7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Birbidali?


Askotan ez diet kasurik egiten. Whatsapp-era iristen diren kontuei buruz ari naiz. Ez naiz bakarra nonbait. Ikerketa baten arabera, mugikorrera iristen zaizkigun kontuen erdiak baino gehiago ez ditugu zabaldu ere egiten. Batzuetan, zabaldu orduko egin izanaz damutzen naiz. Graziarik gabeko txiste txarrak, albiste bihurtutako zurrumurruak –alarmismo iturri agorrezin–, egonezina sortzen duten bideoak... Askotan harritu egiten naiz bidaltzailea nor izan den ikusita. Tira, badakigu zein erraza den “birbidali” botoia sakatzea, baina, ez ote genuke kontu handiagoa izan behar?

Txisteak direnean txisteak direlako. «Neska, txiste bat baino ez da». Baina badira graziarik egiten ez dutenak, mesede baino kalte gehiago egiten dutenak. Beste muturrean, istorio latzak kontatzen dituzten eta hunkitzeko asmoa duten mezuak. Horrelako batek txartu dit loaldia aste honetan. Bideo horretan gizonezko bat ageri da bi haur jipoitzen, kontatzeko adorerik ez dudan modu batean. Latza, oso latza. Ez naiz bideoa osorik ikusteko gauza izan. Emakume baten ahots mezu batek kontatzen du, ez oso modu zorrotzean, umezurztegi batean hartutako irudiak direla, «Saharan uste dut», esaten du. Eta bideoa ahalik gehien zabaltzeko eskatzen du. Seguru nago asko zabaldu dela.

Haserretu egin naiz. Oso latza da bideoak kontatzen duena, latzegia, «Saharan uste dut» moduko baieztapenekin zabaltzeko. Non gertatu den, noiz, zeintzuk diren irudietan agertzen direnak, dagokion tokian salatu ote den, noren esku dagoen haur horien ongizatea... galdera mordoa sortzen zait. Eta iruditzen zait emakume horren ahotsak ez dituela erantzunak. Hunkitu hunkitzeagatik. Ez dut bide hori gustuko. Nire ustez, istorio latz bat konta daiteke betiere egoera gogor hori sortzen duten baldintzak aldatzeko edo, sikiera, mugitzeko modua ematen badu kontaketak. Ez dut zalantzarik bideo horretan agertzen diren haurrek laguntza behar dutela. Baina bideo hori alderik alde zabaltzea ote da laguntzeko modua? Datu zehatzik gabeko istorio bortitza da, pantailaz bestaldekoak aise uzkurtzen gaituen krudelkeria ariketa. Eta? Orain, zer? Nola lagundu oso seguru non dauden ez dakigun haur horiei?

Sare sozialetan zabaltzen diren albiste faltsuak mundu mailako epidemia dira. Milaka herritarrengana iristeko modu erraza dira; anonimatuan edozer gauza zabaldu daiteke; edozein da informatzaile; informazioaren zorroztasuna eta egiazkotasuna ez dira beharrezkoak eta, gainera, gezurra esanda ere ez da inon azalpenik eman behar.

«Birbidali» sakatu baino lehen, bi aldiz pentsatu beharko genuke.