16 FéV. 2020 IRITZIA Eskelak zenbatzen GALDER PEREZ Gure etxeko zaharrenek, hildakoak zenbatu beharrean, eskelak kontatzen dituzte. Kontatu, ipuinak bailiran. Zenbatu, aste eta egunak bezala. Txikitan ikasi genuen zenbatzen; handitan, kenketak egin behar ditugu, antza denez. Betiko kendu eta ezabatu… Dena ez dira zifrak, baina zenbakien hoztasunak mina erraztu dezake, beharbada. Whatsapp bidez heriotza baten berri izan nuenean, sekulako hotzikara sentitu nuen: mezu tragikoa jakinarazteko aukeratutako bidea ezin hotzagoa iruditu zitzaidan. Lehenengo aldian, txarto; bigarrenean, tira eta, hamaikagarrenean, malkodun emojia eta aurrera.. Dena dela, oraindik gehienontzat oso gauza bortitza da heriotza, naturalizatu eta barneratu gabekoa. Esango nuke emojirik ere ez duela. Ala bai? Emojiak gora eta whatsappak behera, jendartean heriotzak tabu izaten jarraitzen du, baita Dama Beltzaren bisita gero eta gertuago duten pertsona horientzat ere. Horregatik, edadeko jendeak bere estrategiak ditu hildakoak naturalizatzeko edo heriotzaren gertaera saihetsezina desdramatizatzeko. Heriotzaren une hori gero eta gertuago dutenak saiatzen dira gero eta gehiago naturalizatzen edo beraien egunerokoan goxoki sartzen, behin whatsapparekin eta Lasexta moduko hedabideekin egin zuten bezala. Horregatik, hildakoak beharrean, eskelak zenbatzea nahiago dute. Eta oso esaldi xelebreak ateratzen dira horrela, bazkaltzeko orduan: «Aste honetan hiru eskela, aurreko astean baino bi gehiago, hau da martxa!». Martxa, heriotza eta eskela: hori da hori, mila erpinetako triangelu potentea. Heriotza naturalizatzeko saiakerarik egon badagoela dirudi. Baina eskelak, berriz, oso gutxi berritu dira. Sormena falta da egunkarietan, behingoagatik bada ere, pertsona ezezagunak protagonista izateko aukera duen horretan; idatzizko azken agurrean formula ezarriak daude, irudi eta sinbolo tipikoak eta horiek guztiak behin eta berriz errepikatu egiten dira heriotza errepikatzen den bezala, emojiek ematen duten aukera itxia bezala, hau, hori, hura eta kito, c’est fini, kaput, agur Ben Hur, ez duzu jango gehiago jogurt. Hala ere, ondo pentsatuz gero, eskelak gehiago landuko balira, pena litzateke hildakoek hil aurretik eskelak irakurtzeko aukerarik ez edukitzea, ezta? Azken gutun modukoak dira eskelak, eta mundu honetatik joan aurretik lerro horiek irakurtzeko eskubidea izan beharko genuke. Azken hatserako azken hitzak. Baina heriotzaren aurrean ditugun eta, batez ere, ez ditugun eskubideez berba egitea heriotza bezain iluna dirudi, eta inork gutxik eman nahi dio argia bide horri, heriotzaren aurreko eta bizitzaren atzeko eskubideei. Imajinatzen dut ni ere inoiz heriotzak eskelaka zenbatzen hasiko naizela. Baina oraindik hori egiteko koldarregi sentitzen naiz, heriotzak berak edo, hobeto esanda, Heriok sekulako beldurra ematen baitit. Hain da handia beldurra, ez baitakit nola ahal izango dudan eskelak zenbatzea afizio bihurtu duten horien eskelak irakurri. Edo are okerrago, idatzi. Azken gutun modukoak dira eskelak, eta mundu honetatik joan aurretik lerro horiek irakurtzeko eskubidea izan beharko genuke. Azken hatserako azken hitzak. Baina heriotzaren aurrean ditugun eta, batez ere, ez ditugun eskubideez berba egitea heriotza bezain iluna dirudi.