28 JUIL. 2019 IRITZIA Checkinga Alaia Martin Urte osoan oporretan egoteko jarraibideak ematen saiatuko naiz. Ez geratu bezperan burua itzaltzeko telebista piztuta berandu arte, egin zortzi ordu inguru lo, jarri egunero iratzargailua ordu antzeko baina ezberdinetan eta hasi eguna lasai gosaltzen. Txigortu ogia lasai. Txigortu ogia behar duen denbora txigortzen utzita. Ez zigortu ogia, ez erre eta ez tratatu bigunegi, euts dezala duintasunez gainean jarri nahi diozuna. Zukutu laranjak. Ez zukutu laranja bat, ez konformatu txupitoarekin, gutxienez edalontziko bi. Txikitu hiru intxaur. Ez duzu gosaria erretratatu beharrik, jate hutsarekin aseko zaitu. Zigarreta autora bidean eta errautsak jakara botaz erre beharrean, erre zigarreta erabakimen osoz, leihotik begira eta loreontzietan baino, hautsontzietan aparkatu errautsak. Aukeratu lanera bidean biderako musikarik edo esataririk egokiena nor den zeure barne paisaiarako eta ez eten kantu edo albisteak bozina hotsez, norbait euforikoki agurtzeko ez bada. Erabili keinukariak errotondetan, GPSari segika hiru bira ematen dizkiezuenean bezala. Lantokiko atean autoa uzteko lekurik ez baduzu, izan ausarta eta izan turista bi kale urrunagotik-bulegora, ezagutzen ez zenuen landareren bat jarriko du agian erakusleihoan auzoko dendari bokazionalak eta usain berri baten deskubrimenduak goiza poztuko dizu. Agurtu lankideak oporretako lehen garagardoa aterako dizun barraz bestaldekoa agurtzen duzun begirunez. Egin lan zure bizitzako ordurik onenak galtzen ariko ez bazina bezala, egin zerbait interesgarria, etxera itzultzean kontatzeko gogoa sortzeko modukoa. Berotu janaria tuperrean bada ere. Jakiak prestatzeko pentsatu tipikoena zer den. Ez dena bizi behar exotiko horregatik, zentzuz eta ilusioz baizik, besterik gabe. Pentsatu zer den tipikoa zeure lurrean eta urte sasoian eta jan hori; hotz, hotz jan behar bada, edo epel gozoen hala bada, edo bero, hoztuz gero zaporea galtzen badu. Irentsi aurretik jan. Lanetik irtetean, mugikorrak proposatzen dizkizun itzuli beharreko hiru deiak egin aurretik, aukeratu etxera edo hurrengo geldialdira bitarteko musika edo esataria zeure barne ekipaiaren arabera. Mugikorra hegaldi moduan jarri edo mantendu nahi baduzu; jarri edo mantendu, normalean apokalipsiak beti dauzka pare bat minutu soberan, azken orduko aldaketa edo hobekuntza teknikoetarako, moldatuko da mundua zu gabe, alditxo batez. Etxerakoan edo tabernarakoan edo zinemarakoan edo-rakoan norbait musukatzeko ohitura baldin baduzu, emaiozu musu interruptore bat pizten ari zarenean baino pasio pixka bat gehiagorekin, piztu duzun/zaren gogoratzeko moduan. Segundo erdi bateko musuaren partez eman zenitzake segundo laurdeneko bi edo hiru segundoko bat eta estu zenitzake parekoaren masailak bi hatzez edo bi eskuz edo musua belarrian eman. Musua ohiko abiadura eta luzerakoa izango bada, eman zenezake musu hori oporretako talaia ederrenaren aurrean ematen duzun musu hori bezala. Eta horrela, egunero, gauza txiki eta handietan, bizi zintezke oporretan bezala eta harreman zintezke oporretan bezala. Oporretan bezala bizi zintezke, zeure bizitzatik oporrak hartuta bazeunde bezala bizi beharrean. Lanetik irtetean, mugikorrak proposatzen dizkizun itzuli beharreko hiru deiak egin aurretik, aukeratu etxera edo hurrengo geldialdira bitarteko musika edo esataria zeure barne ekipaiaren arabera.