7K - zazpika astekaria

Kirolari profesional izatearen zalantza, uxatzeke


Oraindik ere lehen aldiz erdietsi diren lorpen horiek ospatzen gabiltza, horiek lortzeko gainditu behar izan diren oztopoengatik. Urteak iraun dituztelako zutik oztopo horiek. Txalo zaparradek, animo mezuek edo miresmenak indartzen dute lortutako balentria hori. «Ordua zen Anoeta, San Mames [sartu hor nahi duzun estadio handiaren izena] emakumezkoen futbolari irekitzeko»; «bazen garaia Donostiako Klasikoak emakumezkoen lasterketa hartzeko»; «gizonezkoen Frantziako Tour-eko etapa baten aurretik emakumeak lehiatzeak ere mesede egiten dio emakumezkoen txirrindularitzaren ikusgarritasunari», eta abar, eta abar.

Bidezkoa dela esatea lan samurra da; baina gero, zer? Genero desberdintasuna nabarmen islatzen den edo genero desberdintasunaren bidegabekeria hain nabarmen ikusten den arlo nagusia izan daiteke kirolekoa. Eta futbolak hartzen duen dimentsioagatik, desberdintasunean bera gailentzen da baldintza minimoak urratzen.

Megan Rapinoe izar bilakatu da aurten, duela zortzi urte Alemaniako Munduko Kopan bere kalitatea agerian geratu bazen ere. Megan Rapinoerekin enpatizatu dugu, estatubatuarrek hitz egiteko duten gaitasuna miretsiz. Megan Rapinoek jarri du bidegabekeriaren adibide garbia titularretan: AEBetako futbol selekzioko emakumeek gizonezkoenak baino garaikur gehiago eta garrantzi gehiagokoak irabazi dituzte, marketin aldetik irabazi handiak dituzte, haurren erreferente dira; baina gizonezkoek baino gutxiago kobratzen dute.

Eta hor dago koska. Orain arte desberdintasuna justifikatzeko erabilitako argudioa bertan behera geratu da. Eta horrek bide eman du emakume kirolariek beren jarduna indar gehiagorekin defendatzeko. Eta badabiltza. Eta horrexek sortzen du batzuengan egonezina.

Danimarka, Norvegia edo Suediako futbol selekzioek ordainsarietan berdintasuna aldarrikatu zutenean alerta jarri ziren agintariak. Alerta bakarrik ez, Danimarkakoek ukatu egin zuten eskubidea. Futbolari gizonezkoek beren irabazietako zati bat emakumezkoen selekzioari bideratu zioten. Erabaki horrek desblokeatu zuen gatazka, emakumeek greba hasi baitzuten –ez ziren bertaratu neurketa ofizial batera eta zigorrarekin mehatxatu zituzten–. Eta paternalismoz jositako berdintasuna nahi ote dugun zalantza asko ditugu.

Ireki dira estadioak, eman zaie Klasikoa edo Tourreko errepidea emakume txirrindulariei. Oraindik, baina, emakumezkoen Giroak gizonezkoen Tourraren itzalpean jarraitzen du, telebistarik gabe, ikusgarritasuna oztopatuz. Estatu espainoleko futboleko ligan telebistako eskubideei dagokienez atzerapausoak eman dira, gainditu zen oztopoari trabak jartzen ari dira, baldintza minimoak bermatzea oso konplikatua den gauza dela sinetsarazi nahi izan digute futboleko aurreneko akordioa negoziatzen egon direnean.

Espainiako eskubaloiko selekzioak zilarrezko domina irabazi du Munduko Txapelketan eta Espainiako ligako jokalari erdiak baino gehiago amateurrak dira. Hauek ere hasi dira beren eskubideen defentsa tinkoan –Bera Berako jokalari guztiak sindikatu batean afiliatu dira–.

Emakume eta kirolari profesional izatearen zalantzak hor jarraitzen du 2019. urtean ere. Aurreneko aldiz zalantza hau uxatzen denean egongo da zer ospatu.