16 DéC. 2018 onddoak ereiten Ereindako onddoen sekretua Perigord-en dago Udazkenarekin batera, onddo biltzailearen sukarra zabaltzen da Euskal Herriko bazter askotara. Nekez aurkituko dugu basoak dohainik ematen duen gutizia horri muzin egingo dion inor. Onddo biltzea zaletasunarekin lotura duen ariketa da, baina bila joan gabe ere, ustiatu daitezke. Perigord-en behintzat bai. Makina saiakera eta ikerketaren ondoren, Jean Pierre Biaussa nekazari ohiak lortu du onddoak haztea bere lur eremuan. «Cèpe du Périgord» markapean merkaturatzen ari da eta sekretua, erdizka bada ere, azaldu du. Miren Burgoa Onddoak haztea ez da zientzia zehatza, baina baliteke horra iristea. Estatu frantseseko Perigord-eko Laborantza Ganberako teknikariek onddoa, perretxikoetan izarra, ikertu dute lau urtez, eta horretarako, departamendu honen hegoaldean kokatutako lau lursail desberdinetan ikerkuntza praktikoa egin dute. Etengabe egin diren proben emaitza bezala, duela bi aste jasotako uzta erakutsi zion AFP agentziari ustiaketaren arduraduna den Jean-Pierre Biaussak. Abeltzaina izan da erretreta hartu arte, eta orain ereindako onddoetan aditu bezala ageri da han eta hemen. Eta ez da harritzekoa, gure artean hain estimatuak diren boletusak haztegietan ekoizteko hainbat saiakera egin dira munduan zehar, baina beste toki horietan guztietan ez bezala, berak arrakasta osoa lortu du. Orain arte aditu askok uste izan dute onddoek zuhaitz heldua beharrezkoa dutela haren sustraiekin bat egiteko –mikorrizazioa deitzen den prozesua–, eta horrela, 30-40 urte inguru dituzten zuhaitzen inguruan egin dira ikerketak. Teoria hau hankaz gora jar daiteke Estatu frantseseko Dordoinako departamenduan erabateko arrakasta izan duen esperimentua kontuan hartzen bada. Onddoen misterioak. Onddoen misterioaren korapiloa askatzen saiatzen ari den batek baino gehiagok inbidiaz ikusiko ditu orrialdeotan dauden argazkiak. Izan ere, Euskal Herrian onddoak ereiten edo, hitz teknikoagoekin esateko, zuhaitzak mikorrizatzen ari diren perretxikozaleak badaude. Halako hitzik erabiltzen ez badu ere, Jean Pierre Biaussa abeltzain ohiak lau bat urte eman ditu Perigordeko Laborantza Ganberarekin elkarlanean. Perigord berdea izeneko eskualdean bizi da eta paraje honetan aurkitu daitezkeen hariztiengatik esaten diote horrela, eskualdea hezegune eta belardiz osatuta baitago gehienbat. Gizon honek lortu du onddoak haztea 4.000 metro karratuko lursailean. «Beharrezkoa den lur azidoa eta zuhaitzak ditugu hemen –dio Biaussak–, baina gauza asko dago oraindik ziurtatzeke onddoen hazkuntzari buruz». Oraingoz, urteko 20-40 kilo arteko ustiapena lortu du lursail honetan. Denetara, beste lursailetan lortzen duenarekin, 300 kilora iristen omen da abeltzain erretiratua. Ongarri naturalak. Nolanahi ere, oso garbi dauka ustiapen hau kopuru industrialetatik at kokatu nahi duela. Ongarri naturalak besterik ez ditu erabiltzen –pestizidarik ez– eta “Cèpe du Périgord” marka daramaten onddoak oso estimatuak dira gourmet eta jatetxeen artean. «Zaporearen balioa dugu –adierazten du Jean Pierre Biaussak– eta horrek ahalbidetzen du Ekialdeko Europatik datozen antzeko produktuen aurrean gu lehiakor izatea. Handik datozenek ez dute zaporerik». Ureztatze dosifikatuaren garrantzia aipatu du –100 mm, hiru eguneko tarteetan ureztatuz– eta handik zortzi edo hamar egunetara hasten omen da ernamuintzen. Lursailean zuhaitz gazteak omen ditu, izei eta gaztainondoak, eta haritzak, amerikarrak ere bai tarteka. Euriari eta eguzkiari tokia eman behar zaiola gaineratzen du. Champs-Romain herrian daukan ustiategia hesituta dago, basurdeen txikizioa saihesteko elektrifikatutako harresia altxatu behar izan du eremua babeste aldera, eta beste kontrol sistema batzuen artean, euri neurgailuak, lurraren tenperatura eta haizearen indarra neurtzeko sentsoreak erabiltzen ditu. Adinaren hipotesia. Teknikaz gain, Biaussa harago doa eta zuhaitzaren adinaren eta onddoaren neurriaren arteko loturaren hipotesia planteatzen du: «Zenbat eta gazteagoa zuhaitza, sendoagoa hanka». Froga gisa, zazpi urteko haritz gorri gazteen ingurura luzatzen du begirada, hantxe hazi diren 1,8 kilo eta 45 cm-ko diametroa duten aleak erakutsiz. Uzta berehala bidali du kilometro gutxira dagoen Saint-Saud-Lacouissiéreko azokara. Iritsi ahala saldu dira onddoak.