18 AOûT 2019 IRITZIA Esperoan amagoia mujika Esperoan, egun handia noiz iritsiko zain. Eta beti hanka puntetan, lehenago iritsi daitekeen esperantza inozoarekin. Legedia espainolaren aurpegirik ankerrena eta mingarriena azalean sufritu arren, esperantza inozoa ez delako erabat itzaltzen inoiz, nahiz eta esperantzaren jabeak berak askotan nahiago lukeen itzaltzea. Ama kartzelan duela hazi den alaba horrek irribarrez kontatu dit «egun handi bat bizitzeko zain» daudela etxean. Ama etxera etorriko den egun horren argitan zabaltzen dituela egunero begiak. Ilunetik joaten zaio batzuetan eguna, baina beti akordatzen da bizitzeko daukan egun horrekin. Laurogei urteak gerturatzen ari zaizkion aita horri esan diot «egun handi bat bizitzeko zain» dagoela bera ere. Hala espero duela esan dit. «Nire ametsetan txarrena hori da, semea aske ikusi gabe hilko ote naizen». Gutxiago falta da. Oporretara noiz doan galdetu eta «laguna herrian ikusi arte» ez dela abiatuko esan dit emakume kartsu horrek. «Adin berekoak gara eta hark ia 40 urte darama herritik kanpo, 29 urte kartzelan. Ia gure bizitza erdia». Azken 40 urtean gertatu zaizkionak errepasatzen hasi da eta isiltasun mingarri batek irentsi du elkarrizketa. «Bertigoa sentitzen dut pentsatze hutsarekin». Osaba ateratzen denean 18 urte izango ditu neskato bizi horrek. «Eta elkarrekin sekulako parranda egingo dugu», esan du bihurri. Bera jaio zenerako osaba han zegoen, munduaren beste punta hartan. 2.000 kilometroko joan-etorria egiten du asteburu bakarrean osaba besarkatzeko. Ez omen dute ongietorririk merezi. Biktima batzuk minduta sentitzen omen dira, umiliatuak. Eta nola biktima batzuen ahotsa ozenago entzuten den eta urrunago iritsi, ba zalaparta ederra. Egun handiaren esperoan dauden denak ere biktimak dira, baina haien mina eta umiliazioa ez da hainbesterako, ezta? Biktima, umiliazioa, sufrimendua eta mina bezalako hitzak desberdinak dira, segun eta nork janzten dituen. Eta, orain, badirudi poza ere pozgarria edo kondenagarria izan daitekeela, segun eta nork janzten duen. Badira arautik aparte geratzen diren unibertso zoragarriak eta maitasuna da horietako bat, oraingoz. Urte askoren ondoren herrira etorri direnak ezin omen dira guztien bistara maitatu. Hainbeste min ematen badie, zergatik jartzen dituzte kamera guztiak horra begira? Hemen nork agintzen duen eta nork zapaltzen duen erakutsi nahi bat ez ote da... Etxean maitatzeko agintzen dute, etxean pozteko etorri direlako. Herria utzi behar izan zuten garaian, herria zen etxea... lapurtu dizkieten milaka egunekin konforme ez eta orain bizitzeko, ospatzeko, duten egun handi hori lapurtu nahi. Biktima, umiliazioa, sufrimendua eta mina bezalako hitzak desberdinak dira nork janzten dituenaren arabera. Eta, orain, badirudi poza ere pozgarria edo kondenagarria izan daitekeela, segun eta nork janzten duen