7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Heriotzaz


Hilerrietara udaberria iristen den egunotan heriotzak geure baitako kaxoietatik burua ateratzeko ausardia handiagoa izaten du. Azaroaren 1aren aurreko eta ondorengo egunetan hildakoak biziago sentitzen ditu gure mingainak, aipatzeko lizentzia eta min egiteko beldur txikiagoa sentitzen dugula esango nuke.

Urtebetetzeak gogoratzen ez naiz elefante bat, baina erabateko arraina naiz norbait hil zen eguna gogoratu behar dudanean. Lehendabiziko gertuko heriotzaren data daukat gogoan, baina gainerakoak ahanzturaren kronograman nahi duten hurrenkeran esertzen dira, sentsazioak baino ez zaizkit geratzen. Kafea hartzeko erak, umore koloreak, oporraldiak, gustuko janariak eta besarkatzeko moduak, gutxi gehiago. Sentsazioak baino ez eta maitasunaldiak.

Heriotzaren minaren zati handi bat da, kasu batzuetan, ukazioa, injustizia sentipen hori. Kasu batzuetan, erreala dena, gainera, esanda bego. Norbait hil denean hilgarria zela gogoratuko bagenu bezala sentitze hori… jaiotzetik arrisku hori hartu ez balu edo ez bagenu bezala. Ezusteko saihetsezin eta ez-ezusteko hori. Norbait hiltzen hasten da geure baitan gaitz larri-larri bat diagnostikatzen diotenean edo bere dohainak gainbeheran doazela sumatzen dugunean eta norbait hori beste norbait dela sentitzen dugunean. Ukaziotik hori ere, “lehengoa” ez dela esaten dugunean, geu ere sekula “lehengoak” ez garela ohartuko ez bagina bezala. Bertsio akastuna edo marrazteko zaila kosta egiten zaigu onartzen; beregatik baino, gugatik sentitzen dugu pena, ziur asko. Galdu dugun alderdiagatik, ez berak beregan galdu edo eraldatu duenarengatik.

Bizitzan zehar pilatzen ditugu zenbait une, zeintzuetan hil ez baina berriz jaiotzen garen. Uste dut gehienok –arrainok bakarrik ez–, memoria hobea dugula birjaio ginen aldiak oroitzeko, edo geure inguruko pertsona bereziak azala eranzaraztera edo azalberritzera bultzatu zituzten gertakariak adimenean gordetzeko, urtebetetzeak eta desagertzen hasten garen uneak gogoratzeko baino. Hil ez zintuen istripuaren jaiotza festa, negargarri egin zenuen proba haren egunaren urteurrena, azken kimio saioa iragartzen zuen egutegiko egunaren zenbakia edo lagun hark esaldi hura esan eta betirako hiztegia aldatu zizun egun/ordu/leku hura. Horiek guztiak urtebetetze gisa tatuatu behar genituzke geure agendatan urtero, eta urtetik urtera ospatzeko data gehiago izan.

Azaroaren 1ean negar egiteko derrigortasunik gabe, urtarrilaren 18an negar egin, abuztuaren 4an, maiatzaren 23an edo azaroaren 4an. Heriotzaren magalean gogoratzen dituzun haiek buruan, negar egiteaz gain, ez egiteko eskubidea izatea ederra da. Badago gogoratzean sabelean erleak sentitu beharrean irribarre ezti bat ateratzen hasten zaizun klak une bat… Eta ederra da negar egiteko eskubideaz gain, ez egitekoa eskuratzea. Tamalez, ordea, batzuetan, klak horrek ohi baino denbora gehiago behar izaten du, negar ez egiteko eskubidea kentzen dizulako amorruak eta oihu eginda ere inork entzungo ez zaituela sentitzeak. Batzuetan gertatu zena ahaztu nahi eta ezin ahaztua sentitzen da, minaren nekea luzatu beharra. Minaren aurkako eta aldeko partidan beti lehengoek daukate baloia…