20 MAI 2018 IRITZIA Kontatzen Alaia Martin Errelatoa edo kontakizuna idazteko garaia omen den garaiotan, alde handia dago alde bakoitzak zeren alde egon den adierazteko duen askatasun mailan. Batzuek garbi adierazten dute zeren alde eta zeren aurka egon diren, ahoa ondo zabalduta, hitzen batek ihes egingo balie ere ulergarria izango litzatekeen itxaropenez. Kontakizunek halakoak behar baitute izan, norberarenak eta norberarentzat lehenbizi, eta gero, entzuteko prest daudenentzat. Beste batzuek garbi adierazteko arazo gehiago izaten dutela sumatuta nago aspaldian. Metafora ez baita beti izaten baliabide artistiko edergarri merke bat, metafora batzuetan esan nahi dena esateko era legal edo ez arriskutsu bakarra da. Estilo ariketa bat baino, behartutako adierazpide bat. Argi da, behar den bezala, kontakizunek protagonista ezberdinak izango dituztela. Protagonista batzuk existitu ere ez dira egingo zenbait kontakizunetan. Batzuen protagonistak antagonistak izango direla besteentzat, aktoreak eta faktoreak ezberdinak izango dira ahotik ahora, eta kokalekuak ere herri berean biziagatik, ezberdinak bezain urrunekoak. Argi da, soinu-banda ezberdineko kontakizunak izango direla batzuk ala besteak, eta kontakizunaren laburpena motz geratuko zaiola, agian, geure pareko idazleari, eta idazleak bere buruaz idazten duena zalantzatik irakurriko duela pareko irakurle horrek. Batzuk, orriz orri, xehetasunez, idatziko dute igarotako egun gorri, gris eta beltzen kronika, eta bukaera anitzeko ipuinak idazten ausartuko denik egongo da. Beste batzuek ez dituzte kapitulu guztiak gogoratu nahiko, orri batzuk idatzi eta ebaki egingo dituzte, zaborretara bota edo jan eta sabelean gorde. Euren papera zein den argi ez dutelako edo. Batzuk –zenbat eta gehiagok hobe–, euren kontakizuna parekoari erakusteko tentazioari men egingo diote, nahiz eta kaligrafia eskasez idatzi, edo tartean zirriborroren bat bistan utzi. Beste batzuek ez dute idatziko, idaztea birbizitzea delako. Zenbaitzuek ez dute idatziko zer idatzirik ez dutela sentitzen dutelako edo pentsarazi dietelako. Beste batzuek zuhaitz azalak eta azalak beteko dituzte, bi aldeetatik, baina inork ez du euren egia argitaratzeko asmorik adieraziko. Batzuentzat izango da teleberri ondorengo isiltasuna, besteentzat aulki hutsa, batzuentzat banatzen zuen juntagailua, besteentzat biziraute bat edo umetan Hondarribiko aireportuan pasatako izua. Batzuentzat eta besteentzat kontatzeko eskubidea idazteko garaia da. Batzuek arkatzez eta besteek axotaz idatzi gabe. Kontatzen duen herri bat ez da inoiz hilko. Beste batzuek ez dituzte kapitulu guztiak gogoratu nahiko, orri batzuk idatzi eta ebakiko dituzte, zaborretara bota edo jan eta sabelean gorde. Euren papera zein den argi ez dutelako edo.