12 NOV. 2017 IRITZIA Pertsonaiak GALDER PEREZ Ohikoa da «pertsonaia» terminoa mespretxuz erabiltzen entzutea, norbait gaitzesteko asmotan-edo: «A zer pertsonaia klase sartu den tabernan» edota «Urlia pertsonaia totala eginda dago» eta «Sandiak beti maite izan du halako pertsonaiekin parranda bukatzea». Egunero bizitzea tokatzen zaigun ustezko errealitate honetan, fikziozko bihurtzen dira hezur eta haragizko pertsonak. Zer eta artaldetik bereizten direlako, jendartearen homogeneotasun aliengarritik at bizi nahi dutelako, inori kalte egin gabe, euren dimentsioan pozik. Baina iritzi publikoak errealitatatetik fikziora bidaltzen ditu halako pertsona apartak, errealitatea paradisua balitz bezala, eta iritzi publikoa, jainkosa. Fikziorako sortutako pertsonaiak bestelakoak dira. Sekula hilko ez diren pertsonaiak, hain zuzen ere, inoiz gure erreferentzia izan ziren heroi eta galtzaileak: umetako Pippi Langstrump, Arale, Dotakon edo “Verano Azul”-eko Pancho. Gero zinean ezagutu eta erreferentzia bilakatuko ziren, mutilak denak, aizu: ETren lagun min Elliot eta “Never Ending Story”-ko Atreyu, kasurako. Literaturak bereak oparituko zizkigun nerabezaroan: Hamlet eta Lady Machbet, Holden Caulfield eta Susan Hintonek sortutakoak edota telebistako Angela Channing eta Arraldeko Maria Luisa. Pertsonaiak fikziozkoak dira, ezerezetik sortuak, irudimen edo sormena deitzen den urruneko iluntasun batetik-edo. Hala ere, askotan, fikzioa ezin errealagoa da. Pertsonaiak pertsonok mundua nola eraikitzen eta deuseztatzen dugun kontatzeko arma bizidunak dira. Gezurraren etengabeko bolada luze honetan, egiarik handiena eman diezagukete fikziozko pertsonaiek, hortaz. Sare ahulak nola ehuntzen ditugun kontatzen dute fikziozko izakiek. Ehundutako sarean nola korapilatu eta galtzen garen islatzeko dohaina dute norbaiten eskuetatik sortutako pertsonaiek. Egon, ordea, badaude errealitatea eta fikzioa bereizten ez duten pertsonak. Une oro kamera edo fokupean bizi direla pentsatzen duten izaki itsu, gor eta berekoiak, Gremlinak bezala ugaltzen doazenak. Gaur egungo ustezko printze eta printzesa hauek, alproja hitzontziak, arreta guztia eurenganatzea dute xede bakar. Gezurrean, asmakerian eta handikerian hazitako pertsonaiak auto-bilakatu dira, ingurukoen errealitatea amesgaiztoko nobela bihurtu arte. Izaki harroputz hauek guztiak eramateko dimentsio paraleloa sortzea ezinbestekoa litzateke. Baina, tamalez, geurea den errealitate hau konpartitzen dugu. Beste dimentsio hori balego, bertako terapia saioek ilara luzeak izango lituzkete, ziurrenik. Terapiak, non, eta telebistako plato batean egingo ziren, fokupean, hantxe urrun haientzat sortu nahi dugun dimentsioan. E, edota klik bakar batez betiko isildu eta itzaliko bagenitu, hori bai pagotxa. Klik. Inbaditzen gaituzten halako pertsonaia ilunek fikzio berria sortzen dute, errealitatetik kanpokoa. Hortaz, fake moduko izaki hauek ez ditzagun errealitatearekin nahastu. Gure dimentsioa hemen eta gaurko hau da, ez da fikziozkoa edo haiek asmatutakoa. Berezko duten hitzontzikeriarekin beren burua hantustez erret pertsonaia bilakatu nahi duten horiek, doazela alde ilunera, beste dimentsio horretara. Klik. Geurea eta erreala den dimentsio hau bada nahikoa iluna kanpoko inork gehiago belzteko. Klik. Eta klik. Inbaditzen gaituzten halako pertsonaia ilunek fikzio berria sortzen dute, errealitatetik kanpokoa. Hortaz, «fake» moduko izaki horiek ez ditzagun errealitatearekin nahastu. Gure dimentsioa hemen eta gaurko hau da; ez da fikziozkoa edo haiek asmatutakoa.