7K - zazpika astekaria
Elkarbizitza zaila

Animalia basatiak New Yorken

Etxe orratzengatik eta kartel distiratsuengatik da ezagunagoa New York, baina hirian batzen den animalia basatia kopurua ez da nolanahikoa. Animaliak aske bizi diren eremu batean bizitzeak dituen onurak nabarmentzen dituzte aditu hainbatek, baina elkarbizitza ez da erraza gertatzen kasu askotan. Ikasi egin behar da, eta hori dela eta hiriko agintariek ibilaldiak antolatzen dituzte.


Koioteak Bronxen, arrano buruzuriak Queensen, mapatxeak eta belatzak Manhattanen, hontz handiak Brooklynen edota isats zuridun oreinak State Islanden: New York hirian fauna handia bizi da, eta batzuen batzuk hasi dira dagoeneko zementozko “jungla esamoldea” ere baliatzen. Milioika animalia basatiren eta 8,5 milioi pertsonaren arteko elkarbizitza ez da beti erraza izaten seiehun animalia basati espezie izateagatik baino etxe orratzengatik eta kartel distiratsuengatik ezagunagoa den hiri honetan.

New Yorkeko herritarrei asko gustatzen zaizkie orokorrean animalia basati hauek, hala adierazten dute behinik behin, baina koiote batek euren katua edo untxia jaten duenean, orein batek euren baratzeko tomate organikoak zapuzten dituenean edota mapatxe batek auzo guztian zehar sakabanatzen duenean poltsetan jasotako zaborra, herritar hainbatek animalia hauekiko duten jarrera guztiz aldatzen da.

Herrialdeko ipar-mendebaldeko kostan urbanizazioa eten dute eta New Yorken gune berde gehiago dituzte –11.735 hektarea parke dituzte, non ehiza egitea debekatua dagoen eta apenas dago harrapakari naturalik–; hori dela eta, azken 30 urteetan fauna naturala asko handitu da, Jason Munshi-Southek nabarmendu moduan. Fordhameko Unibertsitateko biologia irakasle honek primateak aztertu zituen Borneon eta petrolio ustiapenak kaltetutako elefanteak Gabonen; egun, ordea, New Yorkeko animalia bizitzan aditua da. Azaldu du hirian milaka urtxintxa eta mapatxe –ehun bat Central Parken– bizi direla, bi mila orein inguru eta berrogeita hamarren bat koiote, gehienak Bronxen, batzuetan beste distritu batzuetan ibiltzen badira ere. Badira, halaber, azeri gorriak ere.

Lurrean ez ezik, itsasoan ere indartu da animalia bizitza: berriz agertu dira fokak Pelhameko badiako arroketan, Bronxen, eta baita Queenseko uretan balearen bat edo beste ere. Hirian, gainera, lanean ari dira txirritxoa mantentzeko. Galbidean dagoen hegazti hau udaberriro iristen da Rockawayko hondartzara, Queensen, habia egiteko.

Ibilaldiak animalia basatiak ikusteko. «Koioterik ikusi ez baduzu ere, koiote batek ikusi zaitu zu!», esan dio Kayla Mackey parke zaindariak Bronxeko Van Cortland parkean “Hiri koioteekin bizitzen” tailerrean parte hartzen ari den taldeari. Mackeyren esanetan, isilik eta gauez mugitzen diren animalia hauei beldurra izateko arrazoirik ez dago. Urrun geratzea eta jaten ez ematea aholkatzen du eta, bateren bat gerturatuz gero, besoak abiadura handiz mugitzea. Hizketaldiaren ostean, taldeak ibilaldia abiatu du koioteren bat ikusteko itxaropenarekin edota, besterik ez bada, bere arrastoak edota gorotzak topatzeko. «Koioteek ez dute pertsonarik jaten», ohartarazi die inguruan dituen eta adi-adi bere azalpenak entzuten dituzten gazte eta helduei. «Jendeari tresnak eman behar dizkiegu fauna basatiarekin bizitzeko. Ez badakizu State Islanden 2.000 orein bizi direla eta azkar gidatzen baduzu, aukera asko dituzu autoarekin haietako bat harrapatzeko», azaldu du New Yorkeko Gobernuko fauna basatiaren arduradun den Richard Simonek.

Hiriak orain bi urte sortu zuen zerbitzu berezi hau eta orduz geroztik, besteak beste, abian jarri da State Islanden bizi diren orein arrak esterilizatzeko programa bat. Jada 1.100 animalia baino gehiagori egin diote. «Elkarbizitza arazoak izaten direnean, normalean jendearen ardura izaten da eta ez animaliena», aipatu du Simonek; izan ere, bere ustez, hoberena animalia hauek «bakarrik uztea da», inolako trabarik egin gabe.

 


Hau da orain euren eremua. Simonen iritziz, «hiria nahikoa handia da guztientzat», animalia eta pertsonentzat, baina zenbaitetan ezetz dirudi. Izan ere, jendeak telefonoz deitzen du euren zerbitzura, animaliak berriz ere eremu basatira eramatea eskatzeko. «Baina ez dugu beste leku batera eramateko modurik; orain hemen bizi dira eta jendeak ulertu behar du hau dela euren eremua», azaldu du. Hala ere, inork koiote bat ikusi, beldurtu eta larrialdietarako telefonora deitzen badu, polizia derrigortua dago erantzun eta jardutera. Harrapatzen saiatu behar izaten dute eta lortuz gero, animalia akabatu. Dagoeneko animalia batzuk hil behar izan dituztela aipatu du Simonek.

Orain gutxi Udalak kanpaina bat egin du metroan eta autobus geltokietan. Animalien argazkiak erakutsi dituzte eta “newyorktarra” idatzi diote alboan. Jaten ez emateko ere eskatu dute kartel horien bidez. Izan ere, animaliek pertsonei beldurra galtzen diete jaten emanez gero eta hortik datoz arrisku gehienak, ohitu eta jan eske joaten direlako gero. Esaterako, urtxintxek kosk egin dezakete –animalia hauek dira New Yorken hozka gehien egiten dutenak–, edota Central Parkeko mapatxeak jendearen poltsak zabaltzen eta jana ateratzen saiatzen dira.

Elkarbizitza arazoak badira ere, agintarien arabera, onurak ditu animalia basatiak aske bizi diren hiri bat izateak. «Pertsona asko harritu egiten dira, New Yorken arratoiak baino ez daudela uste baitute», aipatu du, arratoiak ere sakon ezagutzen dituen Munshi-South ikertzaileak.