7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Astelehenetako galtzak


Astelehenetan igandeak urruneko lehengusu ahaztua dirudi, aspaldi gertatu zen zerbaiten koordenada. Igandetik astelehenera ez da gau bat bakarrik pasatzen, asteko gau guztiak pasatzen dira eta beste pare bat kortxozko egun.

Astelehenetan sare bat osatzen da, zeure bizitzako astelehen guztiekin konektatzen zaituen sareari hari muturtxo bat luzatzen zaio eta hariko korronte elektrikoak ohiko sentipenetara atxikitzen zaitu, eta normalean, begipeak beste astegunetan baino gehiago puzten dizkizu.

Astelehenetan hasten da astea, eta ezberdinak lirateke asteak, asteak ostegunetan hasiko bagenitu. Ezberdinak izaten dira astean zehar hasten ditugun lan asteak.

Astelehenetan ez zara asteazkenetan bezain konforme egoten munduarekin. Hein txiki batean izanik ere, hutsetik hasteko aukerak, hasteke dauzkazun bideak eta berritzeke dauzkazun ohiturak ekartzen dizkizute, gosaritan, zeure garuneko prime timera, astelehenetan. Has zintezke kirola egiteko agendan laukiak markatzen, ostiralerako afari-lekua erreserbatzen, larunbat gaueko kontzerturako lagun bila, hozkailuko arbeltxoan garbiketa taula berritzen, erosketa-zerrenda eko-bio-beganoa izkiriatzen edo lankideen ordenagailu pantailak gaika eta koloreka post it-ez estaltzen, eta hau guztia egin behar baduzu, egin bazenezake, astelehenetan egingo duzu. Edo ez duzu egingo.

Astelehenetan jatetxe asko gosez egoten dira, ateak itxita, egunkari batzuk ez dute ateratzeko dirurik izaten, ohi baino haur gehiago iristen dira eskolara hamaiketakoak etxean ahaztuta, kafe-makinek magnetismo indar handiagoa izaten dute, supermerkatuetako orgen gurpilak zabarrago doaz, arrandegietako arrainek konjuntibitisa izaten dute, aurreko asteko hil ala biziko arazotxoak ahaztuta izaten ditugu, inork ez du behar beste arropa soinean edo behar baino askoz gehiago darama, inork ez duelako begiratzen astelehenetan zein eguraldi egingo duen, astelehenetan kaleko usoek astearteetan baino inbidia handiagoa ematen digute eta dutxako ura ostiralean baino askoz hotzago egoten da 35 gradutan.

Dena den, astelehen guztiak ez dira berdinak –esatea beharrezkoa balitz bezala esanda…–. Astelehenetan gosaltzeko, dutxa beroa hartzeko, kiroldegira joateko, ostiraletan afaltzeko, larunbatetan kontzertuez gozatzeko, eko-bio-begano jateko, post it-ak erosteko, arraina etxera gonbidatzeko, kafea tabernan hartzeko, organ euroa sartzeko, bilobei hamaiketakoa prestatzeko, beroki gozo bat erosteko eta komuna garbitzeko lixiba lortzeko, ordaindu egin behar izaten da. Dirua behar izaten da.

Dirua behar izaten da, merezita ere. Dirua behar izaten da, eta batzuetan ez da izaten. Hor nonbait ibiltzen da dirua, beste norbaiten patrikan. Eta zu ezin patrika horiek aurkitu ibil zintezke, astearteko, ostiraleko eta igandeko galtzen artean… Galtzen ateratzen zara beti. Astelehenetan kalera ateratzen zara horregatik. Azken boladan, astelehenero.