7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Eskuzabal


Gizarte espainiarra orokorrean baketsu deitu dakiokeen gizartea dela idazten zuen aurreko batean Soziologian katedraduna omen den batek. Indarkeria, edozein motatakoa dela ere, errefusatu egiten ei du gizarteak, gizarte espainiarrak, eta talderen batek edo instituzioek beren postulatuak inposatzeko erabiltzen dutenean errefusatzen omen du bereziki indarkeria hori. Orokorrean gizarte eskuzabala dela zioen, beharrezkoa denean dena ematen duena.

Ona da noizbehinka norbait agertzea argi egitera, goizeko lehen orduan egunkaria zabaltzen duzunean, noraezean bezala zauden ordu horretan, ilunpeko mundu hau ez dadin izan hain gozakaitz. Batzuek uste baikenuen espainiar gizarte hori orokorrean ez dela oso eskuzabala, are gutxiago eurek aukeratzen dituzten ordezkari politikoak, instituzionalak eta enparauak.

Uste nuen –zer nahi duzu, ez baikara ez katedratiko eta ez ezer, horrelako gauzak ulertzeko!– petxeroren bat izan ezean bere baitan liskarrak sortzeko eta azken ondorioetaraino eramateko gaitasuna ongi frogatua duela gizarte espainiarrak, eta elkar txikitzen dutenek elkar hartzen dutela petxeroa xehatzeko...

Lehen auzoarekin ondo konpontzea zein ona den erakutsi izan ziguten umetan ere, baina ez dugu izan suerterik, eta lehen auzo horrekin ez gara ondo konpondu. Orain, katedradunaren argitan, garbi ikusten dut geure ezinikusiagatik izan dela beharbada, esaten baitu gizarte espainiarra orokorrean eskuzabala eta guztia emateko prestua dela. Orokortasun horretan sartuko ditu, noski, bere justizia administrazioa, Armada, ordezkari politikoak... Denbora ez ezik norbaiten argia ere behar izaten dugu gauzak ikasten joateko. Eskolan ere ez ginen bizkorrenak izan.

Horregatik kosta zaigu hainbeste espainiar gizartearen eta bere demokraziaren eskuzabaltasunaz eta dohain handiez ohartzea. Eta inbidia ematen dit uste handiko eta handi usteko autoestimu sendo horrek, ez baitute pentsatu ere egiten demokrata eta espainiar sinonimo ez direnik. Esan gabe eta esan beharrik gabe doan gauza naturala iruditzen zaie horrela izatea. Nola ez dugu ulertu inguru hauetako liskar eta konponduezin handienen soluzioa espainiar izatea dela?

Eta geure egoskorrean jarraitzen dugu hala ere, Iñaki, haiek eskuak zabal dituzten bakoitzean zapladaren bat emateko dela susmatuz.