7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Gosea


Gose zaharren bat badaramagu gizakiok geuregan, gose ikaragarriren bat, esan ezin adinakoa, madarikazioa dirudien munstro deboratzailea nolabait. Eta gose atzeratu hori, ase ezinean garraiatzen duguna, asetzeko desioaren garaia izan behar du urtearen azkenak. Ikusi besterik ez dago Gabonak baino lehenago hasita, zahar eta gazte, gizonezko eta emakume, poltsa handiak garraio, goiz-goizetik iluntze berandura arte, norbaitek inposatutako eginbehar derrigorrezkoa eta gogoz kontrakoa balitz bezala. Ez behintzat norbere gustuz egiten dena.

Saltoki handi eta txikietan jendetza erosketak egiten, artikuluz betetako gurditxoekin ilara luzeak ordainketarako txanda itxaroten, kexuka, «ea behingoz igarotzen diren jaiak», «ez zaizkit batere gustatzen Gabonak», eta hemendik botilatxo bi, hortik pasta batzuk, «emadazu hortik kilo erdi», «horrek itxura ederra dauka», eta baserritar jantziak eta zera guztiak ere erosi behar aurrena santomasetan luzitzeko eta gero Gabon eskean ibiltzeko, makila eta guzti, euskaraz kantatu eta erdaraz hitz eginez…

Mundu zabalean edozein bazterretan gose izurriteak eragiten dituen sarraskiez ohartarazten gaituzte etenik gabe telebistatik. Hunkitzen gaituzte agonian dauden haurren eta haurrei ahora emateko ezer ez duten ama gajoen irudiekin eta haiei laguntzea eskatzen digute, kontzientzia zirikatzen digute, errudun sentiarazteraino. Segidan pantaila berean auto berria eros dezagun iragarkia, gizakia ez delako ogiz bakarrik asetzen, «hilean 120 euro besterik ez», eta zuk daukazunaren aldean ona den telefono berriaren abantailak, zozoa zara erosten ez baduzu, eta hau eta hori eta bestea, eta opariak, eta ergel samarra zara leihoan edo balkoian argi kolorezko ikusgarriak ipintzen ez badituzu, eta zuhaitza eta Jesusen jaiotza edo dena delakoa…

Eta horrela pasa da aurtengoa, baina horren guztiaren eta gehiagoren gosez izango gara urtebete barru, eta gehiago nahiko dugu denok, eta samaldan joango gara dena erostera, dena arpilatzera, garraiatzera, gosearen eta mugarik gabe ase beharraren gerran bagina bezala, dena deboratu beharraren izurriteak jota, gure gosearekin asetzen direnen bozkariotan.

Eta zuen gosea, goseetan agian larriena, apur bat asetzea lortuko ote dugu aurten, Jagoba?