7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Ziklogenesi leherkorra


Bizilagunak» kontzeptua ezagutzen dudan politenetarikoa da, esanahi praktikoa kenduz gero. Hirietako bloke gehienetan «bizilagun» baino pareko ezezagun gehiago bizi baitira, elkarren begien kolorea zein den ez dakiten pertsona piloa.

«Bizilagun», bestela, egon litekeen hitzik ederrenetarikoa iruditzen zait. Bizitzea bera arnastea baino koska bat gehiago delako, eta lagun izatea, berriz, kide izatea baino dezente maitasun gehiago.

Bizilagunak bagina, geure etxekideekin, eta atarietako bizikidetza erak diren mikromundu horietako eskemak anplifikatuko bagenitu munduan, bestelakoa litzateke globo haizatu hau. Eskailera gutxiago lituzke, postontzi gehiago eta sarraila gutxiago. Tinbre gozoagoan hitz egingo genioke elkarri, fatxadara zein bizkarrera.

Blokeek dauzkaten ez-etxe nortasuneko espazio nagusiak igogailuak dira. Inor ez da etxean sentitzen igogailuan. Igogailua bera ere, beti egoten da tentsioan, eta izaten ditu bere gorabeherak.

Igogailuetan eta albistegietan gauza bera egiteko ohitura egoten da, zer egin ez jakitean. Eguraldiaz hitz egitea. Eguraldiaz hitz egitea beti baita ez-gai bat. Kartetan gerrara jolastearen antzeko zerbait da; ez da inor dibertitzen, baina mundu guztiak daki horretan jolasten.

Hamar esaldiok ikasiz gero, bizitza osorako karneta emango dizute, igogailuetarako. «A ze eguraldia», «aurten ez omen da udarik izango», «bero hau ez da normala», «nekazariak behintzat pozik egongo dira», «eguzkiak ez daki euskaraz», «ona eman dute», «azken ehun urteetako -ena omen da aurtengoa», «ezinezkoa da zer jantzi asmatzea», «meteorologoek ez dute sekula asmatzen», «Tenerifera joango naiz bizitzera». Albistegietan duen presentzia ere izugarria da.

Nekez egingo zaizkigu beste zientzia batzuetako hitz teknikoak, meteorologikoak bezain ezagunak. Aurki hasiko gara geure bizitza sentimentala «isobaratsu» dagoela esanez, lanean goi-presioak bizi ditugula eta poltsikoetan euri-langarra dugula aipatzen. Eta horretara heldu ahal bagina, oxala! Akaso hori baita kontua, eguraldi kontuez ari garenean. Mundua guztiak aipatzen duela eta ez zaiola (ia) inori axola. Bizilagunari bere begi-zuloen motiboaren berri ez galdetzeko aitzakia ona dela euria, goiko solairuan entzuten diren oihuez ez galdetzeko hizpide ona dela balizko ekaitz baten etorrera, eta xirimiriak bezala hezurrak hezetzen dizkigun inkomunikazioa beti dagoela etxabean, eta ia inoiz ez dugula igogailua beheraino jaisten. Arreta horretan jarrarazten digute eta jartzen dugu: alda dadin (ia) ezer egin ezin genezakeen gauzetan.