16 SEPT. 2018 IRITZIA Baserritarrak amagoia mujika Baserritarrak gera gu ezin gentzake ukatu. Baina kaletarrak bezin ongi soinua jotzen degu...». Umetatik, abesti horrek zalantza handiak sortu izan dizkit. Zergatik ukatu behar dute baserritarrak direla? Lotsatzeko arrazoia ote da? Kaletarrak bezain ongi jotzen dutela soinua diote. Zertan egin behar zuten ba okerrago? Umetatik sumatu izan dut kaletar-baserritar binomioan baserritarra beti galtzaile izaten dela. Nire inguruko baserritarrak munduko pertsonarik jakintsuenak iruditu izan zaizkit beti. Abereen zaintza, lurra lantzeko gaitasuna, zain egoteko pazientzia, uzta ona zein txarra patxadaz jasotzeko tenplea, bizirauteko jakintza, mahai jendetsuak lapiko mamitsuekin janzteko trebetasuna... Eta, hala ere, haiek ez omen zekiten ezer, ez omen zen jende ikasia. Inoiz jan dudan ogirik onena egiten zuen Joxepak. Bisitan joaten ginenean, ogi mardul hura eta txokolatea jartzen zituen mahai gainean. «Etxeko ogia besterik ez daukat», esaten zigun, eskaini zigun hura kaskarra zela eta desenkusatuz bezala. Ez nuen ulertzen, berak egiten zuen ogi hura inoiz jan nuen onena zen. Eta hamarkada pare bat beranduago, ez dut bidean ogi hoberik topatu. Aldiz, ogi bikain hura egiten zuen emakumeak ez zuen uste aparteko jakintzarik edo abilidaderik zuenik, «hauxe bakarrik dakigu egiten-eta». Baserritar askoren umiltasun gehiegizko hori, lotsatik gertu bezala... Horretan erru handia dauka kaletarrak baserritarra begiratzeko daukan moduak. Estatu frantsesean kezkatuta omen daude, baserritarren artean suizidio tasa asko igo delako. Bi egunetik behin nekazari edo abeltzain batek bere buruaz beste egiten du Estatu frantsesean. Zorrak itota eta lotsatuta daudelako hartzen omen dute bide ilun hori, mendez mende zutik egon den baserria, beren aurrekoek tiraka ekarria eta haiei utzia, gainera erortzen ari zaiela sentitzen dutelako. Egungo kontsumo ohiturek eta baserrira bideratutako diru laguntzen kudeaketa txarrak ere parte handia daukate, noski. Baina iruditzen zait nekazari munduak sufritzen duen aitorpenik eza ez dela gaurkoa, aspalditik datorrela. Denborarekin, gainera, gero eta urrunago sentitzen du jende askok nekazari mundua. Duela ez asko bere baserrian haurrentzat bisita gidatuak egiten dituen emakume batek penaz kontatu zidan haur askok lehen aldiz beren etxean ikusi duela behi bat. «Hamar urteko haurrak inoiz behi bat parean ikusi gabeak!». Haiei galdetu omen zien ea esnea nondik etortzen zen eta «supermerkatutik» erantzun omen zioten. Zeozer gaizki egiten ari gara. Baserritarra jakintsua da, aspalditik dator eta, uzten badiogu, kalitatez jaten emango digu eta ingurua zainduko du, luzez egin duen bezala. Nire inguruko baserritarrak munduko pertsonarik jakintsuenak iruditu izan zaizkit beti. Abereen zaintza, lurra lantzeko gaitasuna, uzta ona zein txarra patxadaz jasotzeko tenplea, bizirauteko jakintza, mahai jendetsuak lapiko mamitsuekin janzteko trebetasuna... Eta, hala ere, haiek ez omen zekiten ezer, ez omen zen jende ikasia