03 SEPT. 2017 IRITZIA Hanka-hutsik amagoia mujika Beti hanka-hutsik ibiltzen zen etxean. Zahartzen ikusi zuen lurra azalaren kontra sentitzea maite zuen. Etxean egotearen sentipena areagotu egiten zitzaion horrela. Hanka-hutsik libre sentitzen zen. Hazten ikusi zuen mutiko gazte hura desorduetan atera zuten beltzez jantzitako poliziek etxetik. Leihotik ikusi zuen nola eraman zuten, eskuak bizkarrean lotuta. Inpresio latza egin zion eta loa eragotzi denbora tarte batean. «Pentsa, hanka-hutsik eraman dute. Zer kostatzen zitzaien zapata batzuk janzten uztea?». Oso barruan geratu zait hausnarketa hori. Beti hanka-hutsik ibiltzen zenak ulertzen baitzuen norbait desorduetan eta bere gogoaren kontra etxetik hanka-hutsik ateraraztea ez dela gizalegezkoa. Hilabeteak daramatzat errepide bazter batean zapata bat ikusten. Zapata bakarra, errepide bazter batean, inon. Takoidun zapata beltza. Hunkitu egiten nau zapata horren atzean dagoen istorioa imajinatzeak. Nor ote dabil hor zehar errepide bazter batean zapata galduta? Zapata abandonatuek tristura ematen didate, norbait bere gogoaren kontra hanka-hutsik dabilela kontatzen didatelako. Azkenaldian bereziki akordatzen ari naiz beren etxetik desorduetan eta hanka-hutsik atera behar izaten duten haurrekin. Ama batek seme-alabak hartu eta alde egin du, ez dituelako aitaren eskuetan utzi nahi. Udako albistegietan askotan aipatu dute. Haur askoren istorioa kontatzen du albisteak. Gauetan ohera sartu eta lo hartzen ez duten haurrena, alboko logelako ahotsak buila bihurtzen direlako askotan. Lo daudela esnarazi eta hanka-hutsik etxetik ateratzen dituzten haurrena. Amaren ahoak lasai egoteko esaten die eta amaren gorputzak dar-dar egiten du. Beste batzuk zapatilak jantzita sartzen dira badaezpada ohera, berriro ere gauaren ilunean alde egin behar badute berriz hanka-hutsik ez joan behar izateko. Noizbait oinetan espaloiaren hotza sentitu duen haurra nolako heldua izango da? Noizbait babesik gabe sentitu den haurrak non topatuko du aterpea handitzen denean? Akaso beldurtia izango da, oihuekin kikiltzen eta ezkutatzen dena. Akaso oilar hutsa izango da, paparra tente eta mokoa beti erasorako prest. Beste gauza asko ere izan daiteke, segur aski imajinatzen dituen gauza guztiak, baldin eta jendarteak lanean serio segitzen badu; inoiz eta inongo ataritatik ez dadin gehiago beldurtutako ama bat korrika ihesi joan, gorputza dardarka eta hanka-hutsik dauden haurrak besoetan hartuta. Hilabeteak daramatzat errepide bazter batean zapata bat ikusten. Zapata bakarra, errepide bazter batean, inon. Takoidun zapata beltza. Zapata abandonatuek tristura ematen didate, norbait bere gogoaren kontra hanka-hutsik dabilela kontatzen didatelako.