04 NOV. 2018 IRITZIA Han dago JOKIN URAIN Etorbide zabala hiriburuaren erdigunetik albo auzoetarantz; bi norabideko errepide zabal zuloz betea. Espaloian zuhaitzak, fruta-pao, tamarindo, palmondo, mango eta antzik ematen ez diedan beste fruta-arbola batzuk. Institutua izan behar duena ere hortxe etorbidearen alde batean, ikasleak joan-etorrian, eta eliza harago eta etxe ofizialak izan behar dutenak han-hemen. Bere etxera bidean zoazela, zuhaitzen sustraiek harrotutako espaloia, euri zaparradak utzitako putzuak... Avenida ostatuan garagardo freskoa, Nazionala markakoa baina ageriko markarik gabea. Eltxoek orkatilak jaten dizkizute iluntzean, eta fluoreszentearen argitara agertzen dira gekoak haien ehiztari. Gozogunea da, hala ere, ostatua; sei-zortzi mahaitan giza fauna bitxia, batzuk zerbait jatera edo edatera, beste batzuk ordenagailuei edo telebistari begira... Hauteskunde kanpainak gurean baino dezente gehiago astintzen ditu kaleak. Autoetan, kamioietan, oinez... musika eta zaratarekin, alderdiko kamisetak eta biserak jantzita jendetza. Telebistako irudiek eta politikariek egiten dituzten adierazpenek zurrumurrua sortzen dute mahaietan. Hiriburuko merkatuaren inguruan txakur jabegabeak ezin konta ahala, ur eta nahasteen putzuek uzten dituzten lehorguneetan fruta piloak, arrain multzoak eta zernahi. Eta haurrek, begiak zabal, harriturik begiratzen dizute, azal zurikoa zarelako. Gosaldu ere Avenida ostatuan egiten du; bertan elkartzen dira gosariaren aitzakian berriketa eta eztabaidarako, edo elkarrekin egoteko, bera bezala hara edo hona lanera doana, Engordaçao esaten diotena, Borboleta deritzana, idazleren bat, oposizioko bozeramailea, alderdiz aldatu delako denek egurra ematen diotena... Budu Budu kalean egiten du lan aspaldian, eta handik haragoko auzo txiroetan ere ezagunek besoa altxatuz agurtzen dute pasaeran, eta haurren batek etorri eta besarkatu egiten du; ahots guturalez hitz egiten dio hurbiltzen zaionari. Beren artekotzat dute, baina beltzen arteko zuria da. «Zeren falta sumatzen duzu gehien?», galdetu diot agurtzeko orduan; keinuz erantzun du aurrena, hitzez gero; «dena; paisaia, etxeak, lagunak, bideak... dena», esan du. Alfonso Etxegarai. Sao Tomen dago azken 33 urteotan, deportatuta eraman zutenetik. Avenida ostatuan aurki dezakezu goizeko zazpiak inguruan gosaltzera joaten bazara. Ondo hartuko zaitu. Beltzen arteko zuria da Alfonso. «Zeren falta sumatzen duzu gehien?», galdetu diot agurtzeko orduan; keinuz erantzun du aurrena, hitzez gero: «Dena; paisaia, etxeak, lagunak, bideak... dena».