22 OCT. 2017 IRITZIA Penak, sailka Alaia Martin "Gizarte” ematen hasi ginen behin ikastolan. Gogoratzen dut ez nuela oso ongi ulertzen zergatik deitzen genion “Gizarte” arlo hari, baina gai hartan hasi ginen jendartea sailkatzeko eta kronologikoki kokatzeko lehen irizpideak geureganatzen. Denetik zuen langai arlo hark, probintziak, nazioak, lan mundua… baina denetik izanik, ez denetik ere bazeukan. Han ikasi genuen sailkapenekin ulertzen zela mundua. Haurren ikasteko joera naturalari bide egiten utzi ordez, idatzita zegoen noiz eta nola ikasi behar genituen mundua irakurtzeko jarraibideak. Idatzita zegoen zer ikasi, noiz ikasi eta zenbat ikasi sailkapen bakoitzetik. Ezin konplexuagoa den mundu baten sinplifikazio arauak ikasi genituen, eta gero, sinpletik, hainbatetan saiatuko ginen orduan ume ginenok, munduari konplexutasuna kentzen, barneratu ahal izateko, ertzak kamusten eta zalantzak ziurtasunez zapaltzen, ekintzak, pertsonak eta kulturak winzipeatuz. Txikian ulertzen ohitzen garenean zaila da handia ulertu nahi izatea bera ere. Gizarten ikasi genuen behinola, botere banaketa existitzen zela. Gogoratzen dut L, J, B nola idatzi nuen apunte zirriborratuen ertzean, laburpen bitartez ikasten baikenuen munduaren ikuspegi laburtua. Errazago memorizatzen da laburra dena, eta gainera, dakizunarekin errimatzen baldin badu, are errazago. Motz eta zuzen, berdin dio zuzen izan, edo ez. Botere legegilea, judiziala eta betearazlea zeudela ikasi genuen beraz, eta ustez ulertu ere bai. Baina oraindik memoria buztinezko genuen gaztaro hartan iritsi ziren egunkarien destindatzeak, sarekadak, eta buztina hain buztin ez dugun garaiotan ere pasatzen zaizkigu gure sailkapenen gainetik, azpitik, ezkerretik, eta batez ere eskubitik, Altsasuak, gaixo larriak eta gurutzaontziak. Colin Clarkek eta Jean Fourastiek egindako sailkapenak itsatsi genituen geure baitako post-itetan. Hiru sektoreak. Lehengaiena zen lehen sektorea, ekoizleak, bigarren sektorekoak ziren, eta hirugarren sektorekoa, ustez jendarte aurreratuenen ondorio diren lanbide taldeena zen: turismoa, komunikazioa… zerbitzuak, funtsean. Horiek ere L, E, Z lez idatzi nituen orriren baten ertzean. Axota ongi zapalduta, sendo, argi. Orain, agian, axota gutxiago zapalduko nuke, edo 4. sektorea gehitu, aurreko hirurak maneiatzen dituztenena, aipatzen ez diren aipagarrienena. Edo jarriko nuke 0. sektorea, biribil-biribil. Lanik ez dutenena, espetxean daudenena eta lanik ez balute bezala lan egiten dutenena, adibidez. Edo hirugarren sektorea hutsgarren sektore nola bilakatzen duten idatziko nuke orri izkinan, Bizkaiko zahar etxeetako langileen kaligrafiaz. Ezin konplexuagoa den mundu baten sinplifikazio arauak ikasi genituen, eta gero, sinpletik, hainbatetan saiatuko ginen orduan ume ginenok, munduari konplexutasuna kentzen, barneratu ahal izateko.