08 SEPT. 2019 IRITZIA Irrikak JOKIN URAIN Jaiek, oporretako eta herrietakoek, azkenetan izan behar dute, eta udak berea eman samarra. Sasoi ona izan liteke atzera begiratua emateko... Joanaren penaz eta etorriko denaren irrikaz jarraituko dugu hurrengoak arte, behin eta berriz ohi dugun moduan, ez dakit ohartuan ala oharkabean baina ezinbestez. Etorkizun denaren irrikan gehiago asebetetzen baikara gehienetan, gertakaria beraren bizipenean baino. Beti itxaroten dugu zerbait hobea; hurrengoa hobea izateko itxaropena dugu beti. Zapuzgarria dirudi alde batera, inoiz asetzen ez garen seinale baldin bada, baina bizipozaren adierazle ere izan liteke. Urtero ez bada ere nahiko sarri, sentipenen halako nahas-mahasak sorrarazten dizkigute hauteskundeek. Itxaroten duguna eta bozken kontaketan gertatzen dena ez dira gauza bera izaten gehienetan eta gehienentzat. Hurrengoetan konpontzeko itxaropenak sendatzen digu apur bat zaputza, eta gaitz erdi. Azkenak –Europako Parlamenturakoak, udaletxeetarakoak, Madrilerakoak...– noiz izan ziren lausotzeko adina denbora igaro da ia, eta oraindik kontuak egin ezinik gabiltzala ematen du... Eta noiz arte? Hauteskunde kanpainan entzule-ikusle soil gara gehienok, eta aurkezten zaiguna hizlarien lehia da batik bat, berriketarien nor gehiagoa, nor ozenagoa. Bozketaren ondoren argitzen denak, ezer argitzen bada, inoiz ezin ditu pozik utzi parte hartzaile guztiak. Parterik hartzen ez dutenak ere ez beharbada. Ezin ukatu, ordea, kolektiboki askoren gustu eta desioak betetzen dituztela hauteskunde emaitzek, eta zenbait gizabanakoren irrikak ase ere bai. Hiri handietaraino jo gabe, arretagarria da ikustea zer izan den herri txiki-ertain batzuetan hautagaiek kanpainan egin duten diskurtsoa eta zein izan den kargua hartu ondorengo lehen batzarrean hautatuek hartu duten erabakia. Batzuek hortxe aurkitzen dute ezkutuko irrikak asetzeko aukera, eta irrika horiek ez dira beti oso txukunak izaten. Aginte makila herriaren zerbitzurako hartuko dutela esan eta lehen erabakian norbere soldata ehuneko 25ean edo gogoa ematen dien neurrian igotzea, onenera ere adarra jotzea dela esango nuke. Adar jotze hori han-hemenka eta ugari samar gertatzen da, Olga. Eta hauteskunde batzuen nola-halako emaitzen zaputza baino okerragoa da urrutira gabe ere badabilela hamaika «herriaren izenean baina norbere gizenean». Ezin ukatu kolektiboki askoren gustu eta desioak betetzen dituztela hauteskunde emaitzek, eta zenbait gizabanakoren irrikak ase ere bai. Hiri handietaraino jo gabe, arretagarria da ikustea zer izan den herri txiki-ertain batzuetan hautagaiek kanpainan egin duten diskurtsoa eta zein izan den kargua hartu ondorengo lehen batzarrean hautatuek hartu duten erabakia.