01 JUIL. 2018 IRITZIA Ez ikusiarena JOKIN URAIN Inork beretzat nahi ez dituen egoeretatik ihesi, bizitza eta bizimodu duinago baten itxaropenean bidez bide abiatzen denari hesiak ezartzea... ez da gizabidea, nahiz eta sutsuki defendatu gizabidearen zaindari direnek. Madrilgo Gobernuan ministro berriak eta birberrituak ezarrita, Melillako txarrantxa hesia kentzen saiatuko dela esan zuen Barne ministro berriak, eta Gobernuak ere esan zuen kendu egingo zuela... Orain arte ikusi ez dituzten giza eskubideen egoerarekin bat-batean arduratu egin direla esan lezake batek. Telebistan erakutsi izan dizkigute jende hori, beltzak eta halakoak, legez kanpoko jende hori alegia, igaro ez dadin eraikitako txarrantxa hesiaren irudiak. Ikusi ditugu txarrantxetan katigatuta geratu zaizkien jantziak, alkandorak eta oinetakoak, eta pantailan erakutsi izan digute txarrantxetan nola larrutu diren igaro direnak eta igarotzen saiatu direnak... eta txarrantxa horiek axaleko zauriak egiten dituztela esan zuen aurreko Barne ministroak, eta ez du ematen epaileak asko arduratu zirenik horregatik. Axalekoak eta arinak irudituko zitzaizkien zauriak, narru beltzean odol gorri-ilunaren jarioa ez delako azal zuri ederrean bezainbat nabarmentzen, ez ikusiarena egiteko ere. Epaitegietako bezero fidel samarrak izan garenok ikusi izan dugu nola ohikoa den, galdeketa edo dena delakoa egiten dizuten bitartean, epaileak lo kuluxka egitea, begiak itxita, disimulu handirik gabe. Kontzentratuta egoten direla eta ez lo, esango du norbaitek. Epaiketetan lo kuluxka egiten duten moduan, instrukzio epailea egon daiteke rubik kuboa atzamarren artean horra-hona mugituz, zuria zuriarekin, gorria gorriarekin, tarteka leihotik begiratuz, aurrez aurre eserita daukan arren agian ikusi ere egiten ez duen euskal atxilotuari lehen deklarazioa hartzen dion bitartean, eta atxilotu hori espetxera bidali edo aske utzi justiziaz erabakitzeko metodo propioa izango zuen beharbada Barne ministro izendatu berri horrek... Demagun giza eskubideen egoerak arduratzen dituela, Andoni; baina askori iruditzen zaigu Iustitiaren begi estaliak, inpartzialtasunarenak baino, ez ikusiarena egiten duenaren erakusgarri direla batik bat, bai txarrantxek ebakitako narruen eta bai euskal atxilotuen aurrean, espainiar epaile eta ministroen kasuan behintzat. Txarrantxa horiek axaleko zauriak egiten dituztela esan zuen aurreko Barne ministroak, eta ez du ematen epaileak asko arduratu zirenik horregatik. Axalekoak eta arinak irudituko zitzaizkien zauriak, narru beltzean odol gorri-ilunaren jarioa ez delako azal zuri ederrean bezainbat nabarmentzen, ez ikusiarena egiteko ere.