18 FéV. 2018 IRITZIA Azkura JOKIN URAIN Denbora izan arren nahikoa, espetxean denok ez ginen jo eta su ikasketak egitera dedikatu. Ikasi egin genuen, batzuek gehiago eta beste batzuek gutxiago. Baina ikasketak, ikasketak esaten den hori egin, ez denok. Aitortu behar dugu hori ere. Egia da ingurugiro apropos bat, gutxieneko bat, bederen, beharrezkoa dela horretarako, gutxieneko baldintza batzuk. Eta hori ez da beti izaten espetxean, edo neurri murritzean ematen da, zeure baitaren inguruko mikroklima moduan sortzen duzunean. Leku garratza baita kartzela, baldintzarik onenetan ere. Esan nahi dudana da espetxean, horma eta barroteek ez ezik, egurats faunistikoak ere ez dizula beti bakea ematen zeure gauzetan aritzeko. Eta alfer samarrak edo alfer konbentzituak garenok ez dugu aitzakia handirik behar izan eta izaten denbora beste modu batean entretenitzen saiatzeko. Denborak ere bai baitaki temoso samarra izaten, astoa bezala aurrera egin nahi ezean geratzen denean-eta. Horregatik, batzuetan harri astuna bezain higiezin bihurtzen den denbora horri koipea emateko, batzuentzat kirola izan zitekeen –autodiziplina behar– gustukoena, irakurtzea edo ikasketak egitea beste batzuentzat –gustatu eta autodiziplina izan behar–, eta beste batzuek ahal zenean paseatu egiten genuen, edo telebista ikusi, aparailuaren pantailan edo norbere burmuinean. Telebistako dokumentaletan gustuko nituen, eta ditut, edozein motatako tximinoei buruzkoak. Orangutanak, lemurrak, babuinoak, langurrak, sifakak, kaputxinoak, txinpantzeak, bonoboak... Orduak inbertitu ditut haien miresle eta, distantziatik konplize, denak maite ditut. Antzekoak garela baino, berdinak ote garen iruditu izan zait sarritan. Ematen du denbora harri astun bihurtzen zaiela haiei ere batzuetan, eta horregatik aritzen direla sosegu ederrean bata besteari zorriak kentzeko itxuran ile artean hazka, geureon hain berdinak dituzten atzamarrekin oraintxe belarri aldea orrazten, oraintxe paparrean, besoan, hankan, bizkarrean... eta beti azkura, eta behin eta berriz ariketa horretara eramaten ditu egunen joanak. Eta geu ere, Iban, ez al gara horrelaxe aritzen berriketan eta kontu kontari ari garen askotan? Agian tximino ginenetik dakargu elkarrengana bildu eta ele-meleka aritu behar hau, eta orrazia haien atzamarretatik gure mihira eramatea besterik ez du egin eboluzioak. Telebistako dokumentaletan gustuko nituen, eta ditut, edozein motatako tximinoei buruzkoak. Orangutanak, lemurrak, babuinoak, langurrak, sifakak, kaputxinoak, txinpantzeak, bonoboak... Orduak inbertitu ditut haien miresle eta, distantziatik konplize, denak maite ditut. Antzekoak garela baino, berdinak ote garen iruditu izan zait sarritan.