7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Irainak eta orainak


Artikulu hau idazten ari naizen garaian ez dut jakiterik komunikabideek zein oihartzun emango ote dioten egunari baina Sexu Langileen Nazioarteko Eguna da gaur. Egituraren edo sistemaren ertzeko ondorioak aurrez aurre dauzkagunean ez dugu sistema bera jartzen zalantzan, ertzean dagoena baizik; edo ertzean dagoela uste duguna. Gero gainera, ertzekoa iraingarritzat erabiltzen dugu eta geure artean kolpatzen ibiltzen gara ertzak, berez –urrun egonagatik– elkar ukitzen ari garen ertzok, elkarri muturrekotasun falta leporatuz.

Sexu Langileen Nazioarteko Eguna da gaur eta sexu langileak izendatzeko askotariko izenak erabili izan dira eta ez dira aseptiko eta etimologikoki lurrari edo lanari hertsiki lotuak izan. Sexu langileen lana prekarioa eta ikusezina da, oro har, eta gainera, irain bezala erabiltzen dira eurentzat pentsatutako deituretariko asko. Ez naiz ezer berria gehitzen ari horraino, baina kontua da esaten duguna baldin bagara askotan nortasun gehitxo pilatzen ditugula esaldi bakarrean. Neuronei ez diela funtziotik funtziora arropa aldatzeko denbora ematen, alegia.

Tradizioak berritu eta eraldatu behar diren bezala, garai berrietara moldatuz, esaerak eta izendatze erak ere talaia berrietara goldatu behar genituzke. Norbait edo zerbait gorroto dugula edo amorragarria zaigula adierazteko erak birpentsatzetik has gintezke. Benetan pentsatzen eta sentitzen ditugu haserretzean haserretzeko erabiltzen ditugun hitzak edo adierazpideak? Edo ikasiak dira besterik gabe eta errepikapenaren eta errepresentazio jarraituaren indar izugarri hori dutelako darabiltzagu? Ez al litzateke ariketa ederra ederrak ez diren hitzak eta hitz-jolasak asmatzea geure amorruari adierazpide koherenteagoa emateko? Zerrenda bat egin genezake bakoitzak geure mingainari begiratuz eta garunarekin ispilu egiten ote duen edo ispiluetan bezala, alderantziz ikustera eta esatera ohituta gauden hausnartzeko. Zerrenda bat egin eta hitz batzuk ezabatu. Nola haserretu nahi dugun eta batez ere, haserrea hitz nola bihurtu nahi dugun gogoetatzeko aukera ez genuke galtzen utzi behar. Zapaldua birzapaldu beharrean zapaltzailea erabil genezake iraingai.

Gustuko gauzak esaterako unean ere ariketa bera egin genezake agian. Benetan gustuko ditugun eta baloratzekoak iruditzen zaizkigun ezaugarrien zerrenda egin genezake eta ezaugarri edo izenondo horiek erabili norbait lausengatzeko edo eskertzeko, betiko joeretako betiko esapideak erabili partez, buelta erdi gehiago eman eta mimo gehiagoz hautatu hitz poz-emaileak. Funtsean hori da gakoa, izan gaitezkeela garen baino hezitzaileagoak egunero, ekintzaro eta hitzero. Euskaltzaindiak arau gramatikalak eta gainerakoak bezala, egunera genitzakeela geuk, tarteka, geure arau dramatikalak. Ezer gutxi dugu egiteko komunikabide erraldoi iragarki eta kolorez beteen parean lehiatzeko, baina irabaz genitzake eguneroko partidak, geure buruen alde. Koherentzia (linguistikoa) ere boladan jarri, geure txikian, geure zirkuluan… eta zirkuluek badute joera zabaltzeko eta uhin efektua sortzeko, eta nork daki, beharbada guk benetan sinesten dugun hori, edo sinesten dugun hau boladan jar genezake.