21 JAN. 2018 IRITZIA Bizi kalitatea JOKIN URAIN Urte hasiberriari gogotsu ekin dio Donostiako alkate Eneko Goiak, asmotan behintzat. «Europako bizi kalitate onena duten hirien artean egoteko aukera emango duten hainbat proiektu» darabiltza gogotan, eta horien artean dauka Martuteneko kartzela lekuz aldatzea. Ez dakit zergatik lotzen dituen bizi kalitate onenetakoen arteko hiri izatea eta kartzela lekuz aldatzea; lekuz aldatuz gero presoek bizi kalitate hobea izango dutela esan nahi luke beharbada, ala kartzela beste leku batean egonez gero itzalpean ez dauden hiritarrek bizi kalitate hobea izango luketela pentsatzen du? Lehenago ere zenbait proiektutan aipatu izana dute Martuteneko kartzela, eta ematen du era batera edo bestera espetxe hori dagoen lekuan ez egotea dela kontua, badaudelako orain dagoen tokian beste gauza batzuk egiteko asmoak eta kartzelak itsusi egiten duelako hor. Kartzelak presoak dauzkalako izan liteke, eta hori guztia ez delako norbere etxeko leihoaren pare-parean inork eduki nahi duen eraikuntza eta fauna, bizi kalitate oneneko hirian behintzat. Erraustegiaren proiektuarekin antzeko matraka gertatzen da, eta horregatik pentsatu eta erabaki dute, beharbada, hobe dela biak, erraustegia eta kartzela, batera eta elkarren ondoan bizi kalitate oneko hiritik ezkutu samar Zubietan egitea. Edozein modutara ere, funtsezkoa eta eztabaidaezina izan behar du kartzela behar dela, berria edo zaharra baina presoak kartzelarik gabe ez uztea, hain justu ere. Boteprontoan datozen burutazio furtiboenak aitortu gabe, esango nuke lekuz aldatzea baino denentzat hobea litzatekeela espetxeari beste funtzioren bat ematea, dauzkagun agintari eta ordezkari politiko asko bertan sartuz aurrena, horrek gainontzekoon bizi kalitatea erruz hobetuko lukeen konbentzimendu sanoa baitaukat aspaldi luzean. Agintaldian dirauten bitartean itzalpean edukitzeak ez dakit zenbat zailduko ote liekeen gehiegikeria eta negozio zikin edo ez hain garbi ugari egitea, baina haien berriketa zuri omnipresentea eta larderia hainbeste jasan beharrik ez genuke izango, eta esadazu horrek ez lukeela nabarmen hobetuko unibertso handi eta txikietako ameslari xinpleon bizi kalitatea. Eta ez da inori espetxea opa diodalako, Iñigo, ez delako, ez, inori opa ahal zaion tokia, ez Martutenen eta ez Zubietan, dagoeneko ondo jakingo duzun moduan. Boteprontoan datozen burutazio furtiboenak aitortu gabe, esango nuke lekuz aldatzea baino denentzat hobea litzatekeela espetxeari beste funtzioren bat ematea, dauzkagun agintari eta ordezkari politiko asko bertan sartuz aurrena, horrek gainontzekoon bizi kalitatea erruz hobetuko lukeen konbentzimendu sanoa baitaukat aspaldi luzean.