiki bat jarri nahi dugu martxan. Bonbardaketaren gertakari historikoa gai hartuta sorkuntza eremu ezberdinetan lan egiten dauden gazteak –eta lan egin gura dutenak– martxan ipini nahi ditugu. Lobak, gazteon sorkuntza proiektuak sustatzeko eta elkarrekintzarako espazioa da. Denon artean aberastu ahal dugun proiektua».

Ikuspuntu hori gailentzea gura izan du une oro Aitor Etxebarriak “Markak” diskoa ontzeko prozesuan. Bernardo Atxagak ere hartu zuen parte dokumentalean, markak uzten.

«Normalena ez da gogoratzea, normalena da ahaztea./ Memoria da kontzientzia. Ez bagenu memoriarik, egongo ginateke erabat galduta».

Era askotako arrastoak biltzen ditu “Markak”-ek. Memoriaz, ahanzturaz, iraganaz, orainaz, geroaz mintzatzeko elkartu gara Gasteizko taberna txiki bezain epel batean. Mahai bakarrean estu-estu jesarri, ugazabandre kubatarrari sorterriko musika ez kendu ezpada arean jaisteko eskatu eta elkarrizketari hasiera ematekoak ginela, elurra hasi zuen.

«Gure hitzak / esan berriz esan / ez daitezela ahaztu / ez daitezela gal, / elur gainean / txori hanka/ arinak/ utzitako arrasto sail / ederra bezalaxe».

Bernardo, nondik etorri zitzaizun liburua argitaratzeko beharra?

Bernardo Atxaga: Liburuaren aurretik liburuxka bat egon zen. Liburuxka hori “Gernika” izenekoa, 1937an bonbardaketatik bi astera argitaratu zen. Galduta egon zen 70 urtez eta enkante batean azaldu zen. Madrileko Reina Sofia museoan liburu denda duenarengana iritsi zen. Pertsona hori Antonio Ramirez kolonbiarra da. Berak pentsatu zuen, Picassoren koadroa bertan egonik, ideia ona zatekeela liburuxka haren faksimilea argitaratzea. Oso kontuan hartzekoa da, Gernikako bonbardaketaren errudunak seinalatzeko lehen ahalegina baita liburu hori. Eta hortik dator geure buruari egin beharko geniokeen lehen galdera. Hemen dirua dago, unibertsitatea dago, denetarik omen dago, nola liteke gure historian horren garrantzitsua den dokumentua horrenbeste urtetan desagertuta egotea? Horrek ez du erantzunik, horrela, kolpetik. Orduan Antonio Ramirezek pentsatu zuen, «‘Gernika’ hau aterako dut, faksimilea aterako dut, jarriko naiz euskal argitaletxe batekin eta Atxagarekin harremanetan…», esan eta egin. Pamielarekin harremanetan jarri eta niri libururako hitzaurrea eskatu zidan. Hasi nintzen hitzaurre hori, laburra behar zuena, idazten eta bat-batean harrapatuta bezala geratu nintzen gaiarekin, oraindik ere harrapatuta nago, gaia inteligentziaz azaltzen oso zaila iruditzen baitzait, eta lau orrialdeko hitzaurrea izan behar zena “Markak” liburua bihurtu zen. Eta liburuaren asmoa izan zen, urteetan desagertuta egon zen “Gernika” liburu hura legez, beste dokumentu batzuk argitara ekartzea eta alde horretatik, uste dut lana ona dela. Dokumentu horietako asko, Andoni delako umearen testigantza, esaterako, ez dira desagertuta egon, baizik eta kortina baten atzean. Nik ezagutzen nuen Luis Cernudaren poesia. Cernudak badu nik ulertzen ez nuen “Elegía a un muchacho muerto” izeneko poema. Hasi nintzen Cernudaren albumak-eta jasotzen dituen liburua eta dokumentazioa aztertzen eta hara non aurkitu nuen poemaren hasierako izenburua “Elegía a un muchacho vasco muerto en Inglaterra” zela, Cernuda Stonehameko kanpamentuan egon zela haur euskaldunei laguntzen eta orduan ulertu nuen poema. Esan nahi dut hori dela “Markak” liburuan egindako lanik onena, kortina baten atzean agertu zen “Gernika” haren antzera beste hainbat kortinaren atzean aurkitutako dokumentuak argitara ekartzea, alegia.

 

Liburuaren lehen zatian badago behin eta berriz errepikatzen den ideia ardatz bat: Hemen egon ginen, egun batean bizirik egon ginen hemen.

B.A.: Ez dakit zenbat ideia ardatz ditugun gure pentsamenduan, zenbat ideiaren inguruan egikaritzen dugun gure pentsamendua. Nire ideia ardatzetako bat hori da, esaldi horrek esan nahi duen guztia markatzea, idaztea, Ipar Euskal Herriko baserritarrek esaten duten eran, markatu, idatzi. Gizarte batek bere buruari errespetua badio, pertsona batek bere buruari errespetua badio, konturatzen badira gizarte eta pertsona hori zinez garrantzizko denaz, esaldi hori, «Hemen egon ginen, egun batean bizirik egon ginen hemen», markatu egin behar du, hurrengo markatzaileek irakur dezaten. Horixe izan da nire helburua.

Aitor, beraz, Bernardo Atxagak liburua idatzi, Hannot Mintegiak dokumentala grabatu eta zuri eskatu zizun soinu-banda sortzeko. Hannotek esana du dokumentala memoria ariketa bat izan zela. Memoria bati soinu-banda sortu diozu.

Aitor Etxebarria: Ni gernikarra izaki, nire ama gernikarra izaki, nire birramona bat Gernikan eta amona Muxikan egon zirela kontuan izaki, kontatu zizkidatenak gogoan harturik, duela bost urtetik Gernikako gazteon artean memoria ariketa hori egiten gabiltzala aintzat hartuta, niretzat Bernardoren liburuan hasita Hannoten dokumentalerako soinu-banda sortzea, idatzizko sorkuntza lan artistiko batetik hasi, irudi bidezko batera pasatu eta nik musikaren bidez zirkulu hori zarratzeko erronka izatea, ohore handia izan da. Bizi osorako nire marka uzteko aukeratzat hartu dut. Gainera, egitasmoak ezaugarri erromantiko asko ditu, esaterako, “Markak” diskoaren banaketaz arduratuko dena Alemaniakoa izatea, gernikarrez osatutako lantaldearen autoprodukzioa izatea, bonbardaketatik, nahita, zutik geratu zen arma fabrika izandako eta gaur egun sorkuntza eta kulturaren bilgune erreferentzial bat den Astraren abaroan sortu izana, diskoan bertan bonbardaketa bizi izan zuen lekuko baten, tia Luisitaren, testigantza sartu izanak askorengan izan duen eraginak… neure marka utzi izanaren sentipena daukat.

Distantzia. Zenbateraino inplikatu zara, zenbat sartu zara?

A.E.: Urteak eman ditut nazioartean jotzen, etengabeko joan-etorrian. Hannotek soinu-banda sortzea proposatu zidanean, urrun samar nenbilen Gernikatik, mundu osoan zehar beste sortzaile eta jende batekin harremanetan, baina Hannoten proposamena jaso, liburuko pasarteak berriz irakurri, dokumentala behin eta berriz ikusita, dokumentazio eta ikerketa lanetan hasita, nire bestelako lanak albo batera utzi, kontzertuak eskaintzeari utzi, bestelako musikak sortzeari utzi, Gernikako belaunaldi berriengan sumatzen nituen energia berriak aintzat hartu eta buru-belarri sartu nintzen. Urrunetik bihotzeraino.

Eta zuk Bernardo? Liburu honetan urruneko markak daude eta beste asko berto-bertokoak.

B.A.: Hoberena litzateke ahalik eta distantziarik txikiena hartzea. Soziologo, historialari bati, nahitaezkoa zaio distantzia, urrutitik idatzi behar du. Oso ona, intsektuen bizitza azaltzeko edo makina baten funtzionamendua erakusteko. Baina fikzioa edo poesia, historiaren, ekonomiaren, soziologiaren eta horien emaitzaren oso gainetik dago, hain zuzen idazten duelako bizitzaren dardarretik bertatik, kontatzen du pertsona jakin bati gertatu zaiona, hitz egiten du partikulartasunetik. Orduan zuk jakiten baduzu gizon bat harrapatu zutela Andoainen, preso izan zutela, gutun bat idatzi zuela eta gero teniente erreketeak puskatu egin ziola gutuna esanez: «Hau ez da sekula iritsiko zure familiara, ez dute jakingo non zauden ere hilda». Xehetasun horrek, esanahiaren aldetik, balioaren aldetik, urrearen balioa du. Gertaera txiki horrek adierazpenaren aldetik, balio infinitua du. Eta pertsona batek hori irakurtzen badu, gauza asko ulertuko ditu. Liburu honekin, nik eragozpen handia nuen, alde askotatik, ez bainuen hurbiltasunetik, ez bainintzen Gernikan egon, ez bainuen gerra bizi izan, ez bada ostea. Horregatik saiatu naiz orduan gertatu zirenetatik hurbil egon ziren pertsonen testigantzen bidez gauzak adierazten. Liburuan agertzen diren horiei guztiei gertatutakoak, Cernudak euskal haurren alde egindakoa, Cernudaren poema bera, niretzako aberastasun handia dira, pertsona legez, euskaldun legez, lagundu egiten didate, lurrean zutik sendotasun bat ematen didate eta uste dut euskaldun guztioi eman beharko ligukeela, egunen batean, halako batean, hezkuntzaren norabidea pixka bat zuzentzen baldin badugu.

Aitor, bonbardaketa bati buruzko soinu-banda batean isiluneak lehenetsi dituzu.

A.E.: Bai, orainari egindako keinu gisa. Dokumentala memoria ariketa da, bai, baina narrazioaren %70etik gora iragan hurbilari, eta batez ere, etorkizunari dagokio. Izan ere, gure belaunaldiko gernikarron artean bada azpimarratu nahi genukeen gogoeta bat. Hau da, gogoan dugu zer gertatu zen Gernikan 1937an eta gogoa dugu geure burua 2037ko Gernikan irudikatzeko. Esango nuke diskoan, une goibelak dauden arren, gehienak argitsuak direla, guztiok hobeto biziko garen etorkizun hori amesten duen argiari dagokiona.

«Markak» liburuan, Luis Cernuda poeta sevillarra ageri da. Esango nuke liburuak goia jotzen duen uneetakoa dela eta nahi nuke Lauaxetarekin lotu dezagun.

B.A.: Horren aurretik, ez desbideratzeko asmoz, ezpada kokatzeko asmoz, memoriaz ari naiz. Agian «memoria» hitza edo baztertu egin behar dugu edo bere neurrian utzi. Memoria iragana ezagutzeko tresna da. Iragana goitik dago, baina gorago dago oraina, hori baita guk bizi duguna; beraz, gure buruan, gure gizartean presente egon behar dena da oraina interpretatzeko iragana ezagutu behar dela, eta memoria horretarako tresna bat dela, motor bat, memoria ez dela biltegi huts bat. Iragana behar dugu oraina eta etorkizuna antolatzeko. Egia historikoa jakin behar dugu, horren arabera antolatu behar dugu egungo gure gizartea.

Cernudari dagokionez, niretzat, euskaldun bezala, jakitea Espainiako poeta onenetako bat izan zena gerratik ihesi joandako haur euskaldunekin egon zela Stonehamen, haur haiei laguntzen, izugarria da.

[Pasarte honi buruz ari da: «Gernikaren bonbardaketak sekulako zirrara eragin zuen, eta Bilbok eta beste hiri batzuek zori bera izango zutela uste izan zuten askok. Giro horretan onartu zuen Ingalaterrak garaiko Euzko Jaurlaritzaren eskaria, eta 3.000 umetik gora Southamptonerantz abiatu ziren Habana itsasontzian. North Stonehameko kanpamentuan kokatu zituzten. 1938ko udaberria da. North Stonehameko kanpamentutik gertu, Luis Cernuda idazten eta zuzenketak egiten ari da landetxe batean. Habanan heldutako ume euskaldunez arduratzen diren erakundeei laguntza eskaintzen ari zaie azkenaldian, batik bat difficult boys delakoak zainduz: (…) hamalau, hamabost eta are hamasei urteko mutilak, Bilbon pasatutako azken asteetan lubakiak eraikitzen ibiliak, gerrako laguntza-zerbitzuetan parte hartutakoak, fabrika eta tailerretan aitaren tokia bete zutenak eta amak zein anai-arrebak aireko bonbardaketetan hiltzen ikusi zituztenak.

(…)Cernuda ardura osoz lotu zitzaion lanari, baina utzi beharra izan zuen umeen sufrimenduarekin gehiegi identifikatzen zelako. Haietako bat leuzemiaz hil zenean piztu zitzaion krisia. Azken uneetan, umeak ondoan egoteko eta poema bat errezitatzeko eskatu zion Cernudari. Poema bukatuta, hiltzera zihoala adierazi zion umeak: horma aldera jiratu eta , halaxe gertatu zen, hil egin zen. Trantze zinez gogor horren emaitza izan zen ‘Elegía a un muchacho vasco muerto en Inglaterra’, gerora ‘Niño muerto’ legez ezagunagoa:

«Hildako haurra». Luis Cernuda

(«Markak» liburuan jatorrizkoa. Itzulpena: g.b.a.)

Iritsiko balitzaizu belarraren azpitik/ zure gorputza bezain gazte, / heriotza baino deserriago / lagunen ahots iheskor eta argia,/ agian pentsatuko duzu herrimin ilunez,/ zure bizitza ahazteko modukoa dela.

Agian oroituko dituzu elkarrekin/ bizitako egunak,

lan eta oinaze soraioetan,/ astiro-astiro itzaltzen, malenkoniaz,/ antzinako zure baserriko sutondoko sugarren antzera,/ euria teilatuetan legez.

Akaso zure herriko landak gogoratuko dituzu, / moxalak galapan,/ eguzkiaren argia harresietan,/ alde bat itzaletan duen dorre grisa,/ gaueko estarta galduetan / eskutik oratuta bidea erakusten dizuna.

Igual gogoratuko duzu horren azkar joan zaizun gaztaroan,/ lagunekin, loretan, gerratik urrun,/ itsasoa zeharkatu zenuen eguna./ Orduan larrialdiak laprast egiten zizuen/ eta itsaso goibelak barre, ahantziz/ heriotzara ekarriko zintuela,/ deserri labur baten ondoren.

Nik zurekin emango nituzkeen / Ospitaleko ordu gogor haiek./ Zure begi bakartiak / heriotzaren irudi bortitzaren aurrean./ Ez zenuen Jainkoaren amets hori onartu./ Zure gorputza hauskorra bazen ere,/ zure arima kementsua zen.

Trago luze bakarrean edan zenuen / egokitu zizuten heriotza,/ egundo atzera begiratu barik,/ borrokan ari denaren antzera./ Axolagabetasun itzelak estaltzen zintuen/ belarrak estali zintuenerako.

Neuk egingo dut negar zure ordez./ Ez nuen nahi zure heriotza/ ostikoz bidaltzen den txakurra legez baztertu./ Eta era berean, alferrik imajinatuko dut / zure gorputza hazten, aratz eta heldugabe,/ aurrean ditudan zure lagunenak legez,/ hemen, bizi-bizi, Ingalaterrako landa hauetako/ aire zurian zehar.

Burua jiratu zenuen harresirantz/ desio duena erakusteko lotsatzen den/ haurraren keinua eginez,/ eta betiko itzal luzeak estali zintuen./ Lo sakon-sakonean zauden arren, entzudazu:/ Zurekin egon nahi dut; ez zaude bakarrik).

B.A.: Lauaxetari dagokionez, liburuan aipatzen dut, hor dago ere ahanztura, hor dago memoria eta balioa ematea edo ez ematea. Historialari batzuek kontatzen dute “Le Petit Gironde”-ko kazetari George Berniard atxilotu egin zutela Gernikan eta zeraman autoko gidaria tirokatu egin zutela. Distantziatik, ondo kontatuta dago. Baina ni hurbiltzen banaiz, gidari hori Estepan Urkiaga Lauaxeta izan zela jakin nezake. Hori orainera ekartzen ahalegindu naiz iraganeko zuloan gal ez gaitezen.

Zuk Mikel Laboa sartu duzu diskoan, Aitor.

A.E.: Bai, Hannotek egindako eskaera zehatzak dira, berak iradoki zidan “Oroitzen zaitudanean ama” ( Joseba Sarrionandia) eta “Liluraren kontra” (Bertolt Brecht) kanten bertsioak egitea dokumentalean kontatu nahi zuenarekin guztiz bat zetozelako. Dokumentalean racord gisa erabili zituen Hannotek.

B.A.: Oker ez banago, Mikel Laboa Aulestin-edo omen zegoen Gernika bonbardatu zutenean eta inoiz esan zigun entzun zituela bonba hotsak.

Bion kasuan, zergatik «Markak» eta ez arrastoa, eragina, ondorioa…

B.A.: Niretzat «marka» hitzak borondatea adierazten du. Arrastoa nahigabe uzten da. Marka, ostera, norberak egitea erabakitzen du, borondate bat dago, askotan bortxaz, indarrez egindakoa, euskaldunek Estatu Batuetako basoetan bezala. Norbaitek irakur dezan, ikus dezan, nahita egindakoarekin lotzen dudalako aukeratu nuen «Markak».

A.E.: Nire bestelako lanetan, izenburua eta kolorea pentsatzen ditut lehenik eta gero izen eta kolore horiek iradokitzen didatenaren arabera sortzen ditut kantak. Asko laguntzen dit. Oraingoan ostera, izenburua aurretik jarria nuelarik, kolorea egokitu diot, marroixka, esango nuke.

Sortzailea tragediaren aurrean. Gernikak euskaldunok horrenbeste markatu eta markatzen bagaitu ere, ez dugu sormen lan sobera. Zergatik?

B.A.: Ez dago, hemen 40 urteko hutsune ikaragarria izan dugulako, gaur egun imajinatu ere ezin duguna, bai barrura bai kanpora begira. 1920an Euskal Herria ezagunagoa zen munduan 1960an baino. Ezabatu egin gintuzten. Iraganaren zama handia suposatzen du horrek eta hori jasotzeko gauza asko behar dira; behar da dirua, zinema, koadroak… eta burua lepo gainean eduki. Hezkuntzan, esaterako, nabarmena da huts egiten ari garela. Hemen erabiltzen diren Historia liburuak denak dira kanpoan idatzitakoak, denak dira itzulitakoak.

Eta zeure burua orain hori, zeure aletik, eman dezakezunetik, zelanbait orekatzen ikusten duzu?

B.A.: Neure burua ikusten dut alde askotatik tiraka ari zaizkion aspaldiko ilustrazioetako hura bezala; soka bat beso batetik tiraka, beste bat bestetik, hanketatik beste bi soka ezberdin eta hor zaude zu beti erdian. Neure burua sortzaile gisa ez eze, gregario bezala ere ikusten dut, euskal kulturaren aldeko jardunean; alegia, hitzaldiak antolatzen, aldizkariak sortzen eta eskoletan hitz egiten, besteak beste. Gutako batzuk izan gara batetik sortzaile eta bestetik kultur taldearen gregario. Eta ene ustez, hala behar du izan. Inori ez diot nik ukatuko bestelako hauturik, baina nik nahiago dut horrelako idazle mota Euskal Herrian.

A.E.: Nik ez dut ikusten neure burua, demagun, Gernikari buruzko sekulako gogoeta intelektuala egiten edo itzelezko ekarpen artistikoa egin dudala esaten. Oraingoz gurago dut lokatzetan ibili, Gernikako nire antzeko sortzaileekin elkarlanean, proiektu txikietan, detaileetan. Egunen batean horretarako beharra eta gaitasuna aitortzen badizkiot neure buruari egingo dut, akaso musikaren bitartez, akaso beste adierazpide batean. Baina oraingoz ez dut horren beharrik sentitu.

B.A.: Gure kasuan, nahitaezkoa da gogoetatzea non kokatzen duzun zure ofizioa.

A.E.: Ez nuen inor kritikatu nahi, inondik ere. Gaztea naiz, berde sentitzen naiz oraingoz horrelakorik egiteko. Besteren batek egiten badu, primeran. Ni bilaketa eta ikasketa prozesuan nago.