06 MAI 2018 IRITZIA Maindire berriak Alaia Martin Psikoanalisiaren argiztatzaile nagusi bat gaurko egunez jaio zen. Sigmund Freud. Austriarrak gogoetaturiko hainbat eta hainbat ertz biribilak ez izanagatik, utzi du zer esana –zer etzanaz gain– historiaren garunean. Pertsonen hipnosia erabili zuen, aldi batez, tresna gisa, baina gero hipnosirako txanponaren beste alderdiari erreparatu zion. Histeria hitza hiztegian oker definitu ostean, katarsiaz hitz egin zuen. Minari jarritako urtegiak askatu beharraz, eztanda egin beharraz jardun zen; ehun zatitan apurtu beharraz, berriz ere norberaren zati hautsiak osoki ehuntzeko. Bizipen eta antzeko bizipenen arteko geure garun-loturak jakin-minez begiratu zituen, eta apur batera, ametsen interpretazioan sakontzen hasi zen. Labur eta soil samar esateko, subkontzientziaz aritu zen, eta geure adimenaren atal horretantxe kokatu zuen onartzeko eta ulertzeko gai ez garen guztia. Arau sozialen arabera komeni ez zaizun norbaitek sabela irabiatzen badizu, zeure garunak ez dizu horren berri emango agian, zeure garunak nahiko lan izango baitu hori ukatzen, zeure statu quoa manten dadin. Zure aitak gaitz bat izan dezakeenaren zantzuak sumatzen badituzu, zeure beldurrak ez du ideia forma hartuko normalean. Zeure lantokian dezakezuna baino gehiago eskatzen badizute egunerokoan, hatzak jausten zaizkizula egingo duzu amets. Bizitzan zein norabide aukeratu ezinik stand byean bazabiltza, baleekin egingo duzu amets. Zeure barruko kaxoiak zabaldu eta nor zaren jakingo duten beldur baldin bazara, poltsa osten dizutela amestuko duzu. Geure ametsak geure beldurren eta desioen metaforak direla aipatzen zuen beraz, Freudek, eta geure gaitasun poetikoa, hain zuzen, amesteko gaitasunak berak ematen digula, bestela ez zatekeela posible, irudi mental sinbolikook garatzea. Kontua da, baina, ez lehertzeko balio dutela ametsek. Kontzientean eztanda ez egiteko, oraindik onartzeko gai ez garenaren frustrazio edo amorru energia hori bideratzeko, edo oraindik lor genezakeela ez dakigun hori irudikatzeko, eta lortzeko gogoa sentituz, lortzeko lehen urratsak emateko. Geure herri zoragarri hau dibanean jarriko bagenu, etzanda, eta bere ametsak aztertu, nahiko lan izango genukeelakoan nago. Geure kontzientziaren kontzientzia falta zaigun honetan, zalantza daukat ez ote ditugun geure ametsak subkontzientean preso sartu, amesteko aukera ere ukatuz. Amestea bera bizi nahi ez dugun katarsi bat balitz bezala. Ez ote ditugun ametsak ametsagotu eta gugandik urrundu, bete ezin diren konbikzioz, behintzat eder mantentzeko, disekatzeko. Batek daki, agian iragan eta etorkizun gutxiago behar dugu; ametsak berrinterpretatzen hasi eta kopetarekin metafora berriak jotzea. Geure ametsak geure beldurren eta desioen metaforak direla aipatzen zuen beraz, Freudek, eta geure gaitasun poetikoa, hain zuzen, amesteko gaitasunak berak ematen digula, bestela ez zatekeela posible, irudi mental sinbolikook garatzea.