7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Ahateak laberako bidean bezala


Azken mende honetan Holokaustoaren labea Europak jasandako sarraski handi eta odoltsuenetakoa izan da, zalantzarik gabe. Hitlerren soldadu nazien gehiegikeriak modu askotan eraman izan dira fikziora. Batzuek tragedia aukeratu dute tragedia bera kontatzeko, Spielbergek, adibidez, “Schindler’s List” filmarekin. Beste batzuek, ordea, tragedia komediarekin kontatzea nahiago: Chaplinen “The great Dictator”, esaterako, edota laster zineman estreinatuko den eta Toronton denen ahotan egon den “Jojo Rabbit”, Taika Waititiren satira, komedia nazia. Marrazki bizidunetako bi faktoria erraldoiek ere egin izan zituzten nazien gaineko ustezko satirak 40ko hamarkada odoltsu horretan. “Looney Tunes” eta Disneyk beren ahateak erabili zituzten horretarako. Umeek erraz enpatizatzen dute pertsonaia horrekin, ahatetxoarekin. Bata ahate zuria, “Donald”, bestea ahate beltza, “Daffy” (“Lucas”). O, zein maitagarriak biak, gu bezain maitagarri eta ahulak. Baina biek, naziei kritika egitea baino gehiago, Ameriketako Estatu Batuen propaganda egitea zuten helburu. Zenbat eta zenbat umek, beren guraso, izeko-osaba eta aitita-amamekin batera irentsi ote zuten lumadun ahateen gozoki ustela.

Egun hauetan ere ahateok konpultsiboki irensten ditugu gozoki ustelak. Labean sartu aurretik madaria ahoan sartzen digute. Gure telebista, irrati eta kioskoetan gailentzen diren hedabideek, hauteskunde kanpainetan bezala, gozoki ustelak ahal duten tokitik sartzen dizkigute: ahotik, belarritik, sudur zulo ala ipurtzulotik, denak balio du, gozoa baita. Izan ere, ahateena inozokeria hutsa da. Benetako karikatura hedabide handienek egindakoa da. Euskal Herrian hainbeste sufritu dugun eta oraindik pairatzen dugun bezala, Katalunian gertatzen ari denarekin gure pantailetako programazioa lotsarik eta konplexurik gabe argitzen doa. Spielbergen drama balitz bezala, egunerokoa kontatzen dutela antzezten dute. Tarteka Chaplinen grazia nahiko lukete, baina guztiz fantastikoa da haien kontakizuna. Bogan dauden telesailen antzera, thriller ukituarekin, nola ez, errealitatea eraldatu eta elur bola lez jaurtitzen diote, digute, ikus-entzule ahateoi. Jendartea kotoizko negu gozoan (eta ez gorrian) lokarrarazi nahi dute, gaituzte, esanez ez dagoela eguzki izpirik bidean, dena dela ilun, baina lasai, Estatu Aitatxok babestuko gaituela, gobernuarekin, justiziarekin, poliziarekin...

Kotoizko garaiotan ere zer irakurri, entzun eta ikusten dugun ahateon funtsezko aukera da; Ahate News ala Kuak kuak TV. Hedabide hegemonikoek burua galarazten diote, digute, gizarteari eta lumarik gabe uzten dute, gaituzte. Ustezko informazioaren hartzaileak garenokin, jeneral eta komandanteen sistemak confit de canard egiten du, platerean zerbitzatzen gaituzte oso erraz. Aspaldi, albistegi-ikuskizunetako hartzaileak makineria ustelaren ezinbesteko pieza eta produktu bilakatu zituzten, gintuzten. Egoera ilun, kaskar eta desesperagarri honetan, sukalde sistemaren piezak garen honetan, Chaplinen filmak edota “Donald” eta “Daffy” agertzen zaizkigu itxaropen bakar lez, sukaldeko slapstick komedia gara. Ahatea eta komikoaren eskuek hartuko gaituzte, etiketa itsatsita dugula paparretik kenduko dugu eta errebolta egingo dugu. Fabrikatik kalera, kaleetatik labeetara. Abiadura azkartuan gainera, garai batean pelikula mutu komikoak ikusten genituen bezala. Halaxe baikoaz, mutu eta azkarregi, labe handi baterako bidean.