7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Zero gunea


Zabalduko dira ateak eta hasiko da jendea berokien barruko poltsikoetatik, billete artetik edo mugikorraren estalkitik tolesturiko paperak ateratzen, petodunei irribarre egiten, tolesturengatik barkamena eskatuz bezala. Galduko dira sarrerak, geratuko dira etxeetan ahaztuta eta tindatu gabeko sarrerak ere geratuko dira, laino erraldoian.

Beteko dira aulkiak erditik ertzetarantz, egongo dira sei aulki gordetzeko adinako luzera duten bufandak daramatzaten zaleak, garaiz lekua hartu eta eseritakoan baranda begien parean dutela jabetuko diren despistatuak, elikadura piramide osoa asetzeko moduko bizkar-zorroak, «egun handia izango da-hemen nago eta poz ematen dit-begira zertarako gai garen -mundua aldatzeko gai gara- bihartik aurrera iraultza» esaten duten begiradak dauzkaten baikorrak, eta eguna haurtzaindegian pasako duten eta handitan «2017koa izan zen nire lehen finala» esango duten ume masail-gorridunak. Haserretuko da entzuleren bat. Maiteminduko da besteren bat. Korapilatuko zaio arnasa baten bati, bere buruari esan gabeak entzuten dituenean.

Asmo oneko eta egitasmo hobeko jende mordoa ibiliko da aulkiak ilaran zuzen-zuzen jartzen, esertzeko laguntza behar duenari laguntzeko altxatzen, aurrez jarritako gaiak natural belarriratuko diren esperantzaz adi-adi, ñabardura txikienak ere ihes egin ez diezaien kaskoak daramatzatenak, hurrengo egunetan gertatu zena betikotzeko hitzak ehizatzen ibiliko dira entzule ordenagailudunak, eta egongo da bertsolariei babes emateko egun osoko lana izango duenik; kafe, kleenex, intxaur, mandarina eta igurtzi emaile finak.

Eta egongo da bertsolariren bat agian, esnatu eta negar batean hasiko dena, datorkion eguna irudikatzearen pozak gaindituta, besteren batek agian Eskolarteko txapelketako liburuxka batetik begiratuko dio izan zen haurrari, besteren bati agian burura etorriko zaio bertsolaritza uztear egon zen igande hura, bertsolariren bati joan zitzaion norbait etorriko zaio burura, baten batek jende arteko korridorean aurreko asteko plaza bateko bertsozale bat begi-kliskaz agurtuko du, eta besteren bat akaso asko pentsatu gabe iritsiko da oholtza ertzeko eskaileretara, datorrenera igotzeko pauso ziurrez.

Han eta orduan, une batez dena eta denak elkartuko dira. Bizimodu guztiak, kontraesan guztiak, plazera, tentazioa, amorrua eta hotzikarak, eta denak isilduko dira, entzuteko moduan. 0 gunea eta 0 kilometroa elkartzen diren une horretan hasiko da hitza urtzen. Urtuko da zortzi korrontetan eta igoko eta jaitsiko zaigu marea. Eta astelehena ilberri izango da.