7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Helmena


Arroka arteko udarako hitz-aspertu batek ahoratu zigun gaia, eta gaurko egunak eman dit aitzakia; gaztetasunaren eguna da gaur. Lehenagotik ekarriko zigun, ziurrenik, gaia mareak, oin puntatara, baina batzuetan, besteetan baino gehiago bustitzen gaitu urak.

Arroka ertzean hizketan geunden lagunok adin biologikoaz eta adin “bioilogikoaz” ibili ginen solasean, sentitzen genituen presioez, adinari lotutako ustezko depresioez eta lezioez… eta tartean, igotzen ari zen marearen helmenaz.

Adin batzuk besteak baino adinagoak dira eta adin horretara bidean behar adina bide ibili ez duenak, bidesaria ordaindu behar izaten du. Hirugarren hamarkada hasi berritan, inguruko asko sumatu ditut lan egonkor baten bilaketan bereziki lanpetuta, erosi gabeko etxeen giltzak eztarrian trabatuta eta azaltzen ez den edo mamitzen ez den bidelagunaren bizi-itxaropena neurtzen. Asko sumatu ditut euren buruei kanpotik begira, eta are gehiago sumatu ditut euren buruei begira dabiltzanei kanpotik begira, nora begiratu esanez, eurek egindako bidetik segi behar balute bezala, “hemendik da” esanez.

Arroka ertzeko lagunetariko bat, aztoratuta zegoen, ordulariari esku ahurrez kolpeka. Bere buruari leporatzen zion, bere lepo gaineko burutazioei jaramon egitea; sustraitu beharrean hegaldatzea, aski pazientzia ez izatea bikoteak luzaroan jasateko, lan eskasak arrazoi potolorik gabe uztea... Heldutasun faltari egozten zizkion bere azken denborako ezinegonak. Zer pentsatua eman zidan “adin honetan”-en ondoren aipatu genuen ia guztiak. Etsitzeko adin sozialki onartu bat dagoela irakurri nuen geure arrakaletan, ia ikusi ez baina arroka artean sumatzen ditugun karramarro txiki horiek bezala, bizkor, alde batetik bestera gurutzatzen gaituzten ideiatariko bat dela iruditu zitzaidan.

Tatxarik gabeko bikaintasuna bilatu, bikaintasunaren itzalak eta kraterrak aurkitu, eta itzal gehiago aurkitzeko beldurrez krater bat aukeratuko bagenu bezala, bertan bizitzeko. Ur ertzean luzaro egoteko, min gehiegi egiten ez diguten arrokak aukeratzen ditugun bezala, gutxi gorabehera.

Heldua izatea eta gaztea izatea ez dira derrigor kontrajarritako egoerak, baina halaxe egiten du inguruak sailkapena; buru arin eta ideal irrealen arabera aukeratzen duena gazte izaten da eta ideal gehienei irrist egiten utzi eta aurrera begirako lur sendo bat aukeratzen duena heldu. Beraz, funtsean, ez du inork aukeratzen, ez gazteak ez eta helduak ere, aldian-aldian adinaren etiketari dagozkion arintasun edo egonkortasuna atxikitzen zaizkigu.

Heldua izatea, ziurrenik, entzun dudanez, erabakitzea eta erabaki horiekiko konpromisoa izatea da, hitzari eta ondorioei eustea, eta eutsi ezean, parekoari ahalik eta gardenen azaltzea. Eta agian biak behar ditugu bizitzako garai guztietan; edozertan sinesteko eta edozer eraldatzeko gaitasuna dugunaren sentipena, eta aldian-aldian zuloak onartu, konpondu eta batzuetan zapata bat arroka artean utzi dugula onartzeko gaitasuna. Ez dago beste modurik, heldutasuna askatasuna ere izango bada.